Sunday, October 26, 2008

Mikroberriak: Bananak urdinak dira.

Bai, agian zuk ez zenekien (eta harrigarria badirudi ere zientziak orain arte ez omen zekien), baina bananak urdinak dira.


Baina lasai, ez gaitezen daltonismoa detektatzeko testak egiten hasi, ez bait da daltonismo arazoa. Izan ere, banana guztiak ez dira urdinak. Banana helduak besterik ez. Baina sukaldera bazoaz eta saskian dituzun banana helduei so egiten badiezu, betiko kolore horia ikusiko duzu, betiko orban beltz eta marroiekin. Saia zaitez orain denok poltsikoan daramagun argi ultramorearekin. Bai, argi ultramorearekn banana helduak urdinak ikusiko dituzu orain. Bitxia?

"Fruta heldu guztiek izango dute kolore urdina argi ultramorearen azpian", entsatuko duzu. Ba ez omen da horrela. Badirudi bananekin bakarrik gertatzen dela trukoa. Eta zer dela eta egiten dute bananek horrelako bitxikeria? Zientzia poliki poliki doa aurrera, eta oraingoz horretarako erantzunik ez badauka ere, hipotesiak ez dira falta. Oxidazioa ekiditen duten molekulek sortzen duten efektua agian, intsektu zein beste animali fruitazale gautarrak erakartzeko sistema agian... Auskalo. Baina trukoa ona denik ezin uka daiteke.

Iturria: New Scientist.



Saturday, October 11, 2008

Morroi gaiztoek neskak eramaten dituzte

Bagenekien, baina noski, eguneroko bizipenek eskeintzen diguten jakituria ez du zergatik errealitatearekin bat etorri behar. Baina badirudi oraingoan bat etorri dela. Denen ahotan egon da, betidanik, baina jada ez da soilik mutiko zintzook emakumeekin izan dugun arrakasta eskasa justifikatzeko aitzakia. Morroi gaiztoek eramaten dituzte neska guztiak.




Japonian egindako Human Behaviour and Evolution Society biltzarran aurkeztutako ikerketak hala erakusten du behintzat. Esandako ikerketan Hiruko Iluna (ez, ez du PNV-EA-EB hirukoarekin inongo zerikusirik) eta sexu jarrerak aztertzen zituen. Hiruko Iluna kontzeptuak kaleko hizkeran "morroi gaiztoa" deitzen dugunaren psikologia arloan darabilten sinonimoa litzateke eta hiru nortasun ezaugarri biltzen ditu, hots, nartzisismoa (norberaren ganako gehiegizko amodioa), sikopatia (edo jokabide antisoziala eta) eta makiavelismoa (ingurukoen engainatzea eta manipulazioa). Nortasun ezaugarri hauek, test batzuen bidez, pertsona batzuen sexu ohiturekin matematikoki erlazionatu ziren (bikote kopurua eta harreman laburrak edukitzeko joera, beste batzuen artean). Emaitzek herri jakituria baieztatu zuten, hots, Hiruko Hilunaren ezaugarrietan puntuazio altuagoa zutenek bikotekide gehiago edukitzeko eta harreman laburrak izateko joera handiagoa omen zuten. Bitxia, korrelazio hau, gainera, gizonengan ematen dela bakarrik.

Joera hau, gainera, kulturaz gainekoa dela dirudi, izan ere, kultura faktorea kontutan hatzen duten beste ikerketa batzu ere emaitza hauekin bat datoz.

Nartzisismoa, sikopatia eta makiavelismoa berez gizarte batentzako kaltegarriak diren ezaugarriak, giza populazioan zergaitik diraute azalduko luke aurkikuntza honek. Izan ere, abaintailarik eduki ezean, laister desagertuko liratekeen ezaugarriak lirateke. Azalpena ez dago erabat itxia, izan ere oraindik ez bait dakigu zer dela medio hiru ezaugarri hauek diren hain erakargarriak H. sapiens espezieko emeentzako, ez eta zergatik ezaugarriok ez diren populazioan gehiako barreiatu.

Bitartean, emakumeak erakatzeko ahalmen negatiboa dugunok badugu kontsolatzerik, izan ere, esan dezakegu burusoil, lodi, argalak, itsusi zein aspergarriak, bahintzat ez garela ez narzisistak, ez sikopatak eta ezta makiabelikoak ere (ligatzeko estrategia bezala balioko ote du argudio honek?). Hau kontsolamendua.

Iturria: New Scientist.