Tuesday, July 03, 2007

Mundua aderantziz


Galdu egin naiz. Aste hauetako uneren batean errealitatetik aldendu naiz nonbait. Mundua alderantziz doala esango nuke, baina jendearen jarrera ikusita baliteke ni izatea alderantziz dagoena. Psikologikoki dibergente izango ote naiz?

Lehenengo dibergentzia. George Ubedoble Bush, embrioi zelula amak ikerketarako debekatuko zituela jakinarazten zuen diskurtsoan bere "all human life is sacred" (giza bizi oro sakratua) esaldia botatzen du. Bitartean Iraken hamarka hildako daude egunero (ehundaka hiltzen ez direnean), Estatu Batuek zuzenean edo zeharka eragina. Sakratu hitzaren esanahia ezezaguna ote Bushentzat? Bere burua jainkotzat ote du? Agian Bushentzako irakiarrak ez dira gizakiak? Eta supergaldera: Jendeak benetan irensten ahal ditu holako esaldiak?

Bigarren dibergentzia. Igandea, telebista piztu eta lehenengo ministro britainiarra, Tony Blair, aita saintuarekin hizketan, biak irrifartsu. Telebista itzali, irratia piztu eta nire harridurarako hara non eta Blair kristau bihurtzekotan omen dagoela diote. Zer demontre da hau? Lehenengo ministro britainiarrak bere erlijio joeraren berri emateko beharra ikusten ahal du? Eta hori berria ahal da? Datorren astean agian kokakola bere edaririk gogokoena dela esango ahal du? Nori arraio axola zaio gizon honen erlijio aldaketa?

Hirugarren dibergentzia. Educacion para la Ciudadania ikasgai berriaren harira konferentzia episkopalak bere eritzia plazaratzen du. Harrigarriki, ikasgaiaren aurkako jarrera erakusten dute moralaren heziketaren askatasunaren aurkakoa delako. Harrigarriki diot minutu bat baino gehiagoko memoria dugunok, erlijioko ikasgaia derrigorrezkoa egin nahi zenean konferentzia episkopalaren jarrera oroitzen dugulako. Askatasun morala agian "morala kristaua inposatzeko askatasunaren" kontrakzio bezala erbiliko ote dute, hitzak aurreztear?

Laugarren dibergentzia. Nire osasun mentalaren gain kezka haundiak ditut jada. Kokatzeko: hauteskundeen atariak. Iruñeako artzapezpikuak gomendio mamitsuak ematen die botuemale kristauei. Itzuli gabe jarriko dut, argi gera dadin: "algunos partidos políticos que quieren ser fieles a la doctrina social de la Iglesia en su totalidad, como p.e. Comunión Tradicionalista Católica, Alternativa Española, Tercio Católico de Acción Política, Falange Española de las JONS [...] no pueden ser considerados como obligatorios pero sí son dignos de consideración y de apoyo". Kontxodemontre!

Nire mundu dibergentean holako gauzak ez dira arruntak. Arrunta herenegungo ekaitza izan zen, edo abuztuko bero itogarria. Baina tira, azken finean ni dibergentea naiz, jende zentzudun, moderatu eta arruntaz inguratuta.

Oharra: Baten bat ohartuko zen bezala psikologikoki dibergentearena 12 Monos filme zoragarritik atera dut.