Monday, March 26, 2007

Orduak gora, orduak behera



Ordua aldatu egin diute (jada nire DVD berriak aldaketa bere kabuz egiten du, inongo baimenik gabe, nire gain dagoen izaki baten menpe balego bezala). Martxoko ordu aldaketak beti poztu egin nau. Goizean goiz jeikitzean gaua da oraindik, baina lanetik ateratzen naizenetik ilundu arte tarte haundia daukat egunaz gozatzeko. Urriko ordu aldaketa aldiz tristetzekoa da. Goizean lehenago argitu, bai, baina arratsaldea zeharo laburtzen da. Beraz ez nau gehiegi konbentzitu ordu aldatze horrek, urtarrilekoa denean behintzat.

Ordua aldatzeko zio ofiziala energia kontsumoaren murriztea da. Badirudi %5 edo aurrezten dela. Azalpen laburra baino ulergarria Eroskiren Consumer aldizkari elektronikoan. Gobernu espainolak ere hemen azaltzen du. Baina honekin ez dago jende guztia ados. Taller de Criptografía blogean ordu aldaketari buruzko gogoeta kritikoa egin ezezik kalkulu batzuk egiten dituzte aurezpena hutsaren hurrengoa dela erakusteko. Ez naiz kalkuluak baieztatzen saiatu, baina iruditzen zait hobe litzatekeela urte gahiagotako datuak erabiltzea. Tira, hurbilketa bezala ez dago hain gaizki ere.

Nire ustez, botepronton behintzat, ez du aurrezpen haundirik suposatzen. Goizean beranduago argitzea ez da arazoa, lanera bait noa. Neguan goizago iluntzeak aldiz arratsade partez etxean energia gehiago gastatzen dudala suposatzen du. Ondorioa, ordu aldaketak entrepresei egiten diela mesede, laneko orduetan eguneko argia gehiago dutela zihurtatzeko, honela argiztapen eta berotze gutxiago erabiliz. Konspiranoikoa berriz ere?

Zuek zer uste duzue?

Eguneraketa #1: Eguzkiaren irten eta sartze orduak, ordu aldaketarekin batera grafikoki ikusteko, ikusi sarrera hau. Bertan argi ikusten da nola ordu aldaketari esker lanera sartzeko ordua eta eguzkiaren ateratzeko ordua bat datozen. Ez ordea aisia eta argi orduak.

Eguneraketa#2: Eta aurrezpena hutsaren hurrengoaren hurrengoa dela hemen.


Thursday, March 15, 2007

Ados egoteko hitzegin beharra, zientzilariek diote


Giza jokaeraren modelizazioari esker zientzilariek ados jartzeko komunikatu beharra deskubritu dute. Halajaina, hori neuk ere banekien!, esango duzue. Ba bai, ustea geneukan, baina ustea askotan erdi ustel.
Emaitza hauek inongo demostrazioa denik oraindik ikustear dago, baieztatu daitezkeen aurreikuspenak egiteko gai izan beharko bait luke. New Scientist-eko berriak dioenez gizakion arteko harremanak hobe ulertzeko lagundu lezake, ideia politikoen polarizazioa edota hizkuntzen bereizketari azalpena emanez, adibidez.
Modelo honetan ikertzaileek populazioa bi taldetan banatu zuten. Ondoren talde hoietako pertsona bakoitzari iritzi boolearra eman zioten, hau da bai ala ez, eskuin ala ezker, demokrata ala errepublikarra, bakoitzari era aleatorioan. Behin modeloa martxan jarrita populazioko pertsona bakoitzaren eritzia bere harremanen araberakoa da. Bere harremanen gehiengoak baiezko eritzia badauka, berak ere baietz, "eguzkia nora zapiak hara" klasikoa.
Modelizazioak aurrera joan ahala zera ikusi zuten, talde bakoitzeko pertsona guztiak ados jartzen zirela laster. Talde biak ados edo aurka egotea erabat zorizkoa zen, baina hori bai, behin taldeak eritzi bat hartuta hala jarraitzen zuen betiko. Zientzilariek orduan bi taldeen arteko komunikazio bideak gehitzen hasi ziren. Hasieran ezer gerttu ez bazen ere behin komunikazioak maila jakin batera iristean bi taldeak berehala jartzen ziren ados.
Hau da, komunikaziorik gabe bi taldeak ez dira ados jartzen. Komunikazioa egonik ere maila jakin bat lortzen ez bada adostasuna ez da sortuko, baina maila kritiko horretara iristean adostasuna bapatekoa da.
Interesgarria iruditu zait, beste arrazoi batzuren artean, orain dela hilabete batzuk idatzitako sarrera honetan giza jokaeraren kuantifikazioaz hitzegiten nuelako. Eritzi politiko jakina, janzkera jakin batekin, hizkuntza jakin batekin eta maila ekonomiko jakin batekin lotua doalako askotan. Modelo matematiko honek azaldu lezake zergatik, talde horien elkarren arteko komunikazioa eskasa delako. Eta hala dela uste dut, bai, baina jakina, usteak erdi ustel...

Monday, March 12, 2007

Aldaketa klimatikoa = etanola + nuklearra


Beno, berriz ere gai berari bueltaka. Kontutan hartuz gainera, aurreko sarreran esan nuen bezala, nire eritziak oinarri zientifiko eskaxa duela. Baina tira, kausa galduen paladinaren kanplexua daukat eta...

Gauza da giza jatorrizko aldaketa klimatiko honek ez nauela inoiz guztiz konbentzitu. Michael Crichtonen "State of Fear" liburuak proposatzen duenez (fikzio liburua ezezik nolabaiteko entsegu zientifikoa era bada) guzti honen atzean gizartean beldurra sortzea litzateke, beste gaietatik arreta desbideratuz. Baina xede hori betetzen duen asmakizuna badago, era oso eraginkorrean gainera; terrorismoa. Ba egunotan plazaraturiko berri biek eman lezakete erantzuna.

Bata, CO2 blogean "Con el etanol también se miente" sarrera. Bertan blogariak dioenez etanola gasolina baino %30 CO2 gehiago igorriko luke atmosferara. Zer dela eta orduan etanola erregai garbia bezala aurkeztu? Ba egilearen arabera Amerikako Estatu Batuek aterako lukete onura haundien, etanolaren iturburu diren arto eta soja landa zabalei esker.

Bestea, Ecoblog blogean zein hainbat hedabideetan agertu den bezala zentral nuklearren inguruan. Azken aldi honetan klima aldaketaren aurrean energia nuklearra energia garbi eta alternatibo bezala aurkeztu izan da. Aldaketa klimatikoaren inguruan jasaten ari garen bonbardaketa mediatikoa ez ahal da izango energia nuklearraren inguruan eritzi soziala aldatzeko trikimailua? Hala konspiranoikoa bilakatzen hasia naiz?

Arthur C Clarke-ren Songs of Distant Earth liburuan ispiraturiko Mike Oldfield-en abestiak zioen bezala: "Only time will tell" (Fermintxo poliglotari eskeinia).

Tuesday, March 06, 2007

Aldaketa klimatikoa, orain Maten ere



Egia esanda ez nuen aldaketa klimatikoari buruz hitzegiteko asmorik. Nire eritzia oinarri eskaxa duela onartzen dut (batez ere Michael Crichtonen State of Fear liburuak izan zuen eragina), eta ondorioz ez zitzaidan zilegi iruditzen oinarri zientifikorik gabeko eritzia agertzea (hainbat alditan jokaera hori bera kritikatu eta gero). Baina gaur zenbait blogek (Genciencia, Barrapunto) gai honen inguruan National Geographic-eko webgunean agerturiko berria zabaltzen zuten.

2005ean NASAko Mars Global Surveyor eta Odyssey misioek igorritako datuen harabera, Marteko poloetako karbono dioxidozko izotz geruzak txikiagotzen ari dira. Hau da, Marte, Lurra bezala, berotzen ari da. St. Petersburgoko Pulkovo astronomi behatokiko nagusia den Habibullo Abdussamatov-en arabera Marteko beroketa eta gure planetako beroketa kausa bera edukiko lukete, hots eguzkiak igorritako erradiazioaren igoera. Habibullo Abdussamatov-en arabera eguzkia izango litzateke gure aldaketa klimatikoaren arrazoi nagusia, eta ez giza eragina.

Oraindik ez da inolaz ere demostratu hau egia denik, eta izan ere interpretazio honek aurkari asko omen ditu zientzilarien artean. Hain zuzen ere otsailan plazaratutako IPPC txostenaren ondoriorik nagusienaren arabera, zeinean 620 adituk hartu zuten parte, gizakia aldaketa klimatikoaren errudun nagusia da (ikus laburpen hau).

Eztabaida honek jarraitzen duen bitartean etengabe jasan beharko dugu hainbat hedabideetan inongo eztabaidarik gabeko sentsazionalismo klimatikoa. Gizakiak eragindako aldaketa klimatikoa ez bait da eztabaida zientifikoa, baizik eta faktua, egia hutsa, inork kritikatuko ez lukeen ezer, eta igogailuan bizilagunarekin topatzen zarenean atera beharreko solas erosoa.

Oharra: Giza jatorrizko aldaketa klimatikoarekin kritikoa den blog hau gomendatzen dizuet.

Monday, March 05, 2007

Balet kosmikoa

Apur bat poetikoegia erabili dudan izenburua, baina betidanik atsegin izan dudana joan den martxoak 3an gertatu zena adierazteko. Izan ere gainazaletik ikusita espektakulo ederra izan ezezik, sakonean du lilura gehiena. Izan ere, 1000m/s-ko abiadura erlatiboan 5.97e+24 Kg eta 7.349e+22 Kg-ko masa duten gorputzek elkarren inguruan biraka, bata bestea eta eguzkiaren artean jartzen da itzala eginez. Beste eskala haundiago baten parte garenaren seinale. Ez ahal da ederra?





Eguneraketa: Goiko animazioa neuk eginiko argazkiekin sortua da. Dena den, paregabeko argazkiak ikusteko jo ezazue helbide honetara.
Eguneraketa#2: Hona hemen "Astronomi Picture of the Day" zoragarriak eskeinitako eklipsearen argazki ederra.