Thursday, January 24, 2008

Hizkuntza gutxituak eta fisika kuantikoa

Eguzkia eta izarrak Micmac tribuaren petroglifoan

Hainbestetan entzun dugu eta entzun beharko dugu euskaldunok holako edo antzeko hitzak "aprender eusquera para que?" erdaldunen ahotik. Nahi nukeen erantzun objetibo eta atzera-bota-ezina ez dut inoiz izan, nire ezinegonerako (nirea bezalako garun zientifiko erradikalarentzako subjetibotasuna ez da erantzun erosoa). Hizkuntza gutxituen balioa defendatzea zaila da artea eta kulturaren inguruko balioari buruzko kontsentsurik ez dagoen garai hauetan.

Eboluzioaren ikuspuntu batetik, barietate genetiko eza desagerketaren bezpera da. Horren arabera, gizarte homogeneo bat, hizkuntza, artea kultura eta ideien ikuspegitik, bizirauteko aukera eskaxak izango lituzke. Baina biologian demostratua izan dena, gizartean espekulazio hutsa litzateke eta espekulazioa argumentu pobrea da oso.

Nire zorionerako urtarrileko New Scientist aldizkarian hizkuntza gutxituak eta fisika teorikoa lotzen dituen artikulua topatu nuen. Niels Bohr fisikari apartak honela laburtu zuen aspaldi: "Fisikaren betebeharra natura ikastea dela okerra da. Fisikak aztertzen duena naturari buruz esan dezakeguna da".

Pasadizo baten bitartez ulertu daiteke hobe ideiaren gakoa. Heisenberg fisikari bikainak 1925. urtean mekanika kuantikoaren ateak irekiko lituzketen oinarrizko ekuazioak garatu zituenean, berehalako ondorioetariko bat ziurgabetasun printzipioa izan zen. Honen arabera ezin dugu elektroi baten abiadura eta posizioa batera zehaztasunez jakin. Heisenberg-ek emandako analogia intuitiboa ondokoa litzateke; Imaginatu elektroi bakarra ikus dezakeen mikroskopioa, fotoi bakarra erabiliz. Elektroiaren kokapena ikusteko fotoi bakarra erabiltzen da. Ondoren beste fotoi baten bidez abiada neurtzen du. Baina fotoi honen bultzadaren ondorioz, elektroiaren posizioa aldatu egiten da. Azkenean, bata hala bestea, abiadura hala posizioa jakin dezakegu, baina ez biak batera. Heisenbergek bere maisua zen Bohr fisikari apartari azalpena ematean, azken honek ez zuen oso begi onez ikusi, izan ere Heisenbergen interpretazioaren atzean elektroiak billar bolen antzekoak zirelaren ideia bait zegoen. Bohr-en arabera ideia klasiko hauek ez dute zertan mekanika kuantikoaren mundua isladatu behar. Elektroiek ez dute zertan posiziorik ez eta abiadurarik izan behar. Aldiz, guk ulertu ditzazkegun kontzeptuak erabiltzen ditugu, errealitatearekin zerikusirik zan ez ditzazketenak. Fisikaren oinarrian hizkuntza eta pentsatzeko moduarekin lotuak dauden asumitzeak bait daude.

1992. urtean David Bohm, David Peat eta gaur egungo beste zenbait punta puntako fisikari batzu "oinbeltz", Micmac eta Ojibwa tribuetako jakitunekin elkartu ziren, algonkiar familiako hizkuntzen berezitasunak ikasteko. Zientzialari hauen harridurarako, indiar hauen hizkuntzek, eta hizkuntza hauen muineko kontzeptuek, askoz hobe isladatzen zuten mekanika kuantikoaren mundua ingelera eta oro har edozein europar hizkuntzak baino.

Artikulua honako esaldiarekin bukatzen da: "Beste motatako hizkuntzen ikasketak munduaren bestelako ikuspegietara irekitzen gaitu, kosmosari buruz hitz egiteko era osagarrietara irekitzen gaitu. Honela irekitzeak aurrera jarraitzeko inspirazioa eman liezaioke fisikari".

Ezer gutxi daukat esateko, aurreko esaldiak nire ideiak ongi baino hobeto laburtzen bait ditu. Hizkuntz ezberdinetan, ideia ezberdinetan, kultura ezberdinetan, ikuspegi ezberdinetan, arazoei konponbide ezberdin eta hobeak emateko gakoa egon daiteke.

Iturria: New Scientist.

Gehigarria: Gaur bertan jakin izan dut Eyak hizkuntza hitz egiten zuen azkenengo gizasemea zendu dela. Teoria bateratua lortzeko aukera galduta? Minbizia sendatzekoarena agian?

Thursday, January 17, 2008

2007 urterrik beroena, hotzena ala aurkakoa?

Sarrera laburra gaurkoan. Nekeak jota jarioak gainetik ikuskatzen ari naiz eta horra non berri bitxia topatzen dudan. Barrapuntoren arabera, 2007 urterik hotzena izan da azken aldian. Expansion aldizkari digitaletik ateratako berria da. Bitxia da hilabete bat lehentzeago El Paisko bertsio digitalean (askoz zailagoa da bertsioa analogikoa ikustea) 2007-a urterik berena izan omen da aspaldiko partez.

Biak oker egotea sinestea kosta egiten zait (aldizkari ezagunak dira biak), baina egia da ere berri biak bateratzea zaila dela, azalean behintzat. Baina ezaugarri beretsuak dituzte bi berriek: BAT, ematen dituzten datuen iturriak ez dira inon ageri. Harrigarria da nola komunikabide klasikoek era digitalera eta sarera jauzia eman badute ere, era guztiz klasiko eta "analogikoan" idazten duten oraindik. Inongo estekarik ez, inongo iturririk ez. Berrietan sakontzeko aukerarik ez eta berriak egiaztatzeko ere (eta kritikatzeko ezta ere, noski). BI, datu ziztrin batetik ondorio haundiak atera nahi. Zer esaten digu 2007ko batazbesteko tenperaturak aldaketa klimatikoari buruz? Ezertxo ere ez. Klima espaziodenbora eskala haundietan ematen da. Urte bakar batetik ezer gutxi ikas daiteke, batez ere inongo analisi estatistikorik gabe.

Guzti honek zera pentsarazi dit (aldaketa klimatikoaren afera alde batera utzita), komunikabide klasikoak zeinen eskasak diren baliozko informazioaren iturburu bezala zientzia arloan. Zientzia arloan diot oso hurbil dudan arloa delako, baina eta gainontzeko arloetan?

Gehigarria: Komunikabide klasikoen gabeziak ikusita are gehiago larritzen nau Italian ematen den blogen zentsura kontrola.

Sunday, January 13, 2008

Bioerregaiak zalantzan jarrita.

bioerregaietarako geratzen den azalera

Bioerregaien irtenbidea zalantzatan jartzen duten ikerketak kaleratzen ari dira. Hauen arabera, erregai klasikoak ordezkatzeko ez dago sail nahikorik, ur nahikorik eta beharrezkoak diren ongarrien erabiltzeak aurreztutako CO2-a baino kontaminazio handiagoa sortuko luke.

Bisbalen antzera, hots, komunikabide klasiokoetan agertzearen poderioz, toki egin dute gure egunerokoan bioerregaiek (bitxia da blogosferan moda hauen frekuentzia oso bestelakoa dela...) azken aldi honetan (nahiz eta gaia batere berria ez den). Bioerregaien erabilerak atmosferara isurtzen den CO2-aren murriztea ekarriko omen luke. Eta jakin badakigu, Gore jaunak irakatsi digulako, gizakiaren ekintzek igorritako CO2-a dela beroketa klimatikoaren arrazoia.

Bioerregaien erabilpenak erregai mineralek hainbat CO2 sortzen dute (bai, lehen esandakoarekin kontrajarria dago, antza). Aitzitik, bioerregaiaen ekoizpenak atmosferako CO2-a murriztu egiten du. Izan ere, bioerregaiak landareetatik ekoizten dira, eta landareek, hazteko, atmosferako CO2-a hartzen dute. Honen ondorioz, bioerregaiak "karbono neutroak" dira, hau da, egotzitako hainbat karbono xurgatzen dute, teorikoki. Teorikoki diot ekoizpen prozesuan galerak daudelako (entropia madarikatua). Oro har, baina, petroleotik ekoiztutako erregaiak baino CO2 gutxiago isurtzen dute bioerregaiek (%60-%80 gutxiago, batzuen aburuz).

Baina guzti honi buelta emango lioketen ikerketak kalean daude. Ikerketa hauen arabera, erregai fosilak ordezkatzea ez litzateke bidegarria, alde batetik, eta bioerregaien erabilpenetik sortutako kontaminazioak CO2aren murrizpena gaindituko luke. Ikus ditzagun argumentuak.

1) Erregai fosilak ordezkatzeko ez dago sail nahikorik. Bioerregaietarako erabiliko diren landareeen ekoizteak Lurreko nekazaritzaren %1 suposatzen du jada. Zientzilari batzuen aurreikuspenen arabera, lurreko mapa batetik abiatuz, landarako egokiak ez diren lurrak, jada landatuak daudenak, basoak basamortuak, mendiak etabar kenduta, Argentinak duen azalerako lur saila besterik ez litzateke geratuko, erregai klasikoak ordezkatzeko guztiz urria.

2) Erregai fosilak ekoizteko beharrezkoak diren landareak hazteko ez dago ura nahikorik: Zenbait aurreikuspenen arabera erregai fosilen %50 ordezkatzeko 4000-12000 Km3 ura beharko lirateke. Kantitate izugarria kontutan hartuz gure planetako ibai guztiek 14000 Km3 ur daramatela urtero. Aurreikuspenak aurreikuspen, baina gaur egun jada Lurreko zonalde askotan landetarako ur eskasia dago jada (Txinan adibidez).

3) Bioerregaiak ekoizteko beharrezkoak diren landareak hazteko erabilitako ongarriek oxido nitrosoa egotziko lukete atmosferara, CO2 -a baino askoz abilagoa negutegi efektua sortzen. Izan ere, ongarrietan dagoen nitrogenoaren %1 eta %2 tartean atmosferara isurtzen da oxido nitriko moduan zuzenean. Era ez zuzenean ere oxido nitrikoa isurtzen jarraituko da, behin nitrogenoa uraren zikloan sartuta. Oxido nitrikoaren isurketa kontutan harturik, bioerregaien onura zalantzan jarri zuen Paul J. Crutzen nobel saridunak orain gutxi kaleratutako artikulu zientifikoan.

Guzti honetatik ze irakaspen atera dezakegu? Bioerregaien onura guztiz zalantzagarria da. Bost axola politikari zein kazetariek ziurtasun osoz behin eta berriz errepikatutako leloak. Benetako irtenbideak eta benetako arazoen bila bagabiltza zientziari utzi beharko diogu lan egiten. Bai, politikari eta abarren menpean egongo da hein batean, baina zientzia zapalgailua (apisonadora mugako euskaldun berriontzat) bezalakoa da. Astuna, motela, eta efizientzia eskasekoa, baina azkenean beti bere lana egiten duena.

Bioerregaiei buruz gehiago jakiteko: Wikipedia.
Iturria: New Scientist.

Izardata 20070124: Genciencian eta El Mundon irakurri daitekeenez britaniar parlamentuak Europar Batasunari bioerregaiak alde batera uztea eskatzen dio, hauen inguruan dauden kezkak direla eta (zientzilariren bat egongo ahal da ekimen horren atzean? Auskalo). Gencienciak ere, orokorrean aldaketa klimatikoaren aferaren inguruan nahiko ortodoxoa izan dena, gaiaren inguruko sentsazionalismoaren aurka egiten du. Gauzak aldatzen ari ahal dira?

Wednesday, January 02, 2008

Denbora desagetuz doa...


Azkeneko behaketen arabera unibertsoaren espantsioa azkartzen ari omen da. Azalpen berri baten arabera, denbora litzateke moteltzen ari dena, azkenean desagertu arte.

Behaketek erakusten omen dute supernobak gero eta azkarrago urruntzen ari direla batzuk besteengandik (sakontzeko, hemen). Unibertsoaren espantsioaren bizkortze honen arrazoitzat "energia iluna" hartua izan bada, oraindik ezin izan zaio azalpen egokirik eman energia horri. Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek plazaratu behar duen lan batean azalpen berria ematen zaio espantsio azeleratu honi. Azalpen berri honi buruz ez da espantsioa bizkortzen dena, baizik eta denbora, moteltzen ari dena.

Era xumean azalduta, talde honek espaziodenboraren soken modeloan du oinarria (modelo espekulatiboa, guztiz onartu gabekoa oraindik, azalpen sakonagoa ingeleraz). Modelo honen arabera unibertsoa membrana ("brana" deritzona) baten azalean dago mugatua. Brana hauek hainbat dimentsio eduki ditzazkete (10, 11 edo 26, adibidez, teoria konkretuaren arabera). Gure branak adibidez hiru espazio dimentsio dauka eta denbora dimentsio bakarra. Beste brana batzu denbora dimentsio gehiago izan ditzakete, edo bat ere ez. Gauzak apur bat zailtzeko, dimentsio hauek denborarekin alda daitezke, espazio dimentsioak denbora dimentsio bilakatuz edo alderantziz. Eta hori da hain zuzen gu gauden branari gerta lekiokeena. Izan ere gerta liteke gure branan, denbora dimentsioa pixkanaka espazio dimentsioa bilakatzea. Hau horrela balitz, gainontzeko branak ikustean, bertan ematen diren fenomenoak azkartzen ari direlaren antza hartuko genuke, aldiz, gertatzen ari dena gure denboraren moteltzea delarik. Desagertu arte.

Azalpen bitxia, interesgarria edo dena delakoa izateaz gain, bere arazoa ere badauka. Lehenik eta behin soken modeloa ez dago guztiz onartua. Bestalde, espantsioaren bizkortzea ongi azaltzen badu ere, ez dago momentuz teoria honek baieztatu lezakeen beste predikziorik.

Niri behintzat guzti honekin ikusmina sortu zait. Izan ere, zer gertatuko litzateke denbora dimentsioa desagertuko balitz? Dena "izoztuko" litzatekeela erantzun agerikoa bezain sinplea litzateke. Nola litzateke orduan? Eta guk denbora galdu badezakegu, beste branek denbora dinmentsio estrak izan dezakete adibidez. Nola litzateke espazio dimentsio bakarra eta hiru denbora dimentsio edukitzea? Ni zorabiatzen hasi naiz. Ze uste duzue zuek?

Iturria: New Scientist.