Friday, December 28, 2007

Nola dakite itsuek gaua ala eguna ote den?

Argia sumatzeko beharrezkoak diren zelulak ez dabiltzanean ere, zenbait itsuk eguna edo gaua den jakieko ahalmena du. Nola daieke?

Itsu sakonek, ezertxo ere ez ikusteko gai direnak, bere bizi erritmoa, gau-egun zikloa (ziklo zirkadianoa deritzona) eguzkiarekin egokituta daukate. Jakin badakigu, esperimentuak egin izan direlako, eguzkiaren argirik gabe (kobazulo batean asteak egonez, adibidez) ziklo zirkadiarra gutxinaka gutxinaka luzatuz doala, hau da, ordu luzeagoak ematen dituztela lotan zein esna. Baina argia detektatzeko erretinako zelulak ez dabitzanean, argia ezin ikusi, eta ondorioz kobazulo batetan bizitzea bezalakoa litzateke. Nola egiten dute baina eguzkia sumatzeko? Ikus dezagun, bada, laburki, begiaren funtzionamendua.

Irudiaren iturria: Astro Surf.

Begia kamera baten antza izugarria dauka (ala aldeantziz esan beharko?). Aurrekaldean (ikus irudia) argia sartu eta enfokatu egiten da irisa eta kristalinoaren bidez. Fokatutako argi honek betsarean (erretinan) jotzen du, begiaren atzekaldean, kamera digitaletan sentsorea litzatekena. Betsarea geruza ezberdinez satuta dago. Geruza sakonena pigmentuari dagokio. Hurrengo geruza, begi niniatik hurbilago, argia sumatzen duten zelulaz osatuta dago, konoak eta makilak. Hauek gabe ezin argirik ikusi. Hurrengo bi geruzak neuronaz osatuta daude, bertan ikusmenaren prozesamendu haundia ematen delarik. "Tarteko geruza" eta "erretinako zelula ganglionarrak" geruzen atzetik begi nerbioa dago, begiko neuronen informazioa zuzenean garunera bidaltzen duena.

Kono zein makila funtzionalik ez duena, arrazoia edozein dela ere, itsu sakona da. Baina arestian esan bezala, itsu sakon hauek, nolabait, eguzkia izpiak sumatzeko ahalmena daukate, ziklo zirkadiarra bere berean mantenduz. Jakina zen laborategiko animaliean, eta orain gizakietan frogatua izan da, neurona ganglionarrak argi urdina sumatzeko gai direla. Esan beharra dago zelula ganglionar hauek kono zein makilen inongo antzik ez dutela, lehenengoak neuronak dira, informazioa prozesatzen jaioak, bigarrenak argi izpiak jasotzeko espezialduak. Neurona ganglionar hauen %3 ak melanopsina izeneko pigmentu fotosentikorra dauka, eta ondorioz argia sumatu eta garunari jakinarazteko gai da.

Horrek azalduko luke adibidez, zientzilarien arabera, zergatik osasun zein estetikagatik begiak kentzen dituztenek (bai, niretzako ere gore da oso) lo egiteko arazo larriak edukitzea.

Edozein kasutan, zelula ganglionarrek mezua garuneraino bidali behar badute nerbio optikoak sano egon behar du, eta ondorioz itsutasun mota guztietan ez dela emango suposatzen dut. Beste zenbait galdera ere sortzen zaizkit. Adibidez, nerbio optikoaren gaitzengatik itsuak direnak ere lo egiteko arazoak dauzkate? Eta retinako eritasunetan (diabeteak eragindako retinopatian, adibidez)? Lo egiteko arazoak zenbait kasutan argi urdina sumatu dezaketen neurona ganglionar hauen gaixotasunei sor ahal daiteke?

Galdera guzti hauek alde batera utzita, ikus dezaketen beste itsu batzu etorri zaizkit burura. Itsu hauek ederki dauzkate bai begiak, bai nerbio optikoa, baita ikusmena prozesatzen duten garuneko atalak (. Aitzitik, irudiak prozesatzen dituzten garun atal hauen eta ikusmenaren konstzientzia sortzen dutenen arteko konexioa hautsita dago. Horren ondorioz ikusen dute (azkar hurbiltzen zaien pilota saihesteko gai dira), baina ez dira ohartzen, ez dira kontziente, itsuak dira.

Iturria: New Scientist.

Thursday, December 27, 2007

Inkesta berria: Jainkoa bai ala ez?


Richard Dawkins-ek El Gen Egoista liburua idatzi zuenetik mundu osoan egin da ezaguna eboluzioaren dibulgatzaile gisa. Baina EEBBetan baliteke erlijioen aurkako lanagatik ezagunagoa izatea. Izan ere, EEBBetan eboluzioa erlijo eta zientziaren arteko borrokaren erdi erdian dago. Borroka honen testuinguruan, Dawkinsek "El Espejismo de Dios" izeneko saiakera plazaratu du orain gutxi, zientziaren ikuspegitik Jainkoa/erlijioak erasotzen omen dituena. Liburua hasi besterik ez dut egin, baina bigarren kapituluan sinesmen mailaren zerrenda egiten du Dawkinsek. Zerrenda horretan oinarrituta blogan inkesta jartzea bururatu zait. Parte hartzera animatzen zaituztet.

Sunday, December 09, 2007

Igel emeek beste espezieko arrak dituzte nahiago


Espezie ezberdinen arteko ugalketa (hibridazioa) ebolutiboki zigortuta izan ohi da. Igel espezie batek, berriz, beste espezie batekin ugaltzen da garai txarrak gainditzeko.

Bi espezieren arteko ugalketa ez da oso arrunta naturan. Bien arteko diferentzia genetikoek gehienetan ezinezkoa egiten dute ernalketa, eta bidezkoa denean ere ondorengoen ugalkortasuna gutxitu edo hutsean geratzen da (denon ezaguna da mandoen kasua). Arrazoi honengatik, espezie ezberdinen arteko ugalketa ekiditua izan ohi da. Baina ez beti.

Spea generoko bi espezie (Spea bombifrons eta Spea multiplicata) ekarrekin bizi dira ipar amerikako putzuetan. Putzu hauek, azalekoak izanagatik, lehortu ohi dira. Bizirauteko, zapaburuek putzua idortu baino lehen igel bilakatu behar dute. Normalean astia badaukate ere, zenbaitetan, arrazoi klimatologikoak direla medio, putzuak lenenago lehortzen dira.
Garai idor hauetan S. bombifrons espezieko zapaburuek desabantaila daukate, motelago hazten bait dira eta ondorioz biziraupen tasa asko murrizten bait zaie. Baina ez pentsa...

S. bombifrons emeek garai lehorretan ugalketa ohiturak aldatzen dituzte, beste espezieko arrekin ugaltzeari ekinez. Honela, sortutako zapaburu hibridoak arraren espeziekoak bezain azkar haziko dira. Zoritxarrez, sortutako igel hibridoak ugalkortasun murriztua daukate (arrak antzuak eta emek arraultzen erdia jartzen dute), baina hala eta gutiz ere pena merezi omen die.

Ez omen da espezie ezberdinen arteko ugalketa kasu bakarra (hemen adibide batzu). Bitxia da baina, orokorrean kaltegarria den gauza, eta ondorioz ekiditua izan ohi dena, S. bombifrons igelen kasuan egoera jakin batean abantila izateagatik erabilia izatea.

Berria eta artikulu zientifikoa irakurri ondoren hainbat galdera geratu zait erantzun gabe. Adibidez, nolakoak dira hibridoen ugalketa ohiturak? S. bombifrons espeziekoak hala S. multiplicata espeziekoak? Kasu bietan, bestelako indar ebolutiboak kontutan hartu gabe, bi espezieak pixkanaka bateratu litezkeela pentsa genezake. Posible ahal da hau? Nahiko ezagunak dira espeziaziorako (espezie berriak sortzeko) mekanismoak, baina zenbateraino da arrunta espezie ezberdinak bat egitea?


Saturday, December 01, 2007

Kalitatezko euskal telebista baten alde


Denok dakigu nelako programazio exkaxa, zaharkitua eta TXARRA duen ETB1-ek. Kamera ezkutuak, Mr Bean-en bukle amaigabeak, dokumental ziztrinak, kirolak eta folklorea besterik ez du eskaintzen. Nik neuk gutxitan ikusten dut ETB1, zenbaitetan marrazki bizidunak edo Noa Oa ikusteko izan ezik. Egoera triste zein lotsagarri hau konpontzeko sinadurak biltzen hasiak dira interneten. Egia esan behar bada aspaldi hasi ziren, martxoan edo, eta oraindik 200-en bat sinadura besterik ez dute bildu. Hautsi ditzagun markak eta argi gera dadila euskaldunok KALITATEZKO euskal telebista exijitzen dugula.

Anima zaitezte eta eman ezazue zuen sinadura.

Anima zaitezte eta bidali mezua zuen lagunei, gutxi batzuei bada ere, badakizue eta hau gauza esponentziala dela....

Eskaera irakurri eta sinatzeko: hemen.

Thursday, November 29, 2007

Dokumentalak, izan beharko luketen bezalakoak


Dokumental zoragarria ikusi berri dut eta ezin izan dut sarrera hau idazteari uko egin. Gaztelerazko bertsioak "Viaje al cuerpo humano" du izenburua. Aspalditxo ikusita neukan dokumentala, hizkera xumea darabilena baina aldi berean informazioa ematen duena. Irudi-animazio harrigarriak eta erakargarriak erabiliz giza gorputza erakusten digu, era zoragarrian gainera.

Gaurko atala berezia zen. Sailaren azkenaurreko atala heriotzari buruzkoa zen. Eta hauxe da hain zuzen sarrera honen arrazoia. Azken atal honek heriotza lantzen du, era guztiz xumean, era guztiz errealistan. Heriotza den bezala. Funtsik gabeko sinesmenen arrastorik ez da inondik ageri (zientziaren dibulgaziozko dokumental orok izan beharko lukeen bezala), datuak, informazioa, den bezala erakutsiz. Sinpleegia agian, baina gauzak diren bezala Gauzak gaur egun ezagutzen ditugun bezala, eta ez sinesten ditugun bezala.

Pertsona baten heriotzaren jarraipena egiten da ere. Minbiziaren hastapenetatik heriotzera. Begirune osoz, gardentasun osoz. Inongo sentimentaltasun edulkoraturik gabe, inongo ikuskizunik gabe. Krudela, bai, heriotza bait da. Baina begirune guztiaz.

Esan bezala aspaldi ikusi nuen dokumental hau. Baina gaur nolabait ezberdina izan da. Konturatu bait naiz nonbait iragan hurbilean aldaketa gertatu dela. Zientzia agertzen den saio orotan, hots, dokumentalak, filmeak, eta abar, jainkoa eta sineskeriak ere agertzen direla. Osagarri balira bezala. Pisu, indar, arrazoi bera balute bezala.

Atzera pausoak ematen ari ahal gara? Ez nintzateke harrituko, izan ere ikusi besterik ez dago kreazionismoak gaur egun duen gorakada. Zoritxarrez, Amerikako Estatu Batuetan bakarrik gertatzen ez dena (ikusi bestela berriak BBC-n eta Euronews-en).

Gehigarria: Dokumental hau BBC-k sortua da, eta hainbat sari irabazi ditu, hiru BAFTA eta Royal Television Society-ko beste lau besteen artean.

Gehigarria #2: Localia-k eskeini du dokumental hau, ostegunero 22:30-etan hasita. Zorionak Localia.

Gehigarria #3: Ikusi berri dudanez dokumentala 1998-koa da. Hemen kapituluen laburpena aurki daiteke.

Gehigarria #4: Eta hemen behean seigarren ataleko sarrera zoragarria. Ez silikona, ez hiperhormonatutako giharrik. Gorputz naturalak bezain ederrak.



Sunday, November 25, 2007

Unibertsoaren suntsitzea eragin dugu?


Unibertsoa betirako luza zitekeen, baina 1998. urtean materia ilunaren esistentzia babesteko balio izan zuen supernobaren obserbazioak unibertsoaren heriotza ekar lezake.

Orain areko teoria kosmologiko nagusienaren arabera, gure unbertsoa ezagutzen dugun bezala sortu baino lehen energia haundiko "huts negatiboko" burbuila zegoen. Energia haundiko huts negatibo horrek energiarik gabeko huts arruntari eman zion paso big bang ezagunean. Prozesu orretan askatutako energia eskergak materia sortuko luke, bai eta materia hori izugarri berotu ere.

Baina materia iluna aurkitzearekin batera eta aldi berean unibertsoaren espantsioa azeleratuz doala aurkitzean, oraindik ere huts negatiboa esistitu litekeela pentsatu dute zientzilariek. Huts negatibo horrek edozein unetan energiarik gabeko huts arrunterako trantsizioan sar liteke, jatorrizko big bang-aren antzeko gertaeran den dena suntsituz.

Gure zorionerako, suntsipenezko transizio hau gertatzearen aukerak oso eskaxak ziren orain gutxi arte, nolabaiteko ekilibrio egonkorrean egon gintezkeelako. Baina gure zorritxarrerako, ekilibriorako aukera hori galdu zitekeen, 1998-an surernoba baten eztandan materia hiluna behatu genuelako.

Mekanika kuantikoan badago "Zero efektua", zeinaren arabera objektu kuantiko bat behatzean bere kontagailua zeron jartzen da, nolabait esateko. Honen ondorioz, jada ez geundeke huts negatiboaren egoera egonkorrean, baizik eta aurreko egoera ezegonkorrean. Horrek suposatuko luke edozein momentutan, blog hau irakurtzen bukatu baino lehen, edo agian hemendik hamar milioi urtetara, trantsizioa gerta litekeela, dena suntsituz (gu barne, noski).

Lawrence Krauss eta James Dent zientzilarien lan hau ez da oraindik zientzilarien komunitateak onartua izan. Ondorioz, hipotesi interesgarri/kitzikagarri gisa bezala hartu beharko litzateke, oraingoz behintzat.

Iturria: New Scientist

Saturday, November 17, 2007

Beroketa globala Nafarroan ?!$%/#


Denetarik entzun dezakegu gaur egun aldaketa klimatikoari buruz. Gore jaunaren diskurtsoa nagusiena izanik ere bestelakoak ere entzuten dira. Blog honetan jada aldaketa klimatikoari buruzko iritzi ez ortodoxoak agertu dira. Atzo, Iruñeako planetarioko zuzendaria den Javier Armentiak ere, Diario de Noticias egunkarian IPPC erakundearen txostenetan aldaketa klimatikoaren inguruan emaniko ikuspegia epeltzat hartzen zuen.

Atzo ere Navarra Confidencial web gunetik bidaltzen didaten spam-ean ere aldaketa klimatikoaren gaia zen nagusi. Navarra Confidencial gunean eguneko berri nagusiei mamia ateratzen saiatzen dira, del Burgoren ildo politikoa, Telecinco-ko El Buscador saioaren kazetaritza kalitatea eta Zaplanaren arropuzkeria gidatzat dituela.

Esan bezala, aldaketa klimatikoa zen gai. Izenburuan galdera luzatzen zuten "Es real el calentamiento global en Navarra?". Nafarroako klimatologia webguneko datuak hartuta (Noainekoak soilik eta 1997-tik 2005-era) hiru grafiko aurkeztu zituzten, urteetan zehar izan diren batezbesteko tenperatura, prezipitazioak eta izozketak erakutsiz (behean ikus daitezkeenak hain zuzen). Ondoriorik ez dute ateratzen, haien esanetan irakurleak atera ditzala nahi dutelako.

Tenperaturak:

Prezipitazioak:Izozteak:

Kazetaria ez naizen aldetik, kazetaritza arloko akatsak ezin ditut eman, baina akats zientifikoak izugarriak dira:

1) Beroketa globala globala da, hots Lurra planeta osoari dagokiona, eta ez tokian tokikoa. Nafarroan ezin da beroketa globalik eman, nahiz eta horren ondorioak soma litezkeen.
2) Erabilitako datuak Noainen hartutakoak dira, beraz, zaila da sinestea Nafarroa osoa ordezkatzen dutenik. Ondorioz, haiek botatako galderari ezin diote erantzunik eman.
3) Lehenengo datuak 1997-koak dira. Beroketa globala erakusten duten tenperaturaren datuak gutxienez 1970. hamarkadan hasten dira, nahiz eta XX. Gizaldian edo eta iraultza industrialean ere izan daitezkeen (ikus wikipedia). 8 urte denbora laburregia da inongo joerarik demostratzeko.
4) Erakusten dituzten grafikek, bitxia da, beherantzko inklinazioa daukate, edozein igoera ikusteko zailagoa delarik. Holako grafikek, nahiz eta erakargarriagoak izan, ez dute inondik ere balio joerarik erakusteko.


Ondorioz, datu oso eskaxak era oso ezegokian aurkeztuak, zentzurik ez duen galdera erantzuteko. Gai oso konplexua, era oso sinplean aurkeztua. Irakurleek inolaz ere ezin izango lukete egoera honetan ondorio onik atera. Nahita hala nahi gabe, desinformazio hutsa.

Wednesday, November 07, 2007

Euskara, hizkuntza "desaktualizatua"

Zorionekoak gu. Zorionekoak gu, gure salbatzaileek hitz egin dutelako. Mundu luze zabalean hainbeste onura sortzen dutenak, euren jainkozko haziak landatzen dituzte gure munduan, demokrazia indarrez ezarriz, herritarren oso susmagarrien bahiketa misteriotsuak, gaiztakiloen gartzelaratzea inongo alferrikako epaiketarik gabe, bai eta hainbat askatasunaren aldeko gudarien prestatzea (zoritxarrez bat batean, harrigarriki, terrorista bilakatu edo estatu kolpeak ematen dituztenak) eta abar eta abar... Euren goi mailako kultura ere eskuzabaltasun osoz ezartzen digute, amodiozko musika ezin hobea, filme sakon bezain didaktikoak, gastronomia zoragarri eta osasuntsua, kreazionismoa eta antzeko ideia distiratsuak eta abar eta abar eta abar.

Azken honetan gure salbatzaileek kazetaritza erakusketa egiten digute. Baina ez hori bakarrik. Berriz ere munduko gure hertz ezkutu honetan ematen den bidegabekeria salatu egin dute. Eta ez hori bakarrik, ezta gutxiago ere. Gure hizkuntza zaharkitu , atzerakoi eta alferrikakoa dela erakusten digu, blog ziztrin bat idazteko ere balio ez omen duena.

Hona hemen berria, eta eitb-n agerturiko aipamena.

