Showing posts with label zientzia. Show all posts
Showing posts with label zientzia. Show all posts

Tuesday, November 11, 2008

Mars Phoenix, goian bego



Mars Phoenix zundaren twitterraren berri eman genuenetik luze izan ez bada ere, gaurkoan Marten dagoen (eta betiko egongo den) zundaren agurraren berri eman beharrean gaude. Marteko ipar polora negua iritsi da eta emeki tenperaturak beheruntz joango dira , negu gorriko -128ÂșC arte. Berogailuak martxan jartzeko beharrezko duen eguzkirik gabe Phoenix izoztu eta atal elektronikoak kraskatu egingo zaizkio, udaberrian berpizteko aukerarik gabe geratuz.

Twitterreko mezuak jarraitu duzuenok jada honen berri izango zenuten, bai eta une honen zain egonere. Izan ere, azken asteotan bere hilartitzaren bila egindako lehiaketaren berri eman digu:


Not everyone gets the chance to read their own epitaph(s). So many great entries, I feel so loved :-) The winners: http://tinyurl.com/5myfz6

Bere egoera kaskarraren berri eman digu,

The team has me on extreme "bed rest" to recharge power supply. There's cautious optimism about pulling out of this in a few days.

agurrak luzatu dizkigu

@PhotoMomT Alex, it's very unlikely I'll wake up next spring (see: http://is.gd/6tkx) but if I do I'll call home. Good luck w/ your project


eta azkenik bere heriotzaren baieztapena:

[From Phoenix mission ops: Phoenix is no longer communicating with Earth. We'll continue to listen, but it's likely its mission has ended.]


Goian bego uda hontan Martera iritsitako robota. Hiru hilabete iraun beharrean, lanean bost eman zituena, Marten ura dagoela baieztatzen duten frogak bilduz.

Gure agurrik beroenak.

Iturriak: Phoenix twitterren, agurra Gizmodon, zehaztapen gahiago Ojo Cientifico-n, NASA-n misioa bukatutzat ematen dute.


Gehigarria: Baiezkorrak zaretenok (arrazoi guztien gaindiko baiezkortasuna duzuenok , agian) Marteko datorren udaberrian Phoenixen mezuen zain egon zaitezkete. Marten sasoiak Lurrekoen bi halako irauten dutenez, urte osoa itxoin beharko duzue (udaberria 2009-ko Urriaren 27-1n hasiko da).

Gehigarria 2 (frikikeri apur bat): Auskalo, hemendik ehunka urtetara, Enterprise espazio untziak "Phnix" izeneko adimen batekin topo egin lezake, bere Twitterreko jarraitzaileekin berriz hitz egin nahian dabilena. Auskalo.

Ondo lo egin, Phoenix.


Sunday, October 26, 2008

Mikroberriak: Bananak urdinak dira.

Bai, agian zuk ez zenekien (eta harrigarria badirudi ere zientziak orain arte ez omen zekien), baina bananak urdinak dira.


Baina lasai, ez gaitezen daltonismoa detektatzeko testak egiten hasi, ez bait da daltonismo arazoa. Izan ere, banana guztiak ez dira urdinak. Banana helduak besterik ez. Baina sukaldera bazoaz eta saskian dituzun banana helduei so egiten badiezu, betiko kolore horia ikusiko duzu, betiko orban beltz eta marroiekin. Saia zaitez orain denok poltsikoan daramagun argi ultramorearekin. Bai, argi ultramorearekn banana helduak urdinak ikusiko dituzu orain. Bitxia?

"Fruta heldu guztiek izango dute kolore urdina argi ultramorearen azpian", entsatuko duzu. Ba ez omen da horrela. Badirudi bananekin bakarrik gertatzen dela trukoa. Eta zer dela eta egiten dute bananek horrelako bitxikeria? Zientzia poliki poliki doa aurrera, eta oraingoz horretarako erantzunik ez badauka ere, hipotesiak ez dira falta. Oxidazioa ekiditen duten molekulek sortzen duten efektua agian, intsektu zein beste animali fruitazale gautarrak erakartzeko sistema agian... Auskalo. Baina trukoa ona denik ezin uka daiteke.

Iturria: New Scientist.



Saturday, October 11, 2008

Morroi gaiztoek neskak eramaten dituzte

Bagenekien, baina noski, eguneroko bizipenek eskeintzen diguten jakituria ez du zergatik errealitatearekin bat etorri behar. Baina badirudi oraingoan bat etorri dela. Denen ahotan egon da, betidanik, baina jada ez da soilik mutiko zintzook emakumeekin izan dugun arrakasta eskasa justifikatzeko aitzakia. Morroi gaiztoek eramaten dituzte neska guztiak.




Japonian egindako Human Behaviour and Evolution Society biltzarran aurkeztutako ikerketak hala erakusten du behintzat. Esandako ikerketan Hiruko Iluna (ez, ez du PNV-EA-EB hirukoarekin inongo zerikusirik) eta sexu jarrerak aztertzen zituen. Hiruko Iluna kontzeptuak kaleko hizkeran "morroi gaiztoa" deitzen dugunaren psikologia arloan darabilten sinonimoa litzateke eta hiru nortasun ezaugarri biltzen ditu, hots, nartzisismoa (norberaren ganako gehiegizko amodioa), sikopatia (edo jokabide antisoziala eta) eta makiavelismoa (ingurukoen engainatzea eta manipulazioa). Nortasun ezaugarri hauek, test batzuen bidez, pertsona batzuen sexu ohiturekin matematikoki erlazionatu ziren (bikote kopurua eta harreman laburrak edukitzeko joera, beste batzuen artean). Emaitzek herri jakituria baieztatu zuten, hots, Hiruko Hilunaren ezaugarrietan puntuazio altuagoa zutenek bikotekide gehiago edukitzeko eta harreman laburrak izateko joera handiagoa omen zuten. Bitxia, korrelazio hau, gainera, gizonengan ematen dela bakarrik.

Joera hau, gainera, kulturaz gainekoa dela dirudi, izan ere, kultura faktorea kontutan hatzen duten beste ikerketa batzu ere emaitza hauekin bat datoz.

