Tuesday, September 30, 2008

Jarrai ezazu Mars Phoenix-en bizipenak Tartaloren Ikusmiran

Aurrerantzean Mars Phoenix-en bizipenak eta aurkikuntzak jarraitu ahal izango dituzu zure blog kuttun honetan. Eskuineko zutabeko goiko aldean, Eguneko Astronomia Irudiaren gainean, Mars Phoenix-ek Twiterren kaleratutako azkenengo sarrera ikusi ahal izango duzu.

Denak dira abantailak Tartaloren Ikusmira irakurtzen dutenentzako! (eta bide batez, zientzia kazetari frustratu baten bihotza poztuko duzu).

Phoenix-ek elurra ikusi du marten

Eta hala jakinarazi digu Twitter-en bidez. Zoragarria, elurra marten, Phoenix errobotak ikusi eta Twitter-en "argitaratu" duena. Ederra izan behar du marten elurra nola egiten duen ikustea, ondoan errobota lagun duzularik.


Iturria: Microsiervos.

Friday, September 19, 2008

Eguzkiaren antzeko izarraren inguruan biraka dabilen planetan guri begira inor balego...

Ikusi duzue eskuinean dagoen irudia? Eguneko Astronomia Irudia da. Ingeleraz Astronomy Picture of the Day deitzen dena (edo APOD, anglesa hiztunek hain gogoko duten akronioak erabiliz). Tira, eguneko astronomia irudia NASAk egunero plazaratzen duen astronomiarekin zerikusia duen irudi edo argazkia da ( izenak berak dioen gauza bera baino apur bat luzatuta, azalpen itxura izan dezan). Argazki interesgarriak orokorrean, zientziaren gertaera berrienekin zerikusia dutenak gehienetan, eta oso ondo azalduta guztietan.


Gaurkoan (2008ko Irailaren 19-an) gurea bezalako izar baten inguruan biraka dabilen planeta baten lehenengo argazki zuzena (orain arte zeharkako arrastoak erabili izan dira) erakusten dute. Txundigarria. Gure begiradaren aurrean hortxe dago planeta. Hain urruti (500 argi urte besterik ez!) eta hain antzekoa. Eta aldi berean hain desberdina izan daitekeena. Badirudi, imaginazioaren begiarekin fito fito so egiten badiogu, planeta horretan, txundituta ere, guri begira dagoen hizaki bizidun bat dagoela, bere buruari gu nolakoak garen galdezka. Berehala ordenagailutik (edo dena delakotik) altxa eta bere betiko zeregin estralurtarrekin, arrotzekin jarraitzeko. Izugarria.

Zoritxarrez estralurtar horren planetaren inguruan biraka dabilen izarra (eta ondorioz planeta bera ere) gazteegia da (milioi urte gutxi batzu besterik, gure eguzkiaren 5000 milioi urteen ondoan) bizitza eta are gutxiago adimena edukitzeko (planeta ere handiegia da, gure Jupiterren 8 aldiz halakoa). Ze pena. Baina hor egongo balitz...

Hemendi aurrera, zuen blogik kuttunenean, Eguneko Astronomia Irudia izango duzue egunero ikusgai. Ez ezazue Eguneko Astronomia Irudia Tartaloren Ikusmiran egunero bisitatzeko aukerarik galdu gero!

Thursday, September 11, 2008

LHC zuzenean ikusteko aukera

LHC barrutik nolakoa den jakinminez bazabiltza, LHC Compact Muon Solenoid Experiment Webcams webgunea bisitatu dezakezu. Bertan bi webcam daukagu instalazioak eta zientzilarien lana uneoro zuzenean jarraitzeko.

Iturria: Microsiervos.

Wednesday, September 10, 2008

Mundua suntsitu dugu?

Kitto. Gertatu da. LHC piztu eta gertatu da gertatu behar zena. Ia argiaren abiaduraraino azeleratutako protoiak (New Scientist) bira osoa eman diote 25 kilometrotako ibilbideari, kolimatzailearen aurka zanpatu eta hainbat partikula sortu dituzte, espero bezala eta zientzilarien gozamenerako. Ez zulo beltzik, ez munduaren amaierarik, dokumental, egunkari, blogari eta abar (adibide larria) sentsazionalista baten lotsarako harridurarako lasaitasunerako negoziorako.

Protoien talkaren emaitza

Ba hori, orain lasaiago bizi garela, mundua ez duelako, dokumentalak erakutsi zigun bezala, zulo beltz handi, beltz (noski) eta itsusi batek irentsi. LHC proiektukoak gu lasaitzen saiatu ziren suntsipena gertatzeko ze aukera gutxi zegoen era xumean azalduz, (Genciencian era xumeagoan laburbildu zutena) baina egia esan behar badugu, nori axola zaio fisikari talde batek dioena? Zertarako testu konplexu, aspergarri eta marrazki, letra larri eta animaziorik gabekoak irakurri?

Bestalde, baliteke LHC-k zulo beltz bat sortu izana, eta gu guztiok xurgatuak izatea. Baliteke ere gu hortaz ez ohartzea, eta El Sexto Sentido filmean bezala, orain, gu guztiok zulo beltzaren barruan egotea. Azken finean inork ez daki zulo beltz baten barrua nolakoa den.

Baina lasai, azken finean, irratiek esan ez digutena (nik dakidanez behintzat) zera da, munduaren suntsipena ekar lezakeen esperimentua ez dela oraindik egin (irailaren 21 inguruan izango omen da). Bai, LHC-a martxan jarri da, baina protoien arteko talka oraindik ez da egin, eta ondorioz, ezin izan da lurra (eta inguru hurbilak) irentsiko lituzkeen zulo beltza sortu (gomendagarria da oso LHC-ri buruzko La Hora Cero bloga jarraitzea).

Hala eta guztiz ere, oraindik ziur ez bazaude, mundua suntsitu ote den hemen galdetu dezakezu. Apur bat ezezkorra bazara, unibertsoaren suntsipenari buruz ere galdegin dezakezu beste gune honetan. Nik begiratu dut jada, baina ez dizuet erantzuna esango.

Ongi ibili.