Wednesday, January 02, 2008

Denbora desagetuz doa...


Azkeneko behaketen arabera unibertsoaren espantsioa azkartzen ari omen da. Azalpen berri baten arabera, denbora litzateke moteltzen ari dena, azkenean desagertu arte.

Behaketek erakusten omen dute supernobak gero eta azkarrago urruntzen ari direla batzuk besteengandik (sakontzeko, hemen). Unibertsoaren espantsioaren bizkortze honen arrazoitzat "energia iluna" hartua izan bada, oraindik ezin izan zaio azalpen egokirik eman energia horri. Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek plazaratu behar duen lan batean azalpen berria ematen zaio espantsio azeleratu honi. Azalpen berri honi buruz ez da espantsioa bizkortzen dena, baizik eta denbora, moteltzen ari dena.

Era xumean azalduta, talde honek espaziodenboraren soken modeloan du oinarria (modelo espekulatiboa, guztiz onartu gabekoa oraindik, azalpen sakonagoa ingeleraz). Modelo honen arabera unibertsoa membrana ("brana" deritzona) baten azalean dago mugatua. Brana hauek hainbat dimentsio eduki ditzazkete (10, 11 edo 26, adibidez, teoria konkretuaren arabera). Gure branak adibidez hiru espazio dimentsio dauka eta denbora dimentsio bakarra. Beste brana batzu denbora dimentsio gehiago izan ditzakete, edo bat ere ez. Gauzak apur bat zailtzeko, dimentsio hauek denborarekin alda daitezke, espazio dimentsioak denbora dimentsio bilakatuz edo alderantziz. Eta hori da hain zuzen gu gauden branari gerta lekiokeena. Izan ere gerta liteke gure branan, denbora dimentsioa pixkanaka espazio dimentsioa bilakatzea. Hau horrela balitz, gainontzeko branak ikustean, bertan ematen diren fenomenoak azkartzen ari direlaren antza hartuko genuke, aldiz, gertatzen ari dena gure denboraren moteltzea delarik. Desagertu arte.

Azalpen bitxia, interesgarria edo dena delakoa izateaz gain, bere arazoa ere badauka. Lehenik eta behin soken modeloa ez dago guztiz onartua. Bestalde, espantsioaren bizkortzea ongi azaltzen badu ere, ez dago momentuz teoria honek baieztatu lezakeen beste predikziorik.

Niri behintzat guzti honekin ikusmina sortu zait. Izan ere, zer gertatuko litzateke denbora dimentsioa desagertuko balitz? Dena "izoztuko" litzatekeela erantzun agerikoa bezain sinplea litzateke. Nola litzateke orduan? Eta guk denbora galdu badezakegu, beste branek denbora dinmentsio estrak izan dezakete adibidez. Nola litzateke espazio dimentsio bakarra eta hiru denbora dimentsio edukitzea? Ni zorabiatzen hasi naiz. Ze uste duzue zuek?

Iturria: New Scientist.

No comments: