Sunday, December 31, 2006

2000. urteko gezur haundia

Haurra nintzela 2000. urtea distiratsua zen oso. Espaziountziak, Martitzeko koloniak... Garai hartan argi genuen 2000. urtean errobotez inguraturik egongo ginela. Giza itxurakoak eta gu bezain adimentsuak izango zirelarik Isaac Asimovek sortutako Errobotikareu 3 legeak beharko genituen haiez babesteko. Baina 2000. urtea iritsi ta ezerezean geratu zen dena (2000 efektua ere hutsean geratu zen!)
Asimo errobotaren bideo hau ikustean 2000. urterako espero genituen errobotak etorri zaizkit gogora. Asimoren inteligentzia artifiziala oso mugatua dela ahaztu eta biziduna iruditu zait.




Horregatik agian tristura izugarria eman dit hurrengo bideoko Asimoren erorketa ikustean. Bapatean bizidun izatetik makina puska izatera pasa da. Zergatik baina ez dute besoak luzatuz babesteko programatu? Bizidunontzat hain erraza dena inteligentzia artifizialarentzat zailtasun gaindiezina dirudi (ikus "Cuerpos y Máquinas", 2003, Rodney A. Brooks-ena). Gixajoa.




Urte berri on guztioi.

Wednesday, December 27, 2006

Burgerkinean afaltzen dute kloiek





Zinemara gindoazen Tuteran, eta denboraz justu genbiltzala Burgerkinean zeozer irenstea erabaki genuen. Jendetza, hilarak, presaka, estresa, janari pilo merkea eta zaporerik gabeko haragia. Ah, eta kriston ketxup usaina. Espaziodenborako estasi amerikarra Nafarroako erriberan.
Kaloria, kolesterol eta behi hormona menua iresten ari nintzela, kristalaz bestaldeko Macautorako (Burgerkinauto?) auto hilaran erreparatu dut nahitanahiez. Hamarretik bederatzi kasutan auto berri-merke xamarra deportibo itxurarekin, barruan bikote gaztea, moderno ta itxura zainduta, mutila gidari eta neska kopilotu.
Harridura marka. Kloiak hemen dira? Denok ahal gara berdintsuak? Hala gaur egungo gazteen gauza da? Gazte populazio berezia agian? Aspaldi peutsatu izan dut giza jokaera kuantifikatua dagoela (pentsamolde bera janzkera bera eta bizimodu berari lotua doa), baina holako homogeneitate basatiak aztoratu egiten nau. 20 urte nituela asteburuak ordenagailuan eta irakurtzen ematen nituen. Agian ni naiz alien antzekoa, admititzen dut. Baina homogeneitate basati honek harritu egin nau, aizu!

Saturday, December 16, 2006

Ley Foral 18/1986, de 15 de diciembre, del vascuence



"Son objetivos esenciales de la misma:
a. Amparar el derecho de los ciudadanos a conocer y usar el vascuence y definir los instrumentos para hacerlo efectivo.

b.Proteger la recuperación y el desarrollo del vascuence en Navarra, señalando las medidas para el fomento de su uso.

c.Garantizar el uso y la enseñanza del vascuence con arreglo a principios de voluntariedad, gradualidad y respeto, de acuerdo con la realidad sociolingüística de Navarra."


Atzo, 2006ko abenduaren 15a, ez bakarrik euskaldunon, baizik eta nafar guztion legeak zapaltzen dituen "Ley del Vascuence" legearen 20. urteurrena bete da. Bitxia da gure gobernari maiteek egin duten legearen erabilera legeak berak zehazten zituen helburuak ikusita. Bizitzaren (politikaren esan beharko nuke) komeriak. Ala otsoa ardi larruz mozorrotuta esan beharko nuke?Euskara nafar guztion ondarea izanik (berdin dio hitzegin hala ez, kultura guztion ondarea delako) gure hizkuntza eskubideak zapaldu besterik ez du egiten, euskaraz ikasi eta bizitzeko trabak ezarriz. Geure herrian atzerritar sentiaraziz.

Urteurren lotsagarri honen hildoan, sarrera multzo berri bati hasiera emateko erabakia hartu dut: "Euskaldun baten abenturak Nafarroako erriberan". Laster zuen blogik gogokoenean.

Friday, December 08, 2006

Gero eta ergelagoak



Bueltan naiz galaxiako erdigunean bete behar izan dudan misiotik. Bidaiatzen ari nintzela (ez dira hain bidai luzeak ere espaziuntzi erlatibistalk erabiltzen ditugunetik) "Elogio del Imbecil" liburua irakurtzeko beta izan dut (Booklet ISBN 84-8460-559-0).

Labur labur esanda hona hemen Pino Aprile idazlearen tesia: Gizakia gero eta ergelagoa da. Honek ez gaitu ustekabean hartzen (ez ni behintzat, nire ergelkeriaren garapenaren lekuko bait naiz). Baina Aprile gure lagunak haratago doa eta datu historiko, soziologiko, ekonomiko zein zientifikoak erabiltzen ditu ergelkeriaren betekizun ebolutiboa defendatzeko.

Tesi landua dudarik ez, ideia erakargarriak adierazten ditu (burokrazia eta ergelkeriaren artelko erlazioa bezala edota gizartearen eginkizun "ergeltzailea"). Baina nahiz eta ergelkeria haunditzeko mekanismo sorta nahikoa erakutsi ergelkeria haunditze hori baieztatzen duen daturik ez dago ez eta ergelkeria haunditzearen abantaila ebolutiboak. Bestalde inteligentziaren definiziorik ez dago inon, inteligentziaren funtzioa gizartearen eboluzioan intuitiboki lantzen du soilik eta balore kulturalak nahasten ditu inteligentziaren kontzeptuarekin.

Ondorioz, nahiz eta ezagutza zein datu zientifiko exkaxekin,liburu ona da, originala, eta auskalo, agian pentsaraziko diguna. Auskalo...

Thursday, October 19, 2006

Zientzia kaotikoa





La Bella Teoria blogak orain gutxi sistema ez lineal edo kaotikoei buruzko hausnarketa egiten zuen, eguraldiaren prebisioa egiteko erabiltzen diren sistema ez linealak internetekin erlazionatuz: " En este sentido nos encontramos en la era anterior al descubrimiento del efecto mariposa, utilizamos métodos lineales para tratar de analizar los sistemas complejos, no lineales, en donde las realimentaciones de todo tipo, y a todos los niveles, son la propia esencia del sistema. Necesitamos "el atractor extraño de Internet". Zientzian eman ditut azken zortzi urteak eta arazo beraren susmoa hartzen ari natzaio aspaldi. Esate baterako, bai metabolismoa zein garunaren funtzionamendua oso konplexutzat hartzen dira. Burura datozkit honen antzeko ondorioekin bukatzen diren zientzilari jakitunek aldizkari ospetsu zein garrantzitsuetan argitaraturiko artikulu zientifiko potoloak: "...guzti honek erakusten digu metabalismoa are eta konplexuagoa dela...". Jeff Hawkinsek On Intelligence liburuan esaten duen bezala "Konfusioa ez da konplexutasunaren arrazoia, alderantziz baizik. Konfusioa da Konplexutasunaren arrazoia". Hain da errealitatea konplexua ezen azalpen onak egitearen xedea alde batera utzi dugula. Horra hor urtero argitaratzen diren milaka artikulu, den denak xehetasun eta datuz beteak. Datuak=Informazioa=Ezagutza egia balitz bezala. Esperientziak erakutsi dit zientzian (biologia alorrean behintzat) sistema oso konplexuak (bariable askorekin eta bariableen arteko erlazio askorekin) erraminta linealak erabiliz saiatzen garela. Eta gakoa da egitan ez dugula orain 50 urte (genetikaren gorakada izan zenetik) ulertzen genuena baino askoz gehio ulertzen. Badirudi zientzian alor berri bat irekitzen denean asko aurreratzen dela baina hortik aurera (behin pentsamolde linealaren potentzia gaiditua) ezagutzen pilaketa asko moteltzen dela, xehetasunak bilatzeari ekinez. Ez ahal genuke hobe sabana afrikarran erabakitzeko erabiltzen genituen estrukturak alde batera utzi beharko eta zientziaren atraktore arraroa topatu?

Friday, October 06, 2006

2500 urte dituzten tumoreak


Hil hontako Investigacion y Ciencia aldizkarian agerturiko berri laburraren harira post labur bat nahi nuke jarri. Badirudi txakurretan sexu harremanen bidez kutsatzen diren tumoreak ematen direla. Kontinente ezberdinetako txakurretan topatutako tumoreak genetikoki ezberdinak ziren kutsatzen zituzten txakurrengandik, baina antzekoak elkarrekin eta otso zein Txina eta Siberiako txakur mota batzurekin. Bildutako mutazioen arabera tumore zelula hauek orain 200-2.500 urte sortu ziren. Eta gaur egun txakurrak kutsatzen jarraitzen dute, bakterio zein birusen antzera. Eta hortxe erreflesioa, ez ahal dira tumore hauek bizi forma independientea? Argi dago aintzina izan ziren txalkurraren beharrik ez dutela eta beraz txakurra ez den beste gauza bat direla. Eta bizi forma ezberdina badira ez ahal dira tumore guztiak gorputzetik independizatutako bizi motak? Eta ez ahal da gauza bera gertatuko berrugekin adibidez? Ez ahal da organismoa kolonia bat azken finean? Guzti honek gauza bat uzten du argi behintzat, posta ez zaidala batere laburra atera.

Monday, October 02, 2006

Cuarto Milenio: Benetako zientziaren ordezkari




Admititu egin behar dut, Cuarto Milenio (Cuatro kateko Iker Jimenezen saioa) gustatzen zait. Xelebrea iruditzen zait mamuen agerpenei eta bestelako kontuei ematen dioten garrantzia. Txantxa kutsua somatzen diot ere askotan (nahiz eta haien helburua oso bestelakoa izan). Baina atzo gauekoa (Urriak 1, igandea) gehiegizkoa izan zen. Masaru Emoto "ikerlariaren" ikerketez aritu ziren. Masaru laguna doktorea dugu, "International Relations" delakoa ikasi eta gero, medikuntza alternatiboetan lortu zuen doktoretza (metodo zientifikoan jaioa, bere ikastetetatik ondorioztatzen denez). Ba honen arabera, ura izozterakoan itxura ezberdinak hartzen ditu inguruko eta batez ere pertsonen sentimentuen aurrean. Hala, amodioa jaso duen edota musika klasikoa "entzun" duen urak kristal zoragarriak eta bikainak eratuko ditu. Aldiz, amorfoa eta itxusia agertuko da gorrotoa edota musika "satanikoaren" aurrean. Baditu jarraitzaile sutsuak ere, bere hipotesia behin eta berriz baieztatu dutenak ( saioan bertan ere baieztapena erakutsi zuten, baina zer gertatuko zatekeen emaitza negatiboa izan balitz, programan ere agertuko litzateke?). Programan jarraitzaileen buruetariko bat izan zen, hizkera zein ahots mistikoaren bidez guztia baieztatu zuena. Beste gauzen artean ere azaldu zuen beti ez zela emaitza zuzena ateratzen, zenbait jendek ez bait daki gorrotoa zein amodioa urari bideratzen !!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!! Hotxe utzi nion saioa ikusteari, beraiek eman zidatelako erantzuna: Zure tesiarekin bat ez datozen emaitzak baztertzeko arrazoirik topatzea ez da zaila. Hare gehiago, emaitza negatiboak baztertzeko erabiltzen diren oinarriak ez dira demostratu behar. Hori da zientzian emaitzak falseatzea esaten dena. Hori gertatu zen Piltdowngo gizonarekin aspaldi eta giza ama zelulekin orain gutxi asia aldean. Hori gertatuko da beti sinesmen ete erlijioekin.

Tuesday, September 05, 2006

Eta agur Plutoiri....


Agur Plutoi. Agur bai, azken finean betidanik izan da taldekide arraroa. Tamainari dagokienez, planeta txikienetan txikiena zen. Eguzki sistemako beste ilargi asko baino txikiagoa da (haien artean Ganimedes, Titan, Kalisto, Io, Europa -oroitzen 2001 Espazioko Odisea?-), eta bai eta Plutioko orbitatik haratago dagoen (objetu transneptuniarra deritzona) 2003 UB313 baino . Bestalde oso orbita bitxia eta dauka, nahiko inklinatua gainontzeko taldekideen orbitek osatzen duten planoarekiko eta gainera bere orbitaren zenbait momentutan eguzkitik hurbilago bait dago Neptuno baino. Bere "ilargi" nagusia (Karonte) hain da handia Plutoirekin alderatuz ezen sistema bikoitza kontsideratzen da (ikusi goiko irudia), baina gure Lurra eta ilargia ere sistema bikoitzatzat hartu daiteke besteren aburuz. Gauza da Nazioareko Astronomia Elkarteak planeta hitzaren definizioa birmoladatu duela Plutoi kanpoan utzita. Eta badirudi horrek aldaketa handia dakarrela. Gure haurrek ez omen dute Plutoi ezagutuko, esate abterako. Zientzilari batzuk hasiak dira sinadurak biltzen Plutoi berriro planeta izan dadin (barne politika, diru kontuak, hala benetako zientzia arrazoiak?) eta nola ez astrologo batzuk ere saltsa guztietan sartzen, bere iritziek nolabaiteko oinarririk balute bezala . Baina bitxia da (egia esanda ez da batere) Plutoi bera ez dela batere aldatu. Eta ez da aldatuko nahiz eta guk Objektu Transneptuniar deitu, planeta ordez. Plutoik bere etengabeko bidaia jarraituko du Eguzkiaren inguruan, jarraituko du bai, gu desagertzen garenean ere, beti bezala, bost axola zein izen jartzen diogun.

Gehiago jakiteko, nola ez Wikipedia zoragarria:
Euskaraz
Ingeleraz, informazio osoa

Friday, September 01, 2006





Normalean ez dut filmeei buruz idatziko (asko ikusteko betarik ez dudalako eta ilusten ditudanak gustukoegi ez ditudalako egia esanda). Baina La Joven del Agua filmeak ustekabean harrapatu ninduen. Maitagarrien ipuin zoragarria da. Maitagarrien ipuinetan bezela onak eta gaiztoak daude. Baina maitagarrien ipuinetan ezbezela heroiak ez dira printze/printzesa jaio. Jende arrunta ezezik, arraroak batzuk, galtzaileak besteak, eta ez kaukasiarrak gainontzekoak (zergatik dira Eraztunen Jauna liburuan gaiztoak beltzak eta hegoaldekoak?). Ipuin liluragarria bezain fantasiazkoa. Boterea eta dirua eskuratzeko asmatutako gerrak eta terrorismoak aldi batez ahazten lagunduko digun ametsa.

Tuesday, August 29, 2006

Ongi etorriak Tartaloren Ikusmirara. Post berri honekin estreinatzen dudan blog honetan helburuak finkatzea litzake egokien. Okerrena da helbururik ez duela. Blog honek ez du berez informazio gisa balio, agertuko diren gauza gehienak guztiok jakingo baititugu -eta jakinak ez badira inongo interesik ez dutelako izango da-. Ez du gai finkorik edukiko, nik ere ez baitakit benetan hemen zer sartuko dudan. Orokorrean zientzia, teknologia eta gizartearekin zerikusirik duten gauzak, edota denak nahasiak. Auskalo. Izan ere Blog honek ez du inongo mugarik edukiko printzipioz. Eta horrek irakurleen eritziak hartzen ditu kontutan. Gonbidatuak zaudete guztiok nahi duzuena esatera (zuzenketak, eritziak, galderak, erantzunak.....). Beraz badirudi blog honek ez duela ezertarako balio. Baina espero dut horrela ez izatea. Blogak nire ideiak organizatu eta gordetzeko balioko du agian, nire garuna lan hori egitek ez bait da gai. Ez da beraz betebehar mardula blog honena!