Nartzisismoa, sikopatia eta makiavelismoa berez gizarte batentzako kaltegarriak diren ezaugarriak, giza populazioan zergaitik diraute azalduko luke aurkikuntza honek. Izan ere, abaintailarik eduki ezean, laister desagertuko liratekeen ezaugarriak lirateke. Azalpena ez dago erabat itxia, izan ere oraindik ez bait dakigu zer dela medio hiru ezaugarri hauek diren hain erakargarriak H. sapiens espezieko emeentzako, ez eta zergatik ezaugarriok ez diren populazioan gehiako barreiatu.

Bitartean, emakumeak erakatzeko ahalmen negatiboa dugunok badugu kontsolatzerik, izan ere, esan dezakegu burusoil, lodi, argalak, itsusi zein aspergarriak, bahintzat ez garela ez narzisistak, ez sikopatak eta ezta makiabelikoak ere (ligatzeko estrategia bezala balioko ote du argudio honek?). Hau kontsolamendua.

Iturria: New Scientist.



Tuesday, September 30, 2008

Jarrai ezazu Mars Phoenix-en bizipenak Tartaloren Ikusmiran

Aurrerantzean Mars Phoenix-en bizipenak eta aurkikuntzak jarraitu ahal izango dituzu zure blog kuttun honetan. Eskuineko zutabeko goiko aldean, Eguneko Astronomia Irudiaren gainean, Mars Phoenix-ek Twiterren kaleratutako azkenengo sarrera ikusi ahal izango duzu.

Denak dira abantailak Tartaloren Ikusmira irakurtzen dutenentzako! (eta bide batez, zientzia kazetari frustratu baten bihotza poztuko duzu).

Phoenix-ek elurra ikusi du marten

Eta hala jakinarazi digu Twitter-en bidez. Zoragarria, elurra marten, Phoenix errobotak ikusi eta Twitter-en "argitaratu" duena. Ederra izan behar du marten elurra nola egiten duen ikustea, ondoan errobota lagun duzularik.


Iturria: Microsiervos.

Thursday, September 11, 2008

LHC zuzenean ikusteko aukera

LHC barrutik nolakoa den jakinminez bazabiltza, LHC Compact Muon Solenoid Experiment Webcams webgunea bisitatu dezakezu. Bertan bi webcam daukagu instalazioak eta zientzilarien lana uneoro zuzenean jarraitzeko.

Iturria: Microsiervos.

Wednesday, September 10, 2008

Mundua suntsitu dugu?

Kitto. Gertatu da. LHC piztu eta gertatu da gertatu behar zena. Ia argiaren abiaduraraino azeleratutako protoiak (New Scientist) bira osoa eman diote 25 kilometrotako ibilbideari, kolimatzailearen aurka zanpatu eta hainbat partikula sortu dituzte, espero bezala eta zientzilarien gozamenerako. Ez zulo beltzik, ez munduaren amaierarik, dokumental, egunkari, blogari eta abar (adibide larria) sentsazionalista baten lotsarako harridurarako lasaitasunerako negoziorako.

Protoien talkaren emaitza

Ba hori, orain lasaiago bizi garela, mundua ez duelako, dokumentalak erakutsi zigun bezala, zulo beltz handi, beltz (noski) eta itsusi batek irentsi. LHC proiektukoak gu lasaitzen saiatu ziren suntsipena gertatzeko ze aukera gutxi zegoen era xumean azalduz, (Genciencian era xumeagoan laburbildu zutena) baina egia esan behar badugu, nori axola zaio fisikari talde batek dioena? Zertarako testu konplexu, aspergarri eta marrazki, letra larri eta animaziorik gabekoak irakurri?

Bestalde, baliteke LHC-k zulo beltz bat sortu izana, eta gu guztiok xurgatuak izatea. Baliteke ere gu hortaz ez ohartzea, eta El Sexto Sentido filmean bezala, orain, gu guztiok zulo beltzaren barruan egotea. Azken finean inork ez daki zulo beltz baten barrua nolakoa den.

Baina lasai, azken finean, irratiek esan ez digutena (nik dakidanez behintzat) zera da, munduaren suntsipena ekar lezakeen esperimentua ez dela oraindik egin (irailaren 21 inguruan izango omen da). Bai, LHC-a martxan jarri da, baina protoien arteko talka oraindik ez da egin, eta ondorioz, ezin izan da lurra (eta inguru hurbilak) irentsiko lituzkeen zulo beltza sortu (gomendagarria da oso LHC-ri buruzko La Hora Cero bloga jarraitzea).

Hala eta guztiz ere, oraindik ziur ez bazaude, mundua suntsitu ote den hemen galdetu dezakezu. Apur bat ezezkorra bazara, unibertsoaren suntsipenari buruz ere galdegin dezakezu beste gune honetan. Nik begiratu dut jada, baina ez dizuet erantzuna esango.

Ongi ibili.

Sunday, May 25, 2008

Zelulan sartu nahi? Aurrera!


Lan arrazoiak direla eta ez dut aukerarik izan azken bi hilabeteotan ezer idazteko. Zoritxarrez egoera hau beste hilabete pare batez luzatuko bada ere, ezin izan diot ondoko bideo zoragarria hemen jartzeari uko egin.

Bideoan, inoiz ikusi ez dugun bezala, zelularen prozesuak hurbil hurbiletik ikusteko parada daukagu. Agertzen diren prozesuak gaur egungo ezagutza isladatzen badute ere, kontutan hartu behar dugu gauzak nekez horrela ikusiko liratekeela errealitatean. Izan ere, argiarekin lortu daitekeen erresoluzio handiena 200 nm ingurukoa da eta proteinak nanometro edo hamarka nanometroen eskalan daude ( ikus hemen ).

Beraz, ikusten dena moldaketa bat dela kontutan hartuz, goza dezagun bideo zoragarri honekin erresoluzio baxuan edo altuan.

Gauza bakoitza zer den jakin nahi izanez gero, hemen daukazue aurreko bideoa, baina azalpenekin.

Iturria: Studio daily.

Saturday, March 08, 2008

Hauteskundeen matematikak


Interesgarria oso hauteskunde espainiarren inguruko matematikak azaltzen dituen bideoa (azalpena azal azalekoa bada ere). Bitxia ere bai, ez bait nuen D'Hont-en legea ezagutzen. Honen arabera bozka gehien jaso duten alderdiak dira onura gehien ateratzen dutenak, baina aldi berean eskualde gutxitan aurkeztu diren alderdiak dira sarituak. Azkenik, esatariak berak dioen bezala, matematikek ez dute errealitate soziala aldatzen, baina, nik gehituko nuke, matematikek errealitate hori sistema demokratikoan nola isladatzen den zehazten dutela.




Iturria: TecnologĂ­a Obsoleta.


Sunday, February 24, 2008

Giza eboluzioaren onarpena/ukapena



Goian ikus dezakezuen grafikak zeharo larritu egin nau. Science aldizkariak 2006. urtean argitaratutako lan baten zati da, zeinean hainbat herritako populazioak eboluzioarengan duen iritzia aztertzen zen. Hain zuzen ere honako adierazpena luzatu zitzaien: "Gizakia, gaur egun ezagutzen dugun bezala, aurreko animalietatik garatu da". Goiko irudia osatzeko hiru erantzun posible aztertzen ziren: "egia", "gezurra" eta "ez dakit". Grafika sinple honetatik hainbat ondorio atera balitezke ere, ni analisi xalora mugatuko naiz. Lanaren analisi sakonerako, berriaren iturrira jo dezakezue (nola ez, lana irakurtzeko ordaindu behar. Gora ezagutza zientifikoaren kapitalizazioa!).

Lehenengo ondorioa, ikusgarria izanagatik, Estatu Batuek (Berria aldizkarian idatziko luketen bezala, AEBk) lortzen duten emaitza. Estatu batuarren %40 giza eboluzioaren aurka dago. Beste ehuneko %40 ados, eta %20k ez daki. Hots, AEBko populazioaren %60k ez du eboluzioa ontzat hartzen! Ikerketan agerturiko herrien artean Turkia dago soilik bere atzetik. AEBk mendebaldeko kulturaren esportatzaile nagusiak direla kontutan hartuz, kezkatzekoa delakoan nago. Eta nola bateratu lan honetako emaitzak munduko zientzia potentziarik haundiena izatearekin? Bizitzaren komeriak...

Bigarren, Espainiako emaitzak. Lehenengo begirada batetan nahiko emaitza onak dirudite, izan ere (lehenengo pertsona erabiliko dut Euskal Herriko emaitzak bertan sartuak daudela suposatzen bait dut) zerrendako lehenengo herenean kokatzen bait gara, Belgika eta Alemania bezalako herri garatuen artean. Baina zenbakietara so eginez, ikus daiteke gutxi gora behera populazioaren %25 ez duela gizakiaren eboluzioa onartzen (aurka daudenak eta ez dakitenak batzen baditugu). Biztanleen laurdena! Zure inguruan dauden lau gizasemeetatik bat! Ez ahal da hori larritzekoa?

Orain gutxi arte ez nuen inolaz ere pentsatuko ondoren esango dudana azaldu behar zenik ere. Baina badirudi oraindik ere beharrezkoa dela argitzea eboluzioaren teoria dauden teorien artean sendoenetarikoa dela. Edo sendoena agian. Erlatibitatearen teoria baino sendoagoa dela ere esango nuke (irakurleen artean fisikaririk balego, bere eritzia jakitea gustatuko litzaidake, baina baita beste edonorena ere, noski). Etengabe aberastuz doana, etengabe komunitate zientifikoak eztabaidatua, etengabe berrikusia. Baina beti baliogarria. Orain arte behintzat. Baliogarria ez dela ikusten denean/baldin bada orduan jarriko dira zientzialariak lanean teoria osoago baten bila. Horrelakoa da zientzia.


Iturria: Microsiervos.

Thursday, January 24, 2008

Hizkuntza gutxituak eta fisika kuantikoa

Eguzkia eta izarrak Micmac tribuaren petroglifoan

Hainbestetan entzun dugu eta entzun beharko dugu euskaldunok holako edo antzeko hitzak "aprender eusquera para que?" erdaldunen ahotik. Nahi nukeen erantzun objetibo eta atzera-bota-ezina ez dut inoiz izan, nire ezinegonerako (nirea bezalako garun zientifiko erradikalarentzako subjetibotasuna ez da erantzun erosoa). Hizkuntza gutxituen balioa defendatzea zaila da artea eta kulturaren inguruko balioari buruzko kontsentsurik ez dagoen garai hauetan.

Eboluzioaren ikuspuntu batetik, barietate genetiko eza desagerketaren bezpera da. Horren arabera, gizarte homogeneo bat, hizkuntza, artea kultura eta ideien ikuspegitik, bizirauteko aukera eskaxak izango lituzke. Baina biologian demostratua izan dena, gizartean espekulazio hutsa litzateke eta espekulazioa argumentu pobrea da oso.

Nire zorionerako urtarrileko New Scientist aldizkarian hizkuntza gutxituak eta fisika teorikoa lotzen dituen artikulua topatu nuen. Niels Bohr fisikari apartak honela laburtu zuen aspaldi: "Fisikaren betebeharra natura ikastea dela okerra da. Fisikak aztertzen duena naturari buruz esan dezakeguna da".

Pasadizo baten bitartez ulertu daiteke hobe ideiaren gakoa. Heisenberg fisikari bikainak 1925. urtean mekanika kuantikoaren ateak irekiko lituzketen oinarrizko ekuazioak garatu zituenean, berehalako ondorioetariko bat ziurgabetasun printzipioa izan zen. Honen arabera ezin dugu elektroi baten abiadura eta posizioa batera zehaztasunez jakin. Heisenberg-ek emandako analogia intuitiboa ondokoa litzateke; Imaginatu elektroi bakarra ikus dezakeen mikroskopioa, fotoi bakarra erabiliz. Elektroiaren kokapena ikusteko fotoi bakarra erabiltzen da. Ondoren beste fotoi baten bidez abiada neurtzen du. Baina fotoi honen bultzadaren ondorioz, elektroiaren posizioa aldatu egiten da. Azkenean, bata hala bestea, abiadura hala posizioa jakin dezakegu, baina ez biak batera. Heisenbergek bere maisua zen Bohr fisikari apartari azalpena ematean, azken honek ez zuen oso begi onez ikusi, izan ere Heisenbergen interpretazioaren atzean elektroiak billar bolen antzekoak zirelaren ideia bait zegoen. Bohr-en arabera ideia klasiko hauek ez dute zertan mekanika kuantikoaren mundua isladatu behar. Elektroiek ez dute zertan posiziorik ez eta abiadurarik izan behar. Aldiz, guk ulertu ditzazkegun kontzeptuak erabiltzen ditugu, errealitatearekin zerikusirik zan ez ditzazketenak. Fisikaren oinarrian hizkuntza eta pentsatzeko moduarekin lotuak dauden asumitzeak bait daude.

1992. urtean David Bohm, David Peat eta gaur egungo beste zenbait punta puntako fisikari batzu "oinbeltz", Micmac eta Ojibwa tribuetako jakitunekin elkartu ziren, algonkiar familiako hizkuntzen berezitasunak ikasteko. Zientzialari hauen harridurarako, indiar hauen hizkuntzek, eta hizkuntza hauen muineko kontzeptuek, askoz hobe isladatzen zuten mekanika kuantikoaren mundua ingelera eta oro har edozein europar hizkuntzak baino.

Artikulua honako esaldiarekin bukatzen da: "Beste motatako hizkuntzen ikasketak munduaren bestelako ikuspegietara irekitzen gaitu, kosmosari buruz hitz egiteko era osagarrietara irekitzen gaitu. Honela irekitzeak aurrera jarraitzeko inspirazioa eman liezaioke fisikari".

Ezer gutxi daukat esateko, aurreko esaldiak nire ideiak ongi baino hobeto laburtzen bait ditu. Hizkuntz ezberdinetan, ideia ezberdinetan, kultura ezberdinetan, ikuspegi ezberdinetan, arazoei konponbide ezberdin eta hobeak emateko gakoa egon daiteke.

Iturria: New Scientist.

Gehigarria: Gaur bertan jakin izan dut Eyak hizkuntza hitz egiten zuen azkenengo gizasemea zendu dela. Teoria bateratua lortzeko aukera galduta? Minbizia sendatzekoarena agian?

Sunday, January 13, 2008

Bioerregaiak zalantzan jarrita.

bioerregaietarako geratzen den azalera

Bioerregaien irtenbidea zalantzatan jartzen duten ikerketak kaleratzen ari dira. Hauen arabera, erregai klasikoak ordezkatzeko ez dago sail nahikorik, ur nahikorik eta beharrezkoak diren ongarrien erabiltzeak aurreztutako CO2-a baino kontaminazio handiagoa sortuko luke.

Bisbalen antzera, hots, komunikabide klasiokoetan agertzearen poderioz, toki egin dute gure egunerokoan bioerregaiek (bitxia da blogosferan moda hauen frekuentzia oso bestelakoa dela...) azken aldi honetan (nahiz eta gaia batere berria ez den). Bioerregaien erabilerak atmosferara isurtzen den CO2-aren murriztea ekarriko omen luke. Eta jakin badakigu, Gore jaunak irakatsi digulako, gizakiaren ekintzek igorritako CO2-a dela beroketa klimatikoaren arrazoia.

Bioerregaien erabilpenak erregai mineralek hainbat CO2 sortzen dute (bai, lehen esandakoarekin kontrajarria dago, antza). Aitzitik, bioerregaiaen ekoizpenak atmosferako CO2-a murriztu egiten du. Izan ere, bioerregaiak landareetatik ekoizten dira, eta landareek, hazteko, atmosferako CO2-a hartzen dute. Honen ondorioz, bioerregaiak "karbono neutroak" dira, hau da, egotzitako hainbat karbono xurgatzen dute, teorikoki. Teorikoki diot ekoizpen prozesuan galerak daudelako (entropia madarikatua). Oro har, baina, petroleotik ekoiztutako erregaiak baino CO2 gutxiago isurtzen dute bioerregaiek (%60-%80 gutxiago, batzuen aburuz).

Baina guzti honi buelta emango lioketen ikerketak kalean daude. Ikerketa hauen arabera, erregai fosilak ordezkatzea ez litzateke bidegarria, alde batetik, eta bioerregaien erabilpenetik sortutako kontaminazioak CO2aren murrizpena gaindituko luke. Ikus ditzagun argumentuak.

1) Erregai fosilak ordezkatzeko ez dago sail nahikorik. Bioerregaietarako erabiliko diren landareeen ekoizteak Lurreko nekazaritzaren %1 suposatzen du jada. Zientzilari batzuen aurreikuspenen arabera, lurreko mapa batetik abiatuz, landarako egokiak ez diren lurrak, jada landatuak daudenak, basoak basamortuak, mendiak etabar kenduta, Argentinak duen azalerako lur saila besterik ez litzateke geratuko, erregai klasikoak ordezkatzeko guztiz urria.

2) Erregai fosilak ekoizteko beharrezkoak diren landareak hazteko ez dago ura nahikorik: Zenbait aurreikuspenen arabera erregai fosilen %50 ordezkatzeko 4000-12000 Km3 ura beharko lirateke. Kantitate izugarria kontutan hartuz gure planetako ibai guztiek 14000 Km3 ur daramatela urtero. Aurreikuspenak aurreikuspen, baina gaur egun jada Lurreko zonalde askotan landetarako ur eskasia dago jada (Txinan adibidez).

3) Bioerregaiak ekoizteko beharrezkoak diren landareak hazteko erabilitako ongarriek oxido nitrosoa egotziko lukete atmosferara, CO2 -a baino askoz abilagoa negutegi efektua sortzen. Izan ere, ongarrietan dagoen nitrogenoaren %1 eta %2 tartean atmosferara isurtzen da oxido nitriko moduan zuzenean. Era ez zuzenean ere oxido nitrikoa isurtzen jarraituko da, behin nitrogenoa uraren zikloan sartuta. Oxido nitrikoaren isurketa kontutan harturik, bioerregaien onura zalantzan jarri zuen Paul J. Crutzen nobel saridunak orain gutxi kaleratutako artikulu zientifikoan.

Guzti honetatik ze irakaspen atera dezakegu? Bioerregaien onura guztiz zalantzagarria da. Bost axola politikari zein kazetariek ziurtasun osoz behin eta berriz errepikatutako leloak. Benetako irtenbideak eta benetako arazoen bila bagabiltza zientziari utzi beharko diogu lan egiten. Bai, politikari eta abarren menpean egongo da hein batean, baina zientzia zapalgailua (apisonadora mugako euskaldun berriontzat) bezalakoa da. Astuna, motela, eta efizientzia eskasekoa, baina azkenean beti bere lana egiten duena.

Bioerregaiei buruz gehiago jakiteko: Wikipedia.
Iturria: New Scientist.

Izardata 20070124: Genciencian eta El Mundon irakurri daitekeenez britaniar parlamentuak Europar Batasunari bioerregaiak alde batera uztea eskatzen dio, hauen inguruan dauden kezkak direla eta (zientzilariren bat egongo ahal da ekimen horren atzean? Auskalo). Gencienciak ere, orokorrean aldaketa klimatikoaren aferaren inguruan nahiko ortodoxoa izan dena, gaiaren inguruko sentsazionalismoaren aurka egiten du. Gauzak aldatzen ari ahal dira?

Wednesday, January 02, 2008

Denbora desagetuz doa...


Azkeneko behaketen arabera unibertsoaren espantsioa azkartzen ari omen da. Azalpen berri baten arabera, denbora litzateke moteltzen ari dena, azkenean desagertu arte.

Behaketek erakusten omen dute supernobak gero eta azkarrago urruntzen ari direla batzuk besteengandik (sakontzeko, hemen). Unibertsoaren espantsioaren bizkortze honen arrazoitzat "energia iluna" hartua izan bada, oraindik ezin izan zaio azalpen egokirik eman energia horri. Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek plazaratu behar duen lan batean azalpen berria ematen zaio espantsio azeleratu honi. Azalpen berri honi buruz ez da espantsioa bizkortzen dena, baizik eta denbora, moteltzen ari dena.

Era xumean azalduta, talde honek espaziodenboraren soken modeloan du oinarria (modelo espekulatiboa, guztiz onartu gabekoa oraindik, azalpen sakonagoa ingeleraz). Modelo honen arabera unibertsoa membrana ("brana" deritzona) baten azalean dago mugatua. Brana hauek hainbat dimentsio eduki ditzazkete (10, 11 edo 26, adibidez, teoria konkretuaren arabera). Gure branak adibidez hiru espazio dimentsio dauka eta denbora dimentsio bakarra. Beste brana batzu denbora dimentsio gehiago izan ditzakete, edo bat ere ez. Gauzak apur bat zailtzeko, dimentsio hauek denborarekin alda daitezke, espazio dimentsioak denbora dimentsio bilakatuz edo alderantziz. Eta hori da hain zuzen gu gauden branari gerta lekiokeena. Izan ere gerta liteke gure branan, denbora dimentsioa pixkanaka espazio dimentsioa bilakatzea. Hau horrela balitz, gainontzeko branak ikustean, bertan ematen diren fenomenoak azkartzen ari direlaren antza hartuko genuke, aldiz, gertatzen ari dena gure denboraren moteltzea delarik. Desagertu arte.

Azalpen bitxia, interesgarria edo dena delakoa izateaz gain, bere arazoa ere badauka. Lehenik eta behin soken modeloa ez dago guztiz onartua. Bestalde, espantsioaren bizkortzea ongi azaltzen badu ere, ez dago momentuz teoria honek baieztatu lezakeen beste predikziorik.

Niri behintzat guzti honekin ikusmina sortu zait. Izan ere, zer gertatuko litzateke denbora dimentsioa desagertuko balitz? Dena "izoztuko" litzatekeela erantzun agerikoa bezain sinplea litzateke. Nola litzateke orduan? Eta guk denbora galdu badezakegu, beste branek denbora dinmentsio estrak izan dezakete adibidez. Nola litzateke espazio dimentsio bakarra eta hiru denbora dimentsio edukitzea? Ni zorabiatzen hasi naiz. Ze uste duzue zuek?

Iturria: New Scientist.

Friday, December 28, 2007

Nola dakite itsuek gaua ala eguna ote den?

Argia sumatzeko beharrezkoak diren zelulak ez dabiltzanean ere, zenbait itsuk eguna edo gaua den jakieko ahalmena du. Nola daieke?

Itsu sakonek, ezertxo ere ez ikusteko gai direnak, bere bizi erritmoa, gau-egun zikloa (ziklo zirkadianoa deritzona) eguzkiarekin egokituta daukate. Jakin badakigu, esperimentuak egin izan direlako, eguzkiaren argirik gabe (kobazulo batean asteak egonez, adibidez) ziklo zirkadiarra gutxinaka gutxinaka luzatuz doala, hau da, ordu luzeagoak ematen dituztela lotan zein esna. Baina argia detektatzeko erretinako zelulak ez dabitzanean, argia ezin ikusi, eta ondorioz kobazulo batetan bizitzea bezalakoa litzateke. Nola egiten dute baina eguzkia sumatzeko? Ikus dezagun, bada, laburki, begiaren funtzionamendua.

Irudiaren iturria: Astro Surf.

Begia kamera baten antza izugarria dauka (ala aldeantziz esan beharko?). Aurrekaldean (ikus irudia) argia sartu eta enfokatu egiten da irisa eta kristalinoaren bidez. Fokatutako argi honek betsarean (erretinan) jotzen du, begiaren atzekaldean, kamera digitaletan sentsorea litzatekena. Betsarea geruza ezberdinez satuta dago. Geruza sakonena pigmentuari dagokio. Hurrengo geruza, begi niniatik hurbilago, argia sumatzen duten zelulaz osatuta dago, konoak eta makilak. Hauek gabe ezin argirik ikusi. Hurrengo bi geruzak neuronaz osatuta daude, bertan ikusmenaren prozesamendu haundia ematen delarik. "Tarteko geruza" eta "erretinako zelula ganglionarrak" geruzen atzetik begi nerbioa dago, begiko neuronen informazioa zuzenean garunera bidaltzen duena.

Kono zein makila funtzionalik ez duena, arrazoia edozein dela ere, itsu sakona da. Baina arestian esan bezala, itsu sakon hauek, nolabait, eguzkia izpiak sumatzeko ahalmena daukate, ziklo zirkadiarra bere berean mantenduz. Jakina zen laborategiko animaliean, eta orain gizakietan frogatua izan da, neurona ganglionarrak argi urdina sumatzeko gai direla. Esan beharra dago zelula ganglionar hauek kono zein makilen inongo antzik ez dutela, lehenengoak neuronak dira, informazioa prozesatzen jaioak, bigarrenak argi izpiak jasotzeko espezialduak. Neurona ganglionar hauen %3 ak melanopsina izeneko pigmentu fotosentikorra dauka, eta ondorioz argia sumatu eta garunari jakinarazteko gai da.

Horrek azalduko luke adibidez, zientzilarien arabera, zergatik osasun zein estetikagatik begiak kentzen dituztenek (bai, niretzako ere gore da oso) lo egiteko arazo larriak edukitzea.

Edozein kasutan, zelula ganglionarrek mezua garuneraino bidali behar badute nerbio optikoak sano egon behar du, eta ondorioz itsutasun mota guztietan ez dela emango suposatzen dut. Beste zenbait galdera ere sortzen zaizkit. Adibidez, nerbio optikoaren gaitzengatik itsuak direnak ere lo egiteko arazoak dauzkate? Eta retinako eritasunetan (diabeteak eragindako retinopatian, adibidez)? Lo egiteko arazoak zenbait kasutan argi urdina sumatu dezaketen neurona ganglionar hauen gaixotasunei sor ahal daiteke?

Galdera guzti hauek alde batera utzita, ikus dezaketen beste itsu batzu etorri zaizkit burura. Itsu hauek ederki dauzkate bai begiak, bai nerbio optikoa, baita ikusmena prozesatzen duten garuneko atalak (. Aitzitik, irudiak prozesatzen dituzten garun atal hauen eta ikusmenaren konstzientzia sortzen dutenen arteko konexioa hautsita dago. Horren ondorioz ikusen dute (azkar hurbiltzen zaien pilota saihesteko gai dira), baina ez dira ohartzen, ez dira kontziente, itsuak dira.

Iturria: New Scientist.

Sunday, December 09, 2007

Igel emeek beste espezieko arrak dituzte nahiago


Espezie ezberdinen arteko ugalketa (hibridazioa) ebolutiboki zigortuta izan ohi da. Igel espezie batek, berriz, beste espezie batekin ugaltzen da garai txarrak gainditzeko.

Bi espezieren arteko ugalketa ez da oso arrunta naturan. Bien arteko diferentzia genetikoek gehienetan ezinezkoa egiten dute ernalketa, eta bidezkoa denean ere ondorengoen ugalkortasuna gutxitu edo hutsean geratzen da (denon ezaguna da mandoen kasua). Arrazoi honengatik, espezie ezberdinen arteko ugalketa ekiditua izan ohi da. Baina ez beti.

Spea generoko bi espezie (Spea bombifrons eta Spea multiplicata) ekarrekin bizi dira ipar amerikako putzuetan. Putzu hauek, azalekoak izanagatik, lehortu ohi dira. Bizirauteko, zapaburuek putzua idortu baino lehen igel bilakatu behar dute. Normalean astia badaukate ere, zenbaitetan, arrazoi klimatologikoak direla medio, putzuak lenenago lehortzen dira.
Garai idor hauetan S. bombifrons espezieko zapaburuek desabantaila daukate, motelago hazten bait dira eta ondorioz biziraupen tasa asko murrizten bait zaie. Baina ez pentsa...

S. bombifrons emeek garai lehorretan ugalketa ohiturak aldatzen dituzte, beste espezieko arrekin ugaltzeari ekinez. Honela, sortutako zapaburu hibridoak arraren espeziekoak bezain azkar haziko dira. Zoritxarrez, sortutako igel hibridoak ugalkortasun murriztua daukate (arrak antzuak eta emek arraultzen erdia jartzen dute), baina hala eta gutiz ere pena merezi omen die.

Ez omen da espezie ezberdinen arteko ugalketa kasu bakarra (hemen adibide batzu). Bitxia da baina, orokorrean kaltegarria den gauza, eta ondorioz ekiditua izan ohi dena, S. bombifrons igelen kasuan egoera jakin batean abantila izateagatik erabilia izatea.

Berria eta artikulu zientifikoa irakurri ondoren hainbat galdera geratu zait erantzun gabe. Adibidez, nolakoak dira hibridoen ugalketa ohiturak? S. bombifrons espeziekoak hala S. multiplicata espeziekoak? Kasu bietan, bestelako indar ebolutiboak kontutan hartu gabe, bi espezieak pixkanaka bateratu litezkeela pentsa genezake. Posible ahal da hau? Nahiko ezagunak dira espeziaziorako (espezie berriak sortzeko) mekanismoak, baina zenbateraino da arrunta espezie ezberdinak bat egitea?


Sunday, November 25, 2007

Unibertsoaren suntsitzea eragin dugu?


Unibertsoa betirako luza zitekeen, baina 1998. urtean materia ilunaren esistentzia babesteko balio izan zuen supernobaren obserbazioak unibertsoaren heriotza ekar lezake.

Orain areko teoria kosmologiko nagusienaren arabera, gure unbertsoa ezagutzen dugun bezala sortu baino lehen energia haundiko "huts negatiboko" burbuila zegoen. Energia haundiko huts negatibo horrek energiarik gabeko huts arruntari eman zion paso big bang ezagunean. Prozesu orretan askatutako energia eskergak materia sortuko luke, bai eta materia hori izugarri berotu ere.

Baina materia iluna aurkitzearekin batera eta aldi berean unibertsoaren espantsioa azeleratuz doala aurkitzean, oraindik ere huts negatiboa esistitu litekeela pentsatu dute zientzilariek. Huts negatibo horrek edozein unetan energiarik gabeko huts arrunterako trantsizioan sar liteke, jatorrizko big bang-aren antzeko gertaeran den dena suntsituz.

Gure zorionerako, suntsipenezko transizio hau gertatzearen aukerak oso eskaxak ziren orain gutxi arte, nolabaiteko ekilibrio egonkorrean egon gintezkeelako. Baina gure zorritxarrerako, ekilibriorako aukera hori galdu zitekeen, 1998-an surernoba baten eztandan materia hiluna behatu genuelako.

Mekanika kuantikoan badago "Zero efektua", zeinaren arabera objektu kuantiko bat behatzean bere kontagailua zeron jartzen da, nolabait esateko. Honen ondorioz, jada ez geundeke huts negatiboaren egoera egonkorrean, baizik eta aurreko egoera ezegonkorrean. Horrek suposatuko luke edozein momentutan, blog hau irakurtzen bukatu baino lehen, edo agian hemendik hamar milioi urtetara, trantsizioa gerta litekeela, dena suntsituz (gu barne, noski).

Lawrence Krauss eta James Dent zientzilarien lan hau ez da oraindik zientzilarien komunitateak onartua izan. Ondorioz, hipotesi interesgarri/kitzikagarri gisa bezala hartu beharko litzateke, oraingoz behintzat.

Iturria: New Scientist

Friday, October 12, 2007

Igelak, euliak, T-Rex eta begien mugimendua

Tiranosaurus Rex-ak ez omen zuen mugitzen ez ziren gauzak ikusten. Malcolm horri esker iraun zuen bizirik Parque Jurasico-n, oker ez banago. Bigarren atalean aldiz, El Mundo Perdido-n, T-Rex-ak mugitzen ez ziren pertsonai sekundario gaixoak ikusteko ahalmena garatu zuen, pertsohai hoien kalterako. Zer gertatu ote zitzaion T-Rexari holako ahalmenak garatzeko?

Igelak , T-Rexa bezala, ehiztari trebeak dira, baldin eta intsektuak mugitzen ari badira behintzat. Eulia geldirik badago igelak, T-Rex bezala, ez du ikusiko. Zegatik gertatzen ote da hau? Neuronen adaptazioan datza gakoa. Estimulu batek denboran luzatzen bada, neuronek estimulu horren aurrean gero eta erantzun ahulagoa emango dute, desagertu arte. Honela eulia ikuspegitik galtzen da.

Gizakion neuronetan ere adaptazioa ematen da, Troxler-en testak erakusten duen bezala. Begiratu ezazu fito fito beheko irudiko erdian dagoen gurutze beltzari. Aldi berean, gurutzetik begibista kendu gabe, inguruan dauden borobil larrosei erreparatuz. Denbora laburrean borobil larrosak desagertuko dira, adaptazioa dela eta. Aldiz, lehen borobilek uzten zuten hutsuneari zegokio tokian borobil urdina agertuko da. Honek ez du adaptaziorik sortzen, etengabe mugitzen bait da.


Baina, igelak ezbezala, gizakiak eta ugaztunak orokorrean, geldirik dauden euliak, dinosauroak eta garagardo botilak ikusteko gai dira. Hain zuzen ere objektuak mugitu ezean, guk mugimendua sortzen dugulako, geure begiak mugituz. Gure begiak etengabe ari dira mugitzen, gu ohartu gabe. Mugimendu hoien artean sakadek garrantzi haundia daukate objektu estatikoen ikusmena sortzeko unean. Sakadak begien etengabeko mugimeudu nimino eta ez boluntarioak dira. Hoiei esker, retinaren gainean sortzen deu euliaren irudia etengabe mugitzen dute fotorrezeptore batzuetatik besteetara, neuronen adaptazioa ekidituz. Troxlerren testa berriz egiten badugu, konturatuko gara erdiko gurutzea ez dela desagertzen. Sakadei esker, hain zuzen ere, gure arretak jarraitzen duen objektu estatiko hori ikus dezakegu.

Adaptazioa gure nerbio sistemaren ezaugarri oinarrizko a eta beharrezkoa da. Adaptaziorik gabe egun osoan sentituko genituzkeen zapatak oinetan, betaurrekoak begietan, geure bihotz taupadak eta autoen kutsadura, dena batera eta etengabe. Baina estimuluen filtratze honek zenbait desabantaila izan dezake, gure muturraren aurrean dagoen euli goxoa galtzea, edo eta Malcolm pedantea ezin akatzea, adibidez. Eboluzioaren poderioz, ugaztunek konponbide elegantea eman genion arazoari; eulia mugitzen ez bada, geuk mugituko ditugu begiak.

Eulia goza dezazuela!

Sarrera 2007ko urriko Investigacion y Ciencian argitaratutako artikuluan dago oinarrituta.

Sunday, September 30, 2007

Intsektu-bakeria hibridoak


Dibulgaziozko hedabideetan genoma, ia beti, instrukzio sorta estatiko bezala azaldu izan da. Zenbaitetan, adibidez, entziklopedia erabili izan da genomaren simil bezala (hortik dator agian transgenikoek sortzen duten ikara). Baina ikuspegi hau intuitibo bezain okerra da.

Genoma (baita gu H. sapiens-ona ere) dinamikoa da oso, etengabeko aldaketa eta berregituraketa jasaten duena. Intsektu batzuk marka hautsi dute baina, bere genoman bakteria baten genoma oso osorik bereganatzean.

Wolbachia pipientis bakeria parasitoa da, intsektuen artean arrakasta izugarria duena. Izan ere, bakteria honek intsekuen % 20a infektazen du. Parasito hau emeen ugal zeluletan dago, eta ondorioz, amaren bitartez pasatzen da hurrengo belaunaldira. Parasitoaren ADN-ak emearen ugal zelula baten genomarekin bat egin omen zuen behin (gutxienez), eta hortik aurrera belaunaldiz belaunaldi intsekuen genomaren parte bihurtu da.

Ez da animali baten genoman bakteria geneak topatzen diren lehenengo aldia, baina orain arte kontaminaziotzat hartuak izan dira. Kontaminazioa baztertzeko, ikerlariek intsektuen larba desinfektatuak erabili zituzten. Honela, ozpinaren euliaren hainbat barietadetan Wolbachia bakteriaren genoma osoa dagoela baieztatu ahal izan zuten.

Baina geneak hor egoteak ez du esan nahi funtzioa edukitzeko beharrezkoa den ADN->ARN->proteina bidea osatzen dutenik. Lehenengo ikerketek erakusten dutenez, intsektuen genoman topatutuko Wolbachiaren geneen %2-a behintzat ARN bezala transkribatzen da. Intsektuareu fisiologian funtziorik betetzen ote duten ikustear dago.

Genoma transferentzia hau intsektuetara mugatzen da? Oraindik ez dakigu. Badakiguna zera da, giza genoma sekuentziatu zenean kontaminaziotzat hartutako hainbat bakteria sekuentzia agertu zirela. Birusen sekuentziak aspalditik dira ezagunak giza genoman (HERV, Human Endogenous RetroVirus deitutakoak), baina birus askok bizi zikloaren puntu batean gure genoman integratu behar dute nahitanahiez (ezpainetako herpes virusak adibidez gure bizi osorako sartzen zaigu gure genoman).

Jakina da HERV batzuen proteinek funtzio garruntzitsuak dituztela gizakion fisiologian (embrioiaren inplantazioan, adibidez). Ez litzateke hain harrigarria ere gure eboluzioan bakteria baten genoma geureganatzea eta denborarekin gene hoiek funtzio ezberdinetarako erabili izana. Izan ere aspaldi, oso aspaldi, orain gure mitokondriak direnak bakteria askeak ziren. Eta orain, aspaldi bakteria hoien geneak zirenak, gaur egun gure genoman daude. Azken finean gu guztiok transgenikoak gara.

Oharra: Berria lehendabiziko aldiz Science aldizkarian izan zen argitaratua, nik Natur-en irakurri nuen arren. Bai Science, baita Natur aldizkariek ere ordaintzera behartzen dute berria irakurri ahal izateko. Zientziaren eta orohar informazioaren mugimendu askearen aldeko naizenez, ez dut bi aldizkari hauen estekarik jarriko. Bai ordea New Scientist-ena, berria debalde eskeintzen duena, hementxe.

Saturday, August 04, 2007

Ezgaituak eta ezjakinak

Berriz ere ezjakintasunari buruzko gogoetarekin nator (kasualidadea ote?). Gaurko honetan aspaldi argitaratutako ikerketa bada ere, nire bizitzako hainbat pasarte “ezeroso” azaldu ditzazkeelako agian iruditu zait interesgarria.

Laburpenaren laburpena honakoa litzateke: Pertsona ezgaituek (lan edo ataza jakin batean trebeziarik ez dutenak), gaitasun eskaxak izan ezezik heuren gaitasun ezaz ohartzeko ahalmenik ere ez dute, ez omen dira euren ezgaitasunaren kontziente (hizkera teknikoan gaitasun metakognitibo eza). Gainera, gaitasuna gainontzeko pertsonetan ikusteko gai ere ez dira. Honek dakarrena zera da, jende ezgaiak heuren burua gainontzekoen gainetik baloratuko dute, eta nahiz eta pertsona trebeagoen gaitasun haundiagoaren lekuko izan, oraindik ere heuren burua gainetik ikusiko dute (Dunning-Kruger efektua).

1999-an Journal of Personality and Social Psychology aldizkari espezializatuan argitaratutako ikerketaren helburua jendeak bere burua eta abileziak baloratzeko ezgaitasuna azaltzea zen. Joera bitxi honen adibidea “batazbestekoaren gaineko efektua” litzateke, hots, jende orok bere burua batazbestekoaren gainetik baloratzeko joera. Aski soberan dago esatea honek estatistikarekin bat ez datorrela (ezinezkoa da jende guztia batazbestekoaren gainetik egotea, definizioz).

Ikerlan honetan trebetasun ezberdinak aztertu zituzten, hots, umorea, gramatika eta arrazoiketa logikoa. Kasu guztietan, ezberdintasun xumeak gorabehera, efektu bera ikusi zuten; geroz eta gaitasun gutxiago, orduan eta akats haundiagoa norberaren gaitasuna baloratzeko. Horretaz gain, gaitasun eskaxa zutenak (ez ordea trebeenak) ez ziren heuren akatsa zuzentzeko gai nahiz eta gainontzekoen emaitzak ikusi (gehienak hobeak, noski). Baina badago gaitasun metakognitiboa hobetzeko modua, gaitasunaren exekuzioan hobetzearen bidez. Gaitasun gutxikoei ataza ongi egiten irakasten zitzaienean (ataza jakin horretan gaitasun haundiagoa izateko) gaitasun metakognitiboa ere lortzen zuten. Halegia, ataza zehatz bat egiteko eta gaitasun hori baloratzeko erabiltzen diren garunaren atalak berdinak omen direla.

Ondorioa, latza. Imajina ezazue ardura haundiko postu batean gaitasun eskaxeko pertsona dagoela (ez zaigu baina zaila egingo imaginatzea). Egingo dituen erabaki txarrez aparte, bere kabu hobetzeko inongo aukerarik ez dago, horretarako erreferentziarik ez bait du. Hare okerrago, bere esku pertsona gehiagoren etorkizuna badago, ez da inolaz ere gaitasun haundiko pertsonez inguratuko (txiripa hutsez ez bada behintzat). Geure buruari ere aplika diezaiokegu. Geure burua baloratzeko ahalmenik ez izateaz gain, balorazio hori egiteko pertsona topatzeko gai ez bagara, nola jakin genezake gauza zehatz bat ongi hala gaizki egiten ari ote garen?

Artikulu honen azalpen trebeagoa Fogonazos blogan eta zehatzagoa wikipedian. Eta hementxe artikulua, irakurri nahi duenarentzat.

Tuesday, June 19, 2007

Eris, Pluton baino haundiagoa


Aspaldi idatzi nuen Plutoni buruz eta nola planeta abizena galdu eta planeta nanoen artean sartu zuten. Gaur, hain irudi ederrak ekartzen dituen APOD lekuak Eris planeta nanoaren errekonstrukzio artitistiko ederra dakar (hona emen benetazko irudia), planetaren informazioarekin batera.

Azkenengo datuen arabera Eris planeta Plutoi baino %27 masa haundiagoa dauka (nahiz eta diametroaren inguruan adostasun haundirik ez egon). Bi bider Plutoiren distantzia dago Eriraino, gutxi gora behera ehun aldiz Lurreik Eguzkiraino dagoena (97 Unitate Astronomiko afelio edo punturik urrunenean). Izan ere ezagutzen den Eguzki Sistemako objekturik urrunena omen da.

Eris planetak satelitea ere badauka, Dysnomia, 150 Km baino gutxiagoko diametroa duena (eskala hauetan harri puska besterik ez). 16 egunetan behin ematen dio bira Erisi.

Edozein kasutan benetako planeta nanoa, arnasa kentzen duen ondoko bideoa ikusi ondoren (mila esker berriz ere, Loci):