Wednesday, September 10, 2008

Mundua suntsitu dugu?

Kitto. Gertatu da. LHC piztu eta gertatu da gertatu behar zena. Ia argiaren abiaduraraino azeleratutako protoiak (New Scientist) bira osoa eman diote 25 kilometrotako ibilbideari, kolimatzailearen aurka zanpatu eta hainbat partikula sortu dituzte, espero bezala eta zientzilarien gozamenerako. Ez zulo beltzik, ez munduaren amaierarik, dokumental, egunkari, blogari eta abar (adibide larria) sentsazionalista baten lotsarako harridurarako lasaitasunerako negoziorako.

Protoien talkaren emaitza

Ba hori, orain lasaiago bizi garela, mundua ez duelako, dokumentalak erakutsi zigun bezala, zulo beltz handi, beltz (noski) eta itsusi batek irentsi. LHC proiektukoak gu lasaitzen saiatu ziren suntsipena gertatzeko ze aukera gutxi zegoen era xumean azalduz, (Genciencian era xumeagoan laburbildu zutena) baina egia esan behar badugu, nori axola zaio fisikari talde batek dioena? Zertarako testu konplexu, aspergarri eta marrazki, letra larri eta animaziorik gabekoak irakurri?

Bestalde, baliteke LHC-k zulo beltz bat sortu izana, eta gu guztiok xurgatuak izatea. Baliteke ere gu hortaz ez ohartzea, eta El Sexto Sentido filmean bezala, orain, gu guztiok zulo beltzaren barruan egotea. Azken finean inork ez daki zulo beltz baten barrua nolakoa den.

Baina lasai, azken finean, irratiek esan ez digutena (nik dakidanez behintzat) zera da, munduaren suntsipena ekar lezakeen esperimentua ez dela oraindik egin (irailaren 21 inguruan izango omen da). Bai, LHC-a martxan jarri da, baina protoien arteko talka oraindik ez da egin, eta ondorioz, ezin izan da lurra (eta inguru hurbilak) irentsiko lituzkeen zulo beltza sortu (gomendagarria da oso LHC-ri buruzko La Hora Cero bloga jarraitzea).

Hala eta guztiz ere, oraindik ziur ez bazaude, mundua suntsitu ote den hemen galdetu dezakezu. Apur bat ezezkorra bazara, unibertsoaren suntsipenari buruz ere galdegin dezakezu beste gune honetan. Nik begiratu dut jada, baina ez dizuet erantzuna esango.

Ongi ibili.

3 comments:

Anonymous said...
This comment has been removed by a blog administrator.
Anonymous said...
This comment has been removed by a blog administrator.
makilakixki said...

Ohi bezala, spamak zuzenean izan dira ezabatuak. Iruzkinak aldiz, ongi etorriak dira.