Tuesday, January 23, 2007

Animali bertebratuak eta bakteria etxaldeak



Lanean aspertu xamar nengoela Natur aldizkariaren urtarrileko zenbaki bat hartu dut eta eritzi artikulu deigarri hau topatu dut (buruzko oharra; bloglerako ideiarik ez badut Naturera jo). Ideia erakargarria aurkezten zuen; gu edo pailazo arraina bezalako animali modernook daukagun sistema inmunitarioa garatuaren helburua gure gorputzaren gainean zein barruan dauzkagun milaka mikroorganismo motaren babesa litzateke. Baina joan gaitezen pausoz pauso.

Animalien taxonomian (klasifikazio sistema) bertebratuak eta ez bertebratuak bereizten dira. Bertebratuak bizkar hezurra dutenak dira, era xumean esanda arrainak, hegaztiak, ugaztunak... Eta ez bertebratuak gainontzekoak (molusko, intsektu...). Bi animali mota hauek sistema inmunitarioa inatoa (barkatu itzulpen traketsagatik) daukate amankomunean; azkarra, orokorra eta orohar memoriarik gabekoa. Bertebratuak gainera sistema inmunitario adaptatiboa daukate; motelagoa (gripea sendatzeko aste osoa behar dugu) baino oso espezialdua (antigorputzak erabiltzen ditu) eta memoria duena (aspaldian garaitutako infekzioa oroitzeko ahalmena dauka hurrengoan arinago erantzuteko, txertoen oinarria dena). Honaino sarrera.

Teoria nagusiaren arabera sistema adaptatiboