Sunday, February 18, 2007

Musika pirateatzeak ez du eraginik salmentetan


Azken aldi hontan hamaika alditan ikusi/entzun izan dugu zinemako aretoetan autoen lapurretarekin alderatuz, oilasko errearen erregearen hitz potoloetan, triunfito eta antzeko musikari gaixoak gobernariekin elkartzen direnean eta abar luzea. Izan ere (ondorioz?) edozein pertsonak baieztatuko luke; musika "pirateatzea" legez kanpokoa da. Nola ba ez da ba izango "pirata" hitza erabiltzen bada?

Desinformazio kanpaina masibo horren aurrean beste batzuk, ez hain gutxi, baino askoz botere eta diru gutxiagorekin, musika "pirateatzea" gure eskubidea dela jakinarazi nahian dabiltza (jeitsi eta irakurri "Copia este Libro" liburua, David Bravorena edota bisitatu Asociacion de Internautas taldearen web orria). Azken aldi hontan estatu espainiarrean plazaraturiko sententziak ere hala adierazten du.

Zein da SGAEren arrazoia aldamiotik jeitsitako musikari gaixoen aldeko gerra saintu hau hasteko? Erantzuna argia bezain ezaguna da; musika pirateatzeak galera ekonomiko izugarriak eragiten dizkio musika industriari/kulturari. Izan ere jeisten den kopia bakoitzeko diska bat gutxiago saltzen da. Sen onak dio. Ba Journal of Political Economy (2007,115) aldizkarian argitaratutako artikuluan hau ezeztatzen da.

2002. urtean P2P zerbitzari batean eginiko musika jeitsierak denbora berean izandako disken salmenta datuekin alderatu zituzten eta ondorioa, hauen aburuz, argia da. Musika jeitsierek diska salmentetan duten eragina hutsetik alderagaitzak dira estatistikoki ("Downloads have an effect on sales that is statistically indistinquishable from zero"). Hau da, musika jeisteak ez du eraginik disken salmentan. Nire ezjakintasuna dela eta artikuluaren irakurketa kritiko ona ezinezkoa zaidala kontutan hartuz (gaiarekin lotura duen bibliografia irakurri beharko nuke horretarko), SGAE eta antzeko "kulturaren" babesle sutsuen argumentu nagusia deusestatzen du.

Artikuluan soilik musikaren jeitsiera aztertzen da. Baina nire ustez ez hondorioa ezta sakoneko arazoa ere ez dira horretara mugatzen. Interneten garapenak kulturaren iraultza dakar. Ideien adierazpen askea (blogak, foroak), proiektu askeen kalitatea eta arrakasta (linux, openoffice, fiefox), auzolan modeloaren eraginkortasuna (wikipedia eta gainontzeko wikiak) eta kulturaren zirkulazio askea (P2P sareak lekuko). Guzti honek multinazional haundien negozio modeloa kolonkan jartzen hasi dira.

Agian lehenbiziko aldiz histoian kultura gizakion eskuetan jar dezakeen asmazioa da internet. Gai izango ahal gara eta nahi izango ahal dugu kultura gure esku eduki?


Gehigarria: Jario hau prestatzen ari nintzela pirateriaren aurkako kontzientziazio kanpainaren parodia pare bat topatu dut hemen.


Saturday, February 10, 2007

Hutsa?

Bi irudi hauek lehendabiziko aldiz ikusi nituenean sentsazio bera eragin zidaten. Nahiz eta irudi biak ikusteak espaziodenbora berean ez gertatu, nahita nahi ez garunean elkartu ziren, kontzeptu bakarrari esistentzia ematen dioten neuronen eraginaren behean. Irudi bakoitza errealitatearen zati baten islada da. Zati oso haundia bata eta zati oso txikia bestea, gure bi alboko simetriaren eragina den dikotomiaren seinale. Baina biek gure pertzepzioen aurka doazenak, gure sen onaren aurka nolabait (Einsteinek sena heldua izan baino lehen ezartzen diren aurreiritziak zirela zioen).

Espazioan pentsatzen dugun bezain pronto hutsa datorkigu burura. Espazio amaigabea (mugatua izatez, baina mugagabea gure bizi eskalarako) hutsez betea. Izan ere eguzkiaren bizi zikloaren azkenengo eztanda iristen denean zortzi minutu beharko ditugu ohartzeko (8 ordu Plutoneraino, 4,3 urte alfa zentauriraino, izarrik hurbilenenera, eta bataz beste 32·1012 Km edozein izarren artean). Ondoko argazkia gure galaxiaren erdigunea da Hubbel teleskopioaren bidez ikusita, gure eguzki sistematik at egon daitezkeen planeten bila ari zela (Sagittarius Window Eclipsing Extrasolar Planet Search -SWEEPS- proiektua). Baina argazki honek erakusten diguna ez da hutsa, izarrez gainezka dagoen espazioa baizik, izarrez lepo dagoen unibertsoa.


Jarraian ikusten duzuen irudian klik eginez ageri den web orrian bestalde, errealitatearen beste hertza ageri da; materia beraren osagaiak, ura, gure mukiak edota diamantearen osagaiak. Protoia eta elektroia tamaina eta distantzia eskalan daude irudikatuak. Protoitik hasita (pilota urdina, neptuno planetaren antza izugarria duena) eskubirantz mugitzen bazarete lehioaren geziak erabiliz, 17,7 kilometro mugitu beharko duzue (oharra: ezin dut baieztatu internet explorerrekin funtzionatzen duenik, erabili ezazu firefox zoragarria ;-D). Izan ere protoia eta elektroi niminoaren artean 50 milioi pixel daude. Imagina ezazu, gure ipurdiaren azpian dagoen aulkia eta baita gure ipurdia ere osatzen duen materia hutsez betea dago! Eta hala eta guztiz ere ez dugu aulkia zeharkatzen! (zergatiaren oso azalpen ona Bill Brysonen “A Short History About Nearly Everything” liburuan).


Alde batetik hutsa dela duste duguna izarrez gainezka, eta bestetik zurruna eta trinkoa dela uste duguna barrua hutsa duela. Einsteinek arrazoia edukiko zuen bada sen onari buruz zuen eritzian!

Iturriak: Bill Brysonen “A Short History About Nearly Everything” (irakurteak pena merezi du), eta nire oroimen kaxkarra.