Kazetari estatubatuar, openminded (sentitzen baina euskaraz ez dugu horretarako hitzik, artzain esateko bai , baina) eta hain kontseilari talde handia, aparta eta jakintsua bildu duen horrek, arrazoia duela. Ibarretxek bulkanieraz askoz hobe egiten du euskaraz baino, eta gaur egungo bizimodu modernorako euskarak ez du balio. Azken finean neologismoak sortu behar ditugu (neologismo hitza bera ere metaneologismoa ote?). Baina itxoin, uste dut gazteleraz ere web, blog, pda, lcd, share (hola, botepronton) eta holako hitz moderno modernoak ere inportatu egin direla. Bai, kazetariak arrazoia zeukan baina gauza bat ez digu esan (agian horretarako prest ez gaudelako oraindik). Ingelera ez den edozein hizkuntza, bai eta AEB-etako kultura, bizimodua eta kanpo politika ioldakorra ez den edozein erabat denboraz kanpo dago. Erabat outdated (bestela ez da ulertzen, txo!).

Friday, October 12, 2007

Igelak, euliak, T-Rex eta begien mugimendua

Tiranosaurus Rex-ak ez omen zuen mugitzen ez ziren gauzak ikusten. Malcolm horri esker iraun zuen bizirik Parque Jurasico-n, oker ez banago. Bigarren atalean aldiz, El Mundo Perdido-n, T-Rex-ak mugitzen ez ziren pertsonai sekundario gaixoak ikusteko ahalmena garatu zuen, pertsohai hoien kalterako. Zer gertatu ote zitzaion T-Rexari holako ahalmenak garatzeko?

Igelak , T-Rexa bezala, ehiztari trebeak dira, baldin eta intsektuak mugitzen ari badira behintzat. Eulia geldirik badago igelak, T-Rex bezala, ez du ikusiko. Zegatik gertatzen ote da hau? Neuronen adaptazioan datza gakoa. Estimulu batek denboran luzatzen bada, neuronek estimulu horren aurrean gero eta erantzun ahulagoa emango dute, desagertu arte. Honela eulia ikuspegitik galtzen da.

Gizakion neuronetan ere adaptazioa ematen da, Troxler-en testak erakusten duen bezala. Begiratu ezazu fito fito beheko irudiko erdian dagoen gurutze beltzari. Aldi berean, gurutzetik begibista kendu gabe, inguruan dauden borobil larrosei erreparatuz. Denbora laburrean borobil larrosak desagertuko dira, adaptazioa dela eta. Aldiz, lehen borobilek uzten zuten hutsuneari zegokio tokian borobil urdina agertuko da. Honek ez du adaptaziorik sortzen, etengabe mugitzen bait da.


Baina, igelak ezbezala, gizakiak eta ugaztunak orokorrean, geldirik dauden euliak, dinosauroak eta garagardo botilak ikusteko gai dira. Hain zuzen ere objektuak mugitu ezean, guk mugimendua sortzen dugulako, geure begiak mugituz. Gure begiak etengabe ari dira mugitzen, gu ohartu gabe. Mugimendu hoien artean sakadek garrantzi haundia daukate objektu estatikoen ikusmena sortzeko unean. Sakadak begien etengabeko mugimeudu nimino eta ez boluntarioak dira. Hoiei esker, retinaren gainean sortzen deu euliaren irudia etengabe mugitzen dute fotorrezeptore batzuetatik besteetara, neuronen adaptazioa ekidituz. Troxlerren testa berriz egiten badugu, konturatuko gara erdiko gurutzea ez dela desagertzen. Sakadei esker, hain zuzen ere, gure arretak jarraitzen duen objektu estatiko hori ikus dezakegu.

Adaptazioa gure nerbio sistemaren ezaugarri oinarrizko a eta beharrezkoa da. Adaptaziorik gabe egun osoan sentituko genituzkeen zapatak oinetan, betaurrekoak begietan, geure bihotz taupadak eta autoen kutsadura, dena batera eta etengabe. Baina estimuluen filtratze honek zenbait desabantaila izan dezake, gure muturraren aurrean dagoen euli goxoa galtzea, edo eta Malcolm pedantea ezin akatzea, adibidez. Eboluzioaren poderioz, ugaztunek konponbide elegantea eman genion arazoari; eulia mugitzen ez bada, geuk mugituko ditugu begiak.

Eulia goza dezazuela!

Sarrera 2007ko urriko Investigacion y Ciencian argitaratutako artikuluan dago oinarrituta.

Wednesday, October 03, 2007

esque se hablan muchos idiomas....

Sarrera laburra:

Haurtzaindegiko bilera, aspergarria (amatxo gehiegi haurtxoen tontakeri zoragarriak kontzatzen), baina beharrezkoa, tira. Bilera bukatu eta galdera luzaztzea erabaki dut. Ez dut horren beharrik, gauzok lehenengo begirada batez ikusten direlako. Sehigarren zentzua edo hilezkorrek elkarri somatzeko duten ahalmena , auskalo. Eta horra galdera: "zein da euskarari buruzko zuen jarrera?".

Zertarako arraio galdetzen dut? Haurtzaindegi erdalduna da, baina beti daukat nire espezieko norbai topatzeko esperantza. Aurpegi txuriak, enbarazu aurpegia eta "Es que no hablamos vasco [...] Tenemos niños a los que les hablan en frances, esque se hablan muchos idiomas [...]" Hilezkorrek egin ohi zuten bezala ezpata atera eta burua mozteko grina sortu zait, baina, azken finean, alaba egunero zazpi orduz daukate eta aguantatu behar...

Beti bezala lelo irribarretxoa atera eta izorratu. Nire etxean beti izango naiz arrotza.

...

Sunday, September 30, 2007

Intsektu-bakeria hibridoak


Dibulgaziozko hedabideetan genoma, ia beti, instrukzio sorta estatiko bezala azaldu izan da. Zenbaitetan, adibidez, entziklopedia erabili izan da genomaren simil bezala (hortik dator agian transgenikoek sortzen duten ikara). Baina ikuspegi hau intuitibo bezain okerra da.

Genoma (baita gu H. sapiens-ona ere) dinamikoa da oso, etengabeko aldaketa eta berregituraketa jasaten duena. Intsektu batzuk marka hautsi dute baina, bere genoman bakteria baten genoma oso osorik bereganatzean.

Wolbachia pipientis bakeria parasitoa da, intsektuen artean arrakasta izugarria duena. Izan ere, bakteria honek intsekuen % 20a infektazen du. Parasito hau emeen ugal zeluletan dago, eta ondorioz, amaren bitartez pasatzen da hurrengo belaunaldira. Parasitoaren ADN-ak emearen ugal zelula baten genomarekin bat egin omen zuen behin (gutxienez), eta hortik aurrera belaunaldiz belaunaldi intsekuen genomaren parte bihurtu da.

Ez da animali baten genoman bakteria geneak topatzen diren lehenengo aldia, baina orain arte kontaminaziotzat hartuak izan dira. Kontaminazioa baztertzeko, ikerlariek intsektuen larba desinfektatuak erabili zituzten. Honela, ozpinaren euliaren hainbat barietadetan Wolbachia bakteriaren genoma osoa dagoela baieztatu ahal izan zuten.

Baina geneak hor egoteak ez du esan nahi funtzioa edukitzeko beharrezkoa den ADN->ARN->proteina bidea osatzen dutenik. Lehenengo ikerketek erakusten dutenez, intsektuen genoman topatutuko Wolbachiaren geneen %2-a behintzat ARN bezala transkribatzen da. Intsektuareu fisiologian funtziorik betetzen ote duten ikustear dago.

Genoma transferentzia hau intsektuetara mugatzen da? Oraindik ez dakigu. Badakiguna zera da, giza genoma sekuentziatu zenean kontaminaziotzat hartutako hainbat bakteria sekuentzia agertu zirela. Birusen sekuentziak aspalditik dira ezagunak giza genoman (HERV, Human Endogenous RetroVirus deitutakoak), baina birus askok bizi zikloaren puntu batean gure genoman integratu behar dute nahitanahiez (ezpainetako herpes virusak adibidez gure bizi osorako sartzen zaigu gure genoman).

Jakina da HERV batzuen proteinek funtzio garruntzitsuak dituztela gizakion fisiologian (embrioiaren inplantazioan, adibidez). Ez litzateke hain harrigarria ere gure eboluzioan bakteria baten genoma geureganatzea eta denborarekin gene hoiek funtzio ezberdinetarako erabili izana. Izan ere aspaldi, oso aspaldi, orain gure mitokondriak direnak bakteria askeak ziren. Eta orain, aspaldi bakteria hoien geneak zirenak, gaur egun gure genoman daude. Azken finean gu guztiok transgenikoak gara.

Oharra: Berria lehendabiziko aldiz Science aldizkarian izan zen argitaratua, nik Natur-en irakurri nuen arren. Bai Science, baita Natur aldizkariek ere ordaintzera behartzen dute berria irakurri ahal izateko. Zientziaren eta orohar informazioaren mugimendu askearen aldeko naizenez, ez dut bi aldizkari hauen estekarik jarriko. Bai ordea New Scientist-ena, berria debalde eskeintzen duena, hementxe.

Monday, September 03, 2007

Estandarren guda sekretua


Oharkaben hartu ninduten Microsoften Open OficeXML (OOXML) formatuaren estandarizazioaren inguruko garabeherek. Niretzako ordurarte esistitzen ere ez zen prozesu batean estaliko borroka eta estrategia zikinak topatu nituen arte. Izan era egunotan, bere garaian bulegorako suite irekia den Openoffice.org-k erabiltzen duen "odf" formatuarekin egin zen bezala, Microsoftek bultzatutako Open OficeXML formatuaren estandarizazioa eztabaidagai eta bozkagai dago.

Estandarizazioa zer den? Estandarizazioaren prozesua ISO erakundearen onarpenean besterik ez datza. Kalitatearen ISO 9001 famatuaz gain hainbat gauza estandarizatzen dituen erakundea. Prozesu honen bitartez industriak erabiliko zituen arau amankomunak eratuz. Arau edo estandar hauek onartzeko herri ezberdinek, beti ere bertako erakunde adituearen bitartez, baiezko edo ezezkorako bozka emanez. Botuen 2/3 behar dira estandarizazioa onartzeko.

Zer da Open OficeXML (OOXML)? XML-n oinarritutako fitxategi mota bat da, testu, kalkulu orri eta abarreko dokumentu elektronikoetarako. Laburtuz orain arte Microsoft Ofice-k erabili izan duen formatuaren ondorengoa. Microsoft Office 2007-k jada erabiltzen duen formatua hain zuzen. Openoffice.org alternatiba askea eta irekiak aldiz Open Document (odf) formatua erabiltzen du, XML-n ere oinarritua, baina dagoeneko, 2006ko abenduaren 30-a ezgeroztik estandarra dena.

Arrazoi ezberdinak direla eta (guztiz irekia ez izatea eta benetan estandarra ez izatearena besteak beste) zenbait talde mobilizatu egin dira OOXML-ren estandarizazioaren onarpenaren aurka, openxml.info eta nooxml.org adibidez. Horretarako sinadurak ere eskatuz.

Bitartean bozkapenak aurrera doaz eta lehenengo emaitzak argitaratu dituzte. Adibide gisa Frantziak eta Erresuma Batuak ezezkoa eman duten bitartean, Alemaniak eta Portugalek baiezkoa eman dute hemen Europan (Estatu Batuek ere baietzka eman dute, noski) eta Italia zein Espainia abstenitu egin dira. Larriena bozka hauen atzean aditzen diren irregulartasun hotsak, Hainbat herritan Microsoften joku zikina salatuz, hoien artean Espainia.

Oraindik behin betiko onarpenerako prozesu luzea geratzen bada ere, gauzak dauden bezala eta Microsoften ustezko ("ustezko" azpimarratu behar dut, gauzak beti kontu haundiz hartu behar direlako) estrategia ikusita, zaila dirudi etorkizunean OOXML estandarra ez izatea.

Inor gutxik ezagutzen duen prozesua baina etorkizun hurbilean gu guztiongan eragina izango duena, "demokraziaz" jantzia baina barnean joku zikinak usteldua. Bai ederra bizitza.

Galdera bota nahi nizueke: ISO erakundearen funtzionamendua ikusita, eta batez ere estandarizazioaren prozesua ikusita, ze fidagarritasun dute kalitaterako ISO 9001 eta, zeharka bada ere, gugan hain eragin haundia duten gainontzeko ISO famatuek?

Eguneraketa, Izardata 20070904: Nire predikzio ahalmen izugarria baieztatuz hainbat blogetan ( error500, barrapunto.com besteak beste) bai eta Iso erakundearen webean bertan ere irakurri daitekeenez OOXML-ren estandarizazioa atzera botata izan da. Datorren urtean bigarren txanpa izango da, baina oraingoan ez dut aurrikuspenik egingo, hori behintzat ikasi dut.

Eguneraketa, Izardata 20070909: Barrapunton irakurri dudanez, EFFI (Electronic Frontier Finland) erakundeak (elektronikaren inguruko gaietarako Finlandiarren babeserako erakundea) gai honen inguruko lana aurkeztu du. Azterketa horretan Microsoften OOMX formatuaren aldeko bozkaren eta korrupzio mailaren (korrupzioaren pertzepzioa neurtzeko CPI indizearen arabera) arteko erlazio estadistikoki signifikatiboa topatu dute. Hau da, herri jakin bateko korrupzioa geroz eta haundiagoa, orduan eta probabilitate gehiagoz bozkatuko du OOXML-aren alde. Lan honek ez du kausa-efekturik frogatzen, baina bitxia da ezta?

Wednesday, August 22, 2007

Ez dugu erabakimenik. Ala bai?


Joan den urtean nobel saridun fisikari batek bere "teoria" plazaratu zuen. Honen arabera mekanika kuantikoaren indeterminazioaren azpitik errealitate deterministiko bat legoke. Horren harira, bi matematikariren lanaren ondorioen arabera fisikariaren teoria zuzena izatekotan, gizakiak ez luke erabakimenik izango (gure erdal hizkuntza maitean “libre albedrio” esaten dena) . Egia izango ahal da? Benetan ez ahal dugu erebakimenik? Ez ahal gara gure erabakien jabe?

Mekanika kuantikoa teoria sendoa da. Errealitatearen hainbat gauzari azalpen koherentea eman izan dio, bai eta beste hainbat gauza iragarri ere. Baina errealitatearen beste eskala batzuk deskribatzen dituen erlatibitatearen teoria ezbezala, gure senetik kanpo dauden ondorioetara iristen da. Adibidez, ezinezkoa da partikula baten kokapen zehatza jakin, kokapen hori nehurtu arte. Izan ere partikula horrek ez zuen kokapen zehatza, baizik eta kokapen posibleen deskribapen probabilistikoa (uhin funtzioa deitzen dena). Hobe ulertzeko jo zazu wikipediara, eta euskarazko azalpenik nahi izanez gero, hona.

Errealitatearen azalpen ez deterministiko horrek zientzilari asko aztoratu izan ditu, hoien artean 't Hooft nobel sariduna. New Scientist.com web gunean 2006ko maiatzean plazaraturiko berrian 't Hooft-ek garatutako teoriaren berri ematen da. Teoria hoen arabera mekanika kuantikoaren eskalaren azpian (Planck luzera baino eskala txikiagoetan; 10-35 metro) errealitate deterministiko bat legoke. Hain eskala txikitan partikulez hitzegin ez daitekeenez, 'tHooft-ek “egoerak” (states, ingeleraz) definitzen ditu. Egoera hauek deterministikoki jokatzen dute eta ondorioz, mekanika kuantikoan ezbezala, heuren portaera aurrikusi daiteke. Egoera hauek oso bizi laburraren ondoren, 10-43 segundu, bat egingo lukete mekanika kuantiakoaren errealitate ez deterministikoa sortuz.

Modelo honen ondorioak habiapuntutzat hartuta, Conway eta Kotchen matematikariek haratago joan ziren, errealitatearen deterministikotasuna eta erebakimena uztartuz. Partikula baten ezaugarrien artean spin-a dago. Spina hiru ardatzetan neurtu daiteke, eta mekanika kuantikoak ezartzen duen bezala ardatz bakoitzean spinak duen balioa ezin da aldez aurretik jakin, neurtu beharra dago. Conway eta Kotchen matematikarien lanaren arabera, partikularen spinak edozein balio har badezake (mekanika kuantikoak dioen bezala), zientzilariak spin hori edozein ardatz eta edozein ordenetan neurtu dezake. Aldiz, partikularen spinaren balioa finkatuta badago, hots, determinatuta badago ('tHooft-en modeloak dioena), orduan zientzilariak ere finkatuta edukiko luke zein ardatz neurtu eta neurketa zein ordenatan egin. Hau da, zientzilaren jokaera deterministikoa litzateke. Partikulen deterministikoki jokatzen badute, zientzilariek ere. Akabo erabakimena. Zihur?

Matematikari hauen lanak, hala ere, ez du ezer frogatzen ezta ezeztatzen ere. Fisikari batek baina 't Hooft-en modeloa zuzena ez dela frogatuko lukeen esperimentuaren atzean legoke. New Scientist.com-eko 2007ko abuztuko berrian Antoine Suarez fisikariaren esperimentuaren berri ematen da. Partikulen “lotura” efektu kuantikoa erabiliz (ingleleraz particle entanglement izena duen fenomeno bitxia, ikusi wikipedian) 'tHooft-en modeloak behar duen denbora ordena eta kausalitatea esistitzen ez direla frogatu omen dute, teoria ezeztatuz.

Zientzilariek guzti hau argitzen duten bitartean, teoriak eragindako giza erabakimenaren gaineko eztabaida metafisikoek aurrera darraite. Batzuentzako giza jokabidea deterministikoa izateak erabakimenaren bukaeratzat duten bitartean, besteek ere ez dute erabakimen haundirik ikusiko gure garuna aleatoriotasun kuantikoa oinarritzat duela funtzionatzen badu. 't Hooft-ek bitartean, giza erabakimenaren kontzeptuaren berrikuspenaren beharra azpimarratu du. Berrikuspen honen arabera guk ez genuke ahalmenik edukiko kafea edan edo katilua lurrera botatzeko, aukera horrek iraganeko garuneko prozesuetan lukeelako sorburua. Gure erabakitzeko ahalmena gauza bat hala bestea egin ezkero zer gerta liteke kalkulatzean legoke.

Azken hau irakurri bezain pronto beste nonbait irakurritakoa bururatu ziztaidan. Giza garuna aztertzen badugu katilua bota baino lehentxeago ikusiko genukeena litzateke: lehenengo mugimendua kontrolatzen duten garunaren atalak aktibatzen direla, botatzeko agindua bidaliz, eta ondoren konstzientziaz arduratzen diren atalen aktibazioa, egin dugunaren konstzientzia sortuz. Erabakimen konstzientearen arrastorik ez.


Oharra: Zoritxarrez azken honen iturbururik ezin izan dut topatu. Beraz, zihur baldin banago ere irakurri dudala, ezin dut guztiz ezeztatu ulermenean edo oroimenean akatsik izan ez dudanik. Zin egiten dut iturburua topatu bezain pronto sarrera eguneratuko dudala.

Saturday, August 04, 2007

Ezgaituak eta ezjakinak

Berriz ere ezjakintasunari buruzko gogoetarekin nator (kasualidadea ote?). Gaurko honetan aspaldi argitaratutako ikerketa bada ere, nire bizitzako hainbat pasarte “ezeroso” azaldu ditzazkeelako agian iruditu zait interesgarria.

Laburpenaren laburpena honakoa litzateke: Pertsona ezgaituek (lan edo ataza jakin batean trebeziarik ez dutenak), gaitasun eskaxak izan ezezik heuren gaitasun ezaz ohartzeko ahalmenik ere ez dute, ez omen dira euren ezgaitasunaren kontziente (hizkera teknikoan gaitasun metakognitibo eza). Gainera, gaitasuna gainontzeko pertsonetan ikusteko gai ere ez dira. Honek dakarrena zera da, jende ezgaiak heuren burua gainontzekoen gainetik baloratuko dute, eta nahiz eta pertsona trebeagoen gaitasun haundiagoaren lekuko izan, oraindik ere heuren burua gainetik ikusiko dute (Dunning-Kruger efektua).

1999-an Journal of Personality and Social Psychology aldizkari espezializatuan argitaratutako ikerketaren helburua jendeak bere burua eta abileziak baloratzeko ezgaitasuna azaltzea zen. Joera bitxi honen adibidea “batazbestekoaren gaineko efektua” litzateke, hots, jende orok bere burua batazbestekoaren gainetik baloratzeko joera. Aski soberan dago esatea honek estatistikarekin bat ez datorrela (ezinezkoa da jende guztia batazbestekoaren gainetik egotea, definizioz).

Ikerlan honetan trebetasun ezberdinak aztertu zituzten, hots, umorea, gramatika eta arrazoiketa logikoa. Kasu guztietan, ezberdintasun xumeak gorabehera, efektu bera ikusi zuten; geroz eta gaitasun gutxiago, orduan eta akats haundiagoa norberaren gaitasuna baloratzeko. Horretaz gain, gaitasun eskaxa zutenak (ez ordea trebeenak) ez ziren heuren akatsa zuzentzeko gai nahiz eta gainontzekoen emaitzak ikusi (gehienak hobeak, noski). Baina badago gaitasun metakognitiboa hobetzeko modua, gaitasunaren exekuzioan hobetzearen bidez. Gaitasun gutxikoei ataza ongi egiten irakasten zitzaienean (ataza jakin horretan gaitasun haundiagoa izateko) gaitasun metakognitiboa ere lortzen zuten. Halegia, ataza zehatz bat egiteko eta gaitasun hori baloratzeko erabiltzen diren garunaren atalak berdinak omen direla.

Ondorioa, latza. Imajina ezazue ardura haundiko postu batean gaitasun eskaxeko pertsona dagoela (ez zaigu baina zaila egingo imaginatzea). Egingo dituen erabaki txarrez aparte, bere kabu hobetzeko inongo aukerarik ez dago, horretarako erreferentziarik ez bait du. Hare okerrago, bere esku pertsona gehiagoren etorkizuna badago, ez da inolaz ere gaitasun haundiko pertsonez inguratuko (txiripa hutsez ez bada behintzat). Geure buruari ere aplika diezaiokegu. Geure burua baloratzeko ahalmenik ez izateaz gain, balorazio hori egiteko pertsona topatzeko gai ez bagara, nola jakin genezake gauza zehatz bat ongi hala gaizki egiten ari ote garen?

Artikulu honen azalpen trebeagoa Fogonazos blogan eta zehatzagoa wikipedian. Eta hementxe artikulua, irakurri nahi duenarentzat.

Friday, August 03, 2007

Napartheid


Blog honetan politikari buruz ez hitzegitea erabaki nuen. Zientzia dut nahiago, kontrastatu daitezkeen datuak dituelako oinarri eta, argi esanda, poz gehiago ematen dizkidalako (zaila ez bada ere). Beraz, nire hitza betetzeko sarrera hau "gizartea" etiketa eramango du, baina esan beharrekoa esango dut.

Ohituta nago gutxiengo izatera. Euskalduna eta ezkertiarra bezala gutxiengoa naiz nire herrian, Nafarroan. Eta demokrazian badakigu, gutxiengoa hutsaren hurrengoa da.

Oraingo honetan, bitxia bada ere, ez nintzen gutxiengoa nire herrian. Nafarron %60-aren ordezkari polikikoek gobernu aldaketaren aldeko erabakia hartuta zuten (gorabehera mingarrien ondoren baina). Estraineko aldiz nafar euskaldun bezala nire eskubideak defendatuko lituzkeen gobernua (printzipioz, eta esanak erdi ustel geratzen ez baziren behintzat).

Baina non eta Nafarroako gobernua eratzeko nafarron gehiengoaren erabakia debekatua izan da. Debekatua ez nafarroan bertan, baizik eta Espainian, Madrilen. Eta ez nafarron erabakiagatik (ez eta nafarron onerako) baizik eta "estategia nacional" batengatik, nafar herritarrak ez direnen aurreritzien beldur diren arrazoiengatik. Euskaldunok ezagutzen ere ez gaituzten espainiarren aurreiritziengatik.

Asumitua daukat gutxiengo bezala inork ez nauela kontutan hartuko. Agerikoa da nafar bezala gutxiengo bat naizela espainian. Baina oraingoan nire gobernua autatzeko gehiengo demokratikoa nintzen.

Mikel Bujandak Euskal Herria irratian zioen bezala hau ez da demokrazia kontua, marginazioa, apartheid kontua baizik. Ilusioak eta esperantzak alde batera utzi beharko ditugu berriz ere, beste lau urtez gure etxean atzerritarrak bezala biziteko. Baina lasai, euskaldun bezala marginatua izatera ohituta nago jada.


Oharra: Gogoeta han plazaratu ondoren hainbat gauza esango dute politikariek. Hainbat arrazoi, justifikazio, historio eta kontu asmatuko dituzte. Horrek guztiak baina ez du sakonekoa aldatuko.


Berria Berrian, Garan eta EITB.com-en


Tuesday, July 03, 2007

Mundua aderantziz


Galdu egin naiz. Aste hauetako uneren batean errealitatetik aldendu naiz nonbait. Mundua alderantziz doala esango nuke, baina jendearen jarrera ikusita baliteke ni izatea alderantziz dagoena. Psikologikoki dibergente izango ote naiz?

Lehenengo dibergentzia. George Ubedoble Bush, embrioi zelula amak ikerketarako debekatuko zituela jakinarazten zuen diskurtsoan bere "all human life is sacred" (giza bizi oro sakratua) esaldia botatzen du. Bitartean Iraken hamarka hildako daude egunero (ehundaka hiltzen ez direnean), Estatu Batuek zuzenean edo zeharka eragina. Sakratu hitzaren esanahia ezezaguna ote Bushentzat? Bere burua jainkotzat ote du? Agian Bushentzako irakiarrak ez dira gizakiak? Eta supergaldera: Jendeak benetan irensten ahal ditu holako esaldiak?

Bigarren dibergentzia. Igandea, telebista piztu eta lehenengo ministro britainiarra, Tony Blair, aita saintuarekin hizketan, biak irrifartsu. Telebista itzali, irratia piztu eta nire harridurarako hara non eta Blair kristau bihurtzekotan omen dagoela diote. Zer demontre da hau? Lehenengo ministro britainiarrak bere erlijio joeraren berri emateko beharra ikusten ahal du? Eta hori berria ahal da? Datorren astean agian kokakola bere edaririk gogokoena dela esango ahal du? Nori arraio axola zaio gizon honen erlijio aldaketa?

Hirugarren dibergentzia. Educacion para la Ciudadania ikasgai berriaren harira konferentzia episkopalak bere eritzia plazaratzen du. Harrigarriki, ikasgaiaren aurkako jarrera erakusten dute moralaren heziketaren askatasunaren aurkakoa delako. Harrigarriki diot minutu bat baino gehiagoko memoria dugunok, erlijioko ikasgaia derrigorrezkoa egin nahi zenean konferentzia episkopalaren jarrera oroitzen dugulako. Askatasun morala agian "morala kristaua inposatzeko askatasunaren" kontrakzio bezala erbiliko ote dute, hitzak aurreztear?

Laugarren dibergentzia. Nire osasun mentalaren gain kezka haundiak ditut jada. Kokatzeko: hauteskundeen atariak. Iruñeako artzapezpikuak gomendio mamitsuak ematen die botuemale kristauei. Itzuli gabe jarriko dut, argi gera dadin: "algunos partidos políticos que quieren ser fieles a la doctrina social de la Iglesia en su totalidad, como p.e. Comunión Tradicionalista Católica, Alternativa Española, Tercio Católico de Acción Política, Falange Española de las JONS [...] no pueden ser considerados como obligatorios pero sí son dignos de consideración y de apoyo". Kontxodemontre!

Nire mundu dibergentean holako gauzak ez dira arruntak. Arrunta herenegungo ekaitza izan zen, edo abuztuko bero itogarria. Baina tira, azken finean ni dibergentea naiz, jende zentzudun, moderatu eta arruntaz inguratuta.

Oharra: Baten bat ohartuko zen bezala psikologikoki dibergentearena 12 Monos filme zoragarritik atera dut.

Tuesday, June 19, 2007

Eris, Pluton baino haundiagoa


Aspaldi idatzi nuen Plutoni buruz eta nola planeta abizena galdu eta planeta nanoen artean sartu zuten. Gaur, hain irudi ederrak ekartzen dituen APOD lekuak Eris planeta nanoaren errekonstrukzio artitistiko ederra dakar (hona emen benetazko irudia), planetaren informazioarekin batera.

Azkenengo datuen arabera Eris planeta Plutoi baino %27 masa haundiagoa dauka (nahiz eta diametroaren inguruan adostasun haundirik ez egon). Bi bider Plutoiren distantzia dago Eriraino, gutxi gora behera ehun aldiz Lurreik Eguzkiraino dagoena (97 Unitate Astronomiko afelio edo punturik urrunenean). Izan ere ezagutzen den Eguzki Sistemako objekturik urrunena omen da.

Eris planetak satelitea ere badauka, Dysnomia, 150 Km baino gutxiagoko diametroa duena (eskala hauetan harri puska besterik ez). 16 egunetan behin ematen dio bira Erisi.

Edozein kasutan benetako planeta nanoa, arnasa kentzen duen ondoko bideoa ikusi ondoren (mila esker berriz ere, Loci):


Tuesday, June 12, 2007

And now Nessie's back


Berriz ere iritsi zaigu berri mamitsua, oraingo honetan BBCren eskutik (mila esker Loci). Bai lagunok, esker onez gaude, Ness lakuko piztiaren froga ukaezinak daudelako. Azter dezagun elkarrekin:

An amateur scientist has captured [...] the finest footage ever taken”

Lehenengo, eta guzti honi kutsu serioa emateko agian, aurkikuntza egin zuena zientzilaria omen da. Bost axola bera teknikaria zela, bost axola agian vaculovirusekin lan egiten zuela (zerbait esatearren, vaculovirusak oso interesgarriak izan daitezkeelako), bost axola Navarra Agrarian ere ez publikatzea (behin ere adibidea besterik ez). Eta bost axola amateur omen dela. Agian egunen batetan sendagile amateurrengana joko dugu.

footage is of such good quality...”

Hiru aukera; 1) eskeintzen duten bideoa ez da "zientzilariak" filmatutakoa, 2) esteka gaizki dago, 3) bideo originala askoz kalitate hobea dauka. Edozein kasutan, gauzak honela, 1) kalitate ona ez da inondik ikusten, eta ondorioz 2) aurkeztutako frogak ez du ondorioztatutakoa babesten.

more than 4,000 purported Nessie sightings since 1930

Honek ez ahal digu pentsarazten benetan ez dagoela ezer? Zenbat mila argazki kaxkar pilatu behar dira horretarako?

Izan ere auzi guzti honen gakoa artikulutik ateratako bi esaldiotan laburtzen da:

many sightings can be attributed to a drop of the local whisky

but Nessie isn't just an icon of the paranormal -- she's also an emblem of Scottish tourism”

En fin, jende siniskorra desinformatzeko eta gainontzekoak entretenitzelko inongo funtsarik gabeko periodismo sentsazionalistaren beste adibide bat besterik ez.

Oharra: Burura etorri zait "El Creacionismo, Vaya Timo" liburuan (Ernesto Carmena, Laetoli argitaletxea), munstro iheskor hauetaz ari zela, idazleak Ness lakuko munstroaren antzeko beste hainbat adibide erakusten dituela, besteak beste

  • Mokele mbembe (Congo): Dinosauro sauropodo (lepo luzeduna) antzeko bat.

  • Emela-ntouka (Congo): Errinozero antzeko bat.

  • Kongamato (Zimbaue): Begiratzen duen edonor hiltzen duen pterodaktiloa (dinosauro hegalaria).

  • Mapinguari (Amazonas): Giza aurpegi, oinak alderantziz eta aho kiratsduna sabelean, ohiuka omen dabil amazonas barna (kontxo, hau bitxia!).

Sunday, May 20, 2007

Turingo izara ez da inoiz hilko. 1. atala


Lagun min batek ondoko esperimentua proposatu zidan:

1) Discovery Channelleko izara saintuari (Turingo izara bezala ere ezagutzen dena) buruzko dokumental "dibulgatiboa" ikusi, izararen jainkozko jatorriarekin bat datorrena, lagun honen arabera

2) Ondoren Felix Ares zientzilariak idatzitako "La Sabana Santa, Vaya Timo" liburua irakurri.

Espero nezakeen emaitza argi zegoen, gaiaren inguruan aurreritziak bait nituen. Ondorioz, kontraesperimentua egitea erabaki nuen; lehenengo liburua irakurri eta ondoren dolkumentala ikusteak nire eritziarengan zer eragina duen ikusi.

Gaurko sarrera hau espeimentuaren lehenengo atalari dagokio, hots, liburuaren irakurketa.

Liburu argia, irakurterraza, zenbaitetan irribarrea eragiten duena ere, baina sendoa. Informazio sendoa, ukaezina (nire ezagutza mailari dagokionez behintzat). Datu zientifikoak ezezik, izara saintua (eta gainontzeko milaka errelikia) bere testuinguru sozial, artistiko eta historikoan kokatzen duena. Argumentuz muzorrotutako sineskeriak baztertuz eta ezeztatuz.

Ondorioa: ehuneko 95eko probabilitatearekin ohiala 1260 eta 1390. urteen artean hazitako linoarekin egina dago. Kitto ? Ez. Egileak bukaeran dioen bezala, mito onak ez dira inoiz hilko. Hortxe dago gakoa. Sinismenak jota dagoen garunak ez du argumentuen beharrik. Hori kopeta, hori!

Oharra: Liburu hau Sociedad para el Avance del Pensamiento Critico taldearen laguntzarekin egina dago. Guztiz gomendagarria da eta baita garunarentzako osasuntsua ere, www.escepticos.org bisitatzea.


Monday, March 26, 2007

Orduak gora, orduak behera



Ordua aldatu egin diute (jada nire DVD berriak aldaketa bere kabuz egiten du, inongo baimenik gabe, nire gain dagoen izaki baten menpe balego bezala). Martxoko ordu aldaketak beti poztu egin nau. Goizean goiz jeikitzean gaua da oraindik, baina lanetik ateratzen naizenetik ilundu arte tarte haundia daukat egunaz gozatzeko. Urriko ordu aldaketa aldiz tristetzekoa da. Goizean lehenago argitu, bai, baina arratsaldea zeharo laburtzen da. Beraz ez nau gehiegi konbentzitu ordu aldatze horrek, urtarrilekoa denean behintzat.

Ordua aldatzeko zio ofiziala energia kontsumoaren murriztea da. Badirudi %5 edo aurrezten dela. Azalpen laburra baino ulergarria Eroskiren Consumer aldizkari elektronikoan. Gobernu espainolak ere hemen azaltzen du. Baina honekin ez dago jende guztia ados. Taller de CriptografĂ­a blogean ordu aldaketari buruzko gogoeta kritikoa egin ezezik kalkulu batzuk egiten dituzte aurezpena hutsaren hurrengoa dela erakusteko. Ez naiz kalkuluak baieztatzen saiatu, baina iruditzen zait hobe litzatekeela urte gahiagotako datuak erabiltzea. Tira, hurbilketa bezala ez dago hain gaizki ere.

Nire ustez, botepronton behintzat, ez du aurrezpen haundirik suposatzen. Goizean beranduago argitzea ez da arazoa, lanera bait noa. Neguan goizago iluntzeak aldiz arratsade partez etxean energia gehiago gastatzen dudala suposatzen du. Ondorioa, ordu aldaketak entrepresei egiten diela mesede, laneko orduetan eguneko argia gehiago dutela zihurtatzeko, honela argiztapen eta berotze gutxiago erabiliz. Konspiranoikoa berriz ere?

Zuek zer uste duzue?

Eguneraketa #1: Eguzkiaren irten eta sartze orduak, ordu aldaketarekin batera grafikoki ikusteko, ikusi sarrera hau. Bertan argi ikusten da nola ordu aldaketari esker lanera sartzeko ordua eta eguzkiaren ateratzeko ordua bat datozen. Ez ordea aisia eta argi orduak.

Eguneraketa#2: Eta aurrezpena hutsaren hurrengoaren hurrengoa dela hemen.


Thursday, March 15, 2007

Ados egoteko hitzegin beharra, zientzilariek diote


Giza jokaeraren modelizazioari esker zientzilariek ados jartzeko komunikatu beharra deskubritu dute. Halajaina, hori neuk ere banekien!, esango duzue. Ba bai, ustea geneukan, baina ustea askotan erdi ustel.
Emaitza hauek inongo demostrazioa denik oraindik ikustear dago, baieztatu daitezkeen aurreikuspenak egiteko gai izan beharko bait luke. New Scientist-eko berriak dioenez gizakion arteko harremanak hobe ulertzeko lagundu lezake, ideia politikoen polarizazioa edota hizkuntzen bereizketari azalpena emanez, adibidez.
Modelo honetan ikertzaileek populazioa bi taldetan banatu zuten. Ondoren talde hoietako pertsona bakoitzari iritzi boolearra eman zioten, hau da bai ala ez, eskuin ala ezker, demokrata ala errepublikarra, bakoitzari era aleatorioan. Behin modeloa martxan jarrita populazioko pertsona bakoitzaren eritzia bere harremanen araberakoa da. Bere harremanen gehiengoak baiezko eritzia badauka, berak ere baietz, "eguzkia nora zapiak hara" klasikoa.
Modelizazioak aurrera joan ahala zera ikusi zuten, talde bakoitzeko pertsona guztiak ados jartzen zirela laster. Talde biak ados edo aurka egotea erabat zorizkoa zen, baina hori bai, behin taldeak eritzi bat hartuta hala jarraitzen zuen betiko. Zientzilariek orduan bi taldeen arteko komunikazio bideak gehitzen hasi ziren. Hasieran ezer gerttu ez bazen ere behin komunikazioak maila jakin batera iristean bi taldeak berehala jartzen ziren ados.
Hau da, komunikaziorik gabe bi taldeak ez dira ados jartzen. Komunikazioa egonik ere maila jakin bat lortzen ez bada adostasuna ez da sortuko, baina maila kritiko horretara iristean adostasuna bapatekoa da.
Interesgarria iruditu zait, beste arrazoi batzuren artean, orain dela hilabete batzuk idatzitako sarrera honetan giza jokaeraren kuantifikazioaz hitzegiten nuelako. Eritzi politiko jakina, janzkera jakin batekin, hizkuntza jakin batekin eta maila ekonomiko jakin batekin lotua doalako askotan. Modelo matematiko honek azaldu lezake zergatik, talde horien elkarren arteko komunikazioa eskasa delako. Eta hala dela uste dut, bai, baina jakina, usteak erdi ustel...

Monday, March 12, 2007

Aldaketa klimatikoa = etanola + nuklearra


Beno, berriz ere gai berari bueltaka. Kontutan hartuz gainera, aurreko sarreran esan nuen bezala, nire eritziak oinarri zientifiko eskaxa duela. Baina tira, kausa galduen paladinaren kanplexua daukat eta...

Gauza da giza jatorrizko aldaketa klimatiko honek ez nauela inoiz guztiz konbentzitu. Michael Crichtonen "State of Fear" liburuak proposatzen duenez (fikzio liburua ezezik nolabaiteko entsegu zientifikoa era bada) guzti honen atzean gizartean beldurra sortzea litzateke, beste gaietatik arreta desbideratuz. Baina xede hori betetzen duen asmakizuna badago, era oso eraginkorrean gainera; terrorismoa. Ba egunotan plazaraturiko berri biek eman lezakete erantzuna.

Bata, CO2 blogean "Con el etanol también se miente" sarrera. Bertan blogariak dioenez etanola gasolina baino %30 CO2 gehiago igorriko luke atmosferara. Zer dela eta orduan etanola erregai garbia bezala aurkeztu? Ba egilearen arabera Amerikako Estatu Batuek aterako lukete onura haundien, etanolaren iturburu diren arto eta soja landa zabalei esker.

Bestea, Ecoblog blogean zein hainbat hedabideetan agertu den bezala zentral nuklearren inguruan. Azken aldi honetan klima aldaketaren aurrean energia nuklearra energia garbi eta alternatibo bezala aurkeztu izan da. Aldaketa klimatikoaren inguruan jasaten ari garen bonbardaketa mediatikoa ez ahal da izango energia nuklearraren inguruan eritzi soziala aldatzeko trikimailua? Hala konspiranoikoa bilakatzen hasia naiz?

Arthur C Clarke-ren Songs of Distant Earth liburuan ispiraturiko Mike Oldfield-en abestiak zioen bezala: "Only time will tell" (Fermintxo poliglotari eskeinia).

Tuesday, March 06, 2007

Aldaketa klimatikoa, orain Maten ere



Egia esanda ez nuen aldaketa klimatikoari buruz hitzegiteko asmorik. Nire eritzia oinarri eskaxa duela onartzen dut (batez ere Michael Crichtonen State of Fear liburuak izan zuen eragina), eta ondorioz ez zitzaidan zilegi iruditzen oinarri zientifikorik gabeko eritzia agertzea (hainbat alditan jokaera hori bera kritikatu eta gero). Baina gaur zenbait blogek (Genciencia, Barrapunto) gai honen inguruan National Geographic-eko webgunean agerturiko berria zabaltzen zuten.

2005ean NASAko Mars Global Surveyor eta Odyssey misioek igorritako datuen harabera, Marteko poloetako karbono dioxidozko izotz geruzak txikiagotzen ari dira. Hau da, Marte, Lurra bezala, berotzen ari da. St. Petersburgoko Pulkovo astronomi behatokiko nagusia den Habibullo Abdussamatov-en arabera Marteko beroketa eta gure planetako beroketa kausa bera edukiko lukete, hots eguzkiak igorritako erradiazioaren igoera. Habibullo Abdussamatov-en arabera eguzkia izango litzateke gure aldaketa klimatikoaren arrazoi nagusia, eta ez giza eragina.

Oraindik ez da inolaz ere demostratu hau egia denik, eta izan ere interpretazio honek aurkari asko omen ditu zientzilarien artean. Hain zuzen ere otsailan plazaratutako IPPC txostenaren ondoriorik nagusienaren arabera, zeinean 620 adituk hartu zuten parte, gizakia aldaketa klimatikoaren errudun nagusia da (ikus laburpen hau).

Eztabaida honek jarraitzen duen bitartean etengabe jasan beharko dugu hainbat hedabideetan inongo eztabaidarik gabeko sentsazionalismo klimatikoa. Gizakiak eragindako aldaketa klimatikoa ez bait da eztabaida zientifikoa, baizik eta faktua, egia hutsa, inork kritikatuko ez lukeen ezer, eta igogailuan bizilagunarekin topatzen zarenean atera beharreko solas erosoa.

Oharra: Giza jatorrizko aldaketa klimatikoarekin kritikoa den blog hau gomendatzen dizuet.

Monday, March 05, 2007

Balet kosmikoa

Apur bat poetikoegia erabili dudan izenburua, baina betidanik atsegin izan dudana joan den martxoak 3an gertatu zena adierazteko. Izan ere gainazaletik ikusita espektakulo ederra izan ezezik, sakonean du lilura gehiena. Izan ere, 1000m/s-ko abiadura erlatiboan 5.97e+24 Kg eta 7.349e+22 Kg-ko masa duten gorputzek elkarren inguruan biraka, bata bestea eta eguzkiaren artean jartzen da itzala eginez. Beste eskala haundiago baten parte garenaren seinale. Ez ahal da ederra?





Eguneraketa: Goiko animazioa neuk eginiko argazkiekin sortua da. Dena den, paregabeko argazkiak ikusteko jo ezazue helbide honetara.
Eguneraketa#2: Hona hemen "Astronomi Picture of the Day" zoragarriak eskeinitako eklipsearen argazki ederra.

Sunday, February 18, 2007

Musika pirateatzeak ez du eraginik salmentetan


Azken aldi hontan hamaika alditan ikusi/entzun izan dugu zinemako aretoetan autoen lapurretarekin alderatuz, oilasko errearen erregearen hitz potoloetan, triunfito eta antzeko musikari gaixoak gobernariekin elkartzen direnean eta abar luzea. Izan ere (ondorioz?) edozein pertsonak baieztatuko luke; musika "pirateatzea" legez kanpokoa da. Nola ba ez da ba izango "pirata" hitza erabiltzen bada?

Desinformazio kanpaina masibo horren aurrean beste batzuk, ez hain gutxi, baino askoz botere eta diru gutxiagorekin, musika "pirateatzea" gure eskubidea dela jakinarazi nahian dabiltza (jeitsi eta irakurri "Copia este Libro" liburua, David Bravorena edota bisitatu Asociacion de Internautas taldearen web orria). Azken aldi hontan estatu espainiarrean plazaraturiko sententziak ere hala adierazten du.

Zein da SGAEren arrazoia aldamiotik jeitsitako musikari gaixoen aldeko gerra saintu hau hasteko? Erantzuna argia bezain ezaguna da; musika pirateatzeak galera ekonomiko izugarriak eragiten dizkio musika industriari/kulturari. Izan ere jeisten den kopia bakoitzeko diska bat gutxiago saltzen da. Sen onak dio. Ba Journal of Political Economy (2007,115) aldizkarian argitaratutako artikuluan hau ezeztatzen da.

2002. urtean P2P zerbitzari batean eginiko musika jeitsierak denbora berean izandako disken salmenta datuekin alderatu zituzten eta ondorioa, hauen aburuz, argia da. Musika jeitsierek diska salmentetan duten eragina hutsetik alderagaitzak dira estatistikoki ("Downloads have an effect on sales that is statistically indistinquishable from zero"). Hau da, musika jeisteak ez du eraginik disken salmentan. Nire ezjakintasuna dela eta artikuluaren irakurketa kritiko ona ezinezkoa zaidala kontutan hartuz (gaiarekin lotura duen bibliografia irakurri beharko nuke horretarko), SGAE eta antzeko "kulturaren" babesle sutsuen argumentu nagusia deusestatzen du.

Artikuluan soilik musikaren jeitsiera aztertzen da. Baina nire ustez ez hondorioa ezta sakoneko arazoa ere ez dira horretara mugatzen. Interneten garapenak kulturaren iraultza dakar. Ideien adierazpen askea (blogak, foroak), proiektu askeen kalitatea eta arrakasta (linux, openoffice, fiefox), auzolan modeloaren eraginkortasuna (wikipedia eta gainontzeko wikiak) eta kulturaren zirkulazio askea (P2P sareak lekuko). Guzti honek multinazional haundien negozio modeloa kolonkan jartzen hasi dira.

Agian lehenbiziko aldiz histoian kultura gizakion eskuetan jar dezakeen asmazioa da internet. Gai izango ahal gara eta nahi izango ahal dugu kultura gure esku eduki?


Gehigarria: Jario hau prestatzen ari nintzela pirateriaren aurkako kontzientziazio kanpainaren parodia pare bat topatu dut hemen.


Saturday, February 10, 2007

Hutsa?

Bi irudi hauek lehendabiziko aldiz ikusi nituenean sentsazio bera eragin zidaten. Nahiz eta irudi biak ikusteak espaziodenbora berean ez gertatu, nahita nahi ez garunean elkartu ziren, kontzeptu bakarrari esistentzia ematen dioten neuronen eraginaren behean. Irudi bakoitza errealitatearen zati baten islada da. Zati oso haundia bata eta zati oso txikia bestea, gure bi alboko simetriaren eragina den dikotomiaren seinale. Baina biek gure pertzepzioen aurka doazenak, gure sen onaren aurka nolabait (Einsteinek sena heldua izan baino lehen ezartzen diren aurreiritziak zirela zioen).

Espazioan pentsatzen dugun bezain pronto hutsa datorkigu burura. Espazio amaigabea (mugatua izatez, baina mugagabea gure bizi eskalarako) hutsez betea. Izan ere eguzkiaren bizi zikloaren azkenengo eztanda iristen denean zortzi minutu beharko ditugu ohartzeko (8 ordu Plutoneraino, 4,3 urte alfa zentauriraino, izarrik hurbilenenera, eta bataz beste 32·1012 Km edozein izarren artean). Ondoko argazkia gure galaxiaren erdigunea da Hubbel teleskopioaren bidez ikusita, gure eguzki sistematik at egon daitezkeen planeten bila ari zela (Sagittarius Window Eclipsing Extrasolar Planet Search -SWEEPS- proiektua). Baina argazki honek erakusten diguna ez da hutsa, izarrez gainezka dagoen espazioa baizik, izarrez lepo dagoen unibertsoa.


Jarraian ikusten duzuen irudian klik eginez ageri den web orrian bestalde, errealitatearen beste hertza ageri da; materia beraren osagaiak, ura, gure mukiak edota diamantearen osagaiak. Protoia eta elektroia tamaina eta distantzia eskalan daude irudikatuak. Protoitik hasita (pilota urdina, neptuno planetaren antza izugarria duena) eskubirantz mugitzen bazarete lehioaren geziak erabiliz, 17,7 kilometro mugitu beharko duzue (oharra: ezin dut baieztatu internet explorerrekin funtzionatzen duenik, erabili ezazu firefox zoragarria ;-D). Izan ere protoia eta elektroi niminoaren artean 50 milioi pixel daude. Imagina ezazu, gure ipurdiaren azpian dagoen aulkia eta baita gure ipurdia ere osatzen duen materia hutsez betea dago! Eta hala eta guztiz ere ez dugu aulkia zeharkatzen! (zergatiaren oso azalpen ona Bill Brysonen “A Short History About Nearly Everything” liburuan).


Alde batetik hutsa dela duste duguna izarrez gainezka, eta bestetik zurruna eta trinkoa dela uste duguna barrua hutsa duela. Einsteinek arrazoia edukiko zuen bada sen onari buruz zuen eritzian!

Iturriak: Bill Brysonen “A Short History About Nearly Everything” (irakurteak pena merezi du), eta nire oroimen kaxkarra.


Tuesday, January 23, 2007

Animali bertebratuak eta bakteria etxaldeak



Lanean aspertu xamar nengoela Natur aldizkariaren urtarrileko zenbaki bat hartu dut eta eritzi artikulu deigarri hau topatu dut (buruzko oharra; bloglerako ideiarik ez badut Naturera jo). Ideia erakargarria aurkezten zuen; gu edo pailazo arraina bezalako animali modernook daukagun sistema inmunitarioa garatuaren helburua gure gorputzaren gainean zein barruan dauzkagun milaka mikroorganismo motaren babesa litzateke. Baina joan gaitezen pausoz pauso.

Animalien taxonomian (klasifikazio sistema) bertebratuak eta ez bertebratuak bereizten dira. Bertebratuak bizkar hezurra dutenak dira, era xumean esanda arrainak, hegaztiak, ugaztunak... Eta ez bertebratuak gainontzekoak (molusko, intsektu...). Bi animali mota hauek sistema inmunitarioa inatoa (barkatu itzulpen traketsagatik) daukate amankomunean; azkarra, orokorra eta orohar memoriarik gabekoa. Bertebratuak gainera sistema inmunitario adaptatiboa daukate; motelagoa (gripea sendatzeko aste osoa behar dugu) baino oso espezialdua (antigorputzak erabiltzen ditu) eta memoria duena (aspaldian garaitutako infekzioa oroitzeko ahalmena dauka hurrengoan arinago erantzuteko, txertoen oinarria dena). Honaino sarrera.

Teoria nagusiaren arabera sistema adaptatiboa, ebolutiboki modernoagoa, eraginkorragoa litzateke. Animali ez bertebratuek ez lukete sistema garatu honen beharrik izango, sinpleagoak direlako, kume asko dituztelako eta bizi laburragoak dituztelako. Baina McFall-Ngai doktoreak dioenez hau ez da guztiz egia, luze bizi diren eta aldi bakoitzeko kume bakarra duten animali ez bertebratuak bait daude. Gainera, bertebratu zein ez bertebratu, mikroorganismoen eraso berak jasan behar dituzte. Bestalde azken esperimentuek bertebratu eta ez bertebratuen arteko desberdiutasun bat erakutsi dute. Jakina da guk mikroorganismo kolonia haundiak bezain garrantzitsuak ditugula azalean zein hesteetan (usain txarra ezezik elikagaiak sortzen dituzte guretzako), adibidez. Ba kolonia hauek askoz sinpleagoak omen dira animali ez bertebratuetan. Hauek argumentuak, ondoren ondorioa.

Bertebratuok, mikroorganismo kolonia hauen onuren truke (liseriketa eraginkorra, babesa...) sistema inmunitario izugarri konplexua garatu behar izan genuen, gaitzez babesteko baina mikroorganismo onuragarriak eraso gabe. Ideia iraultzailea, zeinarean arabera garunaren konplexutasunarekin alderatua izan den sistema inmunitarioa, ez gu babesteko, baizik eta gugan bizi diren mikroorganismoak babesteko garatu dena. Zoragarria.

Oharra: Artikulurako estekan klik egin baduzue ohartuko zineten irakurketa debekatua dagoela ordaindu ezean. Holakoak dira zientzia kapitalista modernoak dakarren ideien pribatizazioaren onurak. Beste sarrera batetarako gaia.


Thursday, January 18, 2007

Denok gara John Anderton

Tira, ni ere ez nekien John Anderton nor zen wikipedian informazio hori topatu dudan arte. Eta informazio horren bila nenbilen hain zuzen ere behekaldean daukazuen bideoa ikusi ondoren (esker mila Liherri). 2002. urtean Minority Report estreinatu zenean Tom Cruise zientziologo peto petoak John Andertonen paperean holako pantaila erabiltzen zuenean harrigarria zen. Etorkizunaren irudi bera (nola ba ez zen etorkizunean egongo holako pantaila hipermodernoa erabilita?).





Bost urteren ondoren bertan daukagu, Windows Vista zoragarriaren aero bera baino "fashionagoa". Zientzia fikzioa errealitatea bihurtuta, eta gure "Numero5", HAL 9000 eta besteak oraindik eskaileretan behera humemokoa baino traketsago. Tira... Irudiok ikusita zera etortzen zait burura; zelako tarjeta grafikoa beharko da hau mugitzeko? Eta gainera Windows Vista badarama??? Zer gertatuko litzateke nire portatileko 14.1 pulgada tristeetan hatza punta lodiak garriz gauzak aukeratu nahi banitu? 32 pulgadatako portatilak beharko ditugu? Eta Windows Vista gainera????? Buff, hau buruko mina!

Friday, January 05, 2007

ADN hiltzailea


Irakurri dut New Scientist-en bertsio elektronikoan berri deigarria. Greg Hampikianek gidatzen duen taldea, Idahoko Boise State University-n, edozein organismorako hilgarriak diren ADN zein proteina sekuentziarik laburrenak bilatzen ari dira. Hau da, sekuentzia hauen edukitze hutsak heriotza ekarriko lukete. Ondorioz sekuentzia hauek ez lirateke inongo genomatan esistituko, eta hori bera da sekuentziok topatzeko darabilten estrategia, sekuentzien datu base erraldoiak erabiliz. Jadanik 11 nukleotido luze diren 86 sekuentzia topatu dituzte giza genoman agertzen ez direnak (nullomers deitutakoak espezie batean agertzen ez badira baina bai aldiz besteetan). 15 nukleotido luzerako 65000 sekuentzia topatu dituzte inon agertzen ez direnak (primers deitzen dituztenak). Hurrengo pausoa sekuentzia hauek benetan hilkorrak diren probatzea litzateke bai bakteria zein giza zelula kultiboetan sartuz.

Proiektu bitxia izatez, gaur egungo zientzia proiektuen bidea jarraitzen du honek; hipotesirik sinpleenetik abiatuz (inongo hipotesirik badago) lorpen handien bila indar hutsa erabiliz (datu base erraldoietan bilaketak egitea). Dudik ez interesgarria izango dela sekuentziok topatuko balira, baina nire kezka da hemendik zer edo zer ikasiko ote dugun (zientzia deskriptiboaren aroan dagoen arazoa). Izan ere litekeena da sekuentzia hilgarri hoiek ezpezie espezifikoak izatea, baina baita organo edota ehun espezifikoak. Baita egoera fisiologiko berezi batekiko espezifikoa. Bestalde behin sekuentzia topatuta bere funtzioa nola betetzen duen topatu beharko litzateke, eta hori da gaur egun zientziak duen arazorik larrienetakoa, hots, proteina baten funtzioa topatzea. Moda modako proiektua.