Thursday, November 29, 2007

Dokumentalak, izan beharko luketen bezalakoak


Dokumental zoragarria ikusi berri dut eta ezin izan dut sarrera hau idazteari uko egin. Gaztelerazko bertsioak "Viaje al cuerpo humano" du izenburua. Aspalditxo ikusita neukan dokumentala, hizkera xumea darabilena baina aldi berean informazioa ematen duena. Irudi-animazio harrigarriak eta erakargarriak erabiliz giza gorputza erakusten digu, era zoragarrian gainera.

Gaurko atala berezia zen. Sailaren azkenaurreko atala heriotzari buruzkoa zen. Eta hauxe da hain zuzen sarrera honen arrazoia. Azken atal honek heriotza lantzen du, era guztiz xumean, era guztiz errealistan. Heriotza den bezala. Funtsik gabeko sinesmenen arrastorik ez da inondik ageri (zientziaren dibulgaziozko dokumental orok izan beharko lukeen bezala), datuak, informazioa, den bezala erakutsiz. Sinpleegia agian, baina gauzak diren bezala Gauzak gaur egun ezagutzen ditugun bezala, eta ez sinesten ditugun bezala.

Pertsona baten heriotzaren jarraipena egiten da ere. Minbiziaren hastapenetatik heriotzera. Begirune osoz, gardentasun osoz. Inongo sentimentaltasun edulkoraturik gabe, inongo ikuskizunik gabe. Krudela, bai, heriotza bait da. Baina begirune guztiaz.

Esan bezala aspaldi ikusi nuen dokumental hau. Baina gaur nolabait ezberdina izan da. Konturatu bait naiz nonbait iragan hurbilean aldaketa gertatu dela. Zientzia agertzen den saio orotan, hots, dokumentalak, filmeak, eta abar, jainkoa eta sineskeriak ere agertzen direla. Osagarri balira bezala. Pisu, indar, arrazoi bera balute bezala.

Atzera pausoak ematen ari ahal gara? Ez nintzateke harrituko, izan ere ikusi besterik ez dago kreazionismoak gaur egun duen gorakada. Zoritxarrez, Amerikako Estatu Batuetan bakarrik gertatzen ez dena (ikusi bestela berriak BBC-n eta Euronews-en).

Gehigarria: Dokumental hau BBC-k sortua da, eta hainbat sari irabazi ditu, hiru BAFTA eta Royal Television Society-ko beste lau besteen artean.

Gehigarria #2: Localia-k eskeini du dokumental hau, ostegunero 22:30-etan hasita. Zorionak Localia.

Gehigarria #3: Ikusi berri dudanez dokumentala 1998-koa da. Hemen kapituluen laburpena aurki daiteke.

Gehigarria #4: Eta hemen behean seigarren ataleko sarrera zoragarria. Ez silikona, ez hiperhormonatutako giharrik. Gorputz naturalak bezain ederrak.



Sunday, November 25, 2007

Unibertsoaren suntsitzea eragin dugu?


Unibertsoa betirako luza zitekeen, baina 1998. urtean materia ilunaren esistentzia babesteko balio izan zuen supernobaren obserbazioak unibertsoaren heriotza ekar lezake.

Orain areko teoria kosmologiko nagusienaren arabera, gure unbertsoa ezagutzen dugun bezala sortu baino lehen energia haundiko "huts negatiboko" burbuila zegoen. Energia haundiko huts negatibo horrek energiarik gabeko huts arruntari eman zion paso big bang ezagunean. Prozesu orretan askatutako energia eskergak materia sortuko luke, bai eta materia hori izugarri berotu ere.

Baina materia iluna aurkitzearekin batera eta aldi berean unibertsoaren espantsioa azeleratuz doala aurkitzean, oraindik ere huts negatiboa esistitu litekeela pentsatu dute zientzilariek. Huts negatibo horrek edozein unetan energiarik gabeko huts arrunterako trantsizioan sar liteke, jatorrizko big bang-aren antzeko gertaeran den dena suntsituz.

Gure zorionerako, suntsipenezko transizio hau gertatzearen aukerak oso eskaxak ziren orain gutxi arte, nolabaiteko ekilibrio egonkorrean egon gintezkeelako. Baina gure zorritxarrerako, ekilibriorako aukera hori galdu zitekeen, 1998-an surernoba baten eztandan materia hiluna behatu genuelako.

Mekanika kuantikoan badago "Zero efektua", zeinaren arabera objektu kuantiko bat behatzean bere kontagailua zeron jartzen da, nolabait esateko. Honen ondorioz, jada ez geundeke huts negatiboaren egoera egonkorrean, baizik eta aurreko egoera ezegonkorrean. Horrek suposatuko luke edozein momentutan, blog hau irakurtzen bukatu baino lehen, edo agian hemendik hamar milioi urtetara, trantsizioa gerta litekeela, dena suntsituz (gu barne, noski).

Lawrence Krauss eta James Dent zientzilarien lan hau ez da oraindik zientzilarien komunitateak onartua izan. Ondorioz, hipotesi interesgarri/kitzikagarri gisa bezala hartu beharko litzateke, oraingoz behintzat.

Iturria: New Scientist

Saturday, November 17, 2007

Beroketa globala Nafarroan ?!$%/#


Denetarik entzun dezakegu gaur egun aldaketa klimatikoari buruz. Gore jaunaren diskurtsoa nagusiena izanik ere bestelakoak ere entzuten dira. Blog honetan jada aldaketa klimatikoari buruzko iritzi ez ortodoxoak agertu dira. Atzo, Iruñeako planetarioko zuzendaria den Javier Armentiak ere, Diario de Noticias egunkarian IPPC erakundearen txostenetan aldaketa klimatikoaren inguruan emaniko ikuspegia epeltzat hartzen zuen.

Atzo ere Navarra Confidencial web gunetik bidaltzen didaten spam-ean ere aldaketa klimatikoaren gaia zen nagusi. Navarra Confidencial gunean eguneko berri nagusiei mamia ateratzen saiatzen dira, del Burgoren ildo politikoa, Telecinco-ko El Buscador saioaren kazetaritza kalitatea eta Zaplanaren arropuzkeria gidatzat dituela.

Esan bezala, aldaketa klimatikoa zen gai. Izenburuan galdera luzatzen zuten "Es real el calentamiento global en Navarra?". Nafarroako klimatologia webguneko datuak hartuta (Noainekoak soilik eta 1997-tik 2005-era) hiru grafiko aurkeztu zituzten, urteetan zehar izan diren batezbesteko tenperatura, prezipitazioak eta izozketak erakutsiz (behean ikus daitezkeenak hain zuzen). Ondoriorik ez dute ateratzen, haien esanetan irakurleak atera ditzala nahi dutelako.

Tenperaturak:

Prezipitazioak:Izozteak:

Kazetaria ez naizen aldetik, kazetaritza arloko akatsak ezin ditut eman, baina akats zientifikoak izugarriak dira:

1) Beroketa globala globala da, hots Lurra planeta osoari dagokiona, eta ez tokian tokikoa. Nafarroan ezin da beroketa globalik eman, nahiz eta horren ondorioak soma litezkeen.
2) Erabilitako datuak Noainen hartutakoak dira, beraz, zaila da sinestea Nafarroa osoa ordezkatzen dutenik. Ondorioz, haiek botatako galderari ezin diote erantzunik eman.
3) Lehenengo datuak 1997-koak dira. Beroketa globala erakusten duten tenperaturaren datuak gutxienez 1970. hamarkadan hasten dira, nahiz eta XX. Gizaldian edo eta iraultza industrialean ere izan daitezkeen (ikus wikipedia). 8 urte denbora laburregia da inongo joerarik demostratzeko.
4) Erakusten dituzten grafikek, bitxia da, beherantzko inklinazioa daukate, edozein igoera ikusteko zailagoa delarik. Holako grafikek, nahiz eta erakargarriagoak izan, ez dute inondik ere balio joerarik erakusteko.


Ondorioz, datu oso eskaxak era oso ezegokian aurkeztuak, zentzurik ez duen galdera erantzuteko. Gai oso konplexua, era oso sinplean aurkeztua. Irakurleek inolaz ere ezin izango lukete egoera honetan ondorio onik atera. Nahita hala nahi gabe, desinformazio hutsa.

Wednesday, November 07, 2007

Euskara, hizkuntza "desaktualizatua"

Zorionekoak gu. Zorionekoak gu, gure salbatzaileek hitz egin dutelako. Mundu luze zabalean hainbeste onura sortzen dutenak, euren jainkozko haziak landatzen dituzte gure munduan, demokrazia indarrez ezarriz, herritarren oso susmagarrien bahiketa misteriotsuak, gaiztakiloen gartzelaratzea inongo alferrikako epaiketarik gabe, bai eta hainbat askatasunaren aldeko gudarien prestatzea (zoritxarrez bat batean, harrigarriki, terrorista bilakatu edo estatu kolpeak ematen dituztenak) eta abar eta abar... Euren goi mailako kultura ere eskuzabaltasun osoz ezartzen digute, amodiozko musika ezin hobea, filme sakon bezain didaktikoak, gastronomia zoragarri eta osasuntsua, kreazionismoa eta antzeko ideia distiratsuak eta abar eta abar eta abar.

Azken honetan gure salbatzaileek kazetaritza erakusketa egiten digute. Baina ez hori bakarrik. Berriz ere munduko gure hertz ezkutu honetan ematen den bidegabekeria salatu egin dute. Eta ez hori bakarrik, ezta gutxiago ere. Gure hizkuntza zaharkitu , atzerakoi eta alferrikakoa dela erakusten digu, blog ziztrin bat idazteko ere balio ez omen duena.

Hona hemen berria, eta eitb-n agerturiko aipamena.

Kazetari estatubatuar, openminded (sentitzen baina euskaraz ez dugu horretarako hitzik, artzain esateko bai , baina) eta hain kontseilari talde handia, aparta eta jakintsua bildu duen horrek, arrazoia duela. Ibarretxek bulkanieraz askoz hobe egiten du euskaraz baino, eta gaur egungo bizimodu modernorako euskarak ez du balio. Azken finean neologismoak sortu behar ditugu (neologismo hitza bera ere metaneologismoa ote?). Baina itxoin, uste dut gazteleraz ere web, blog, pda, lcd, share (hola, botepronton) eta holako hitz moderno modernoak ere inportatu egin direla. Bai, kazetariak arrazoia zeukan baina gauza bat ez digu esan (agian horretarako prest ez gaudelako oraindik). Ingelera ez den edozein hizkuntza, bai eta AEB-etako kultura, bizimodua eta kanpo politika ioldakorra ez den edozein erabat denboraz kanpo dago. Erabat outdated (bestela ez da ulertzen, txo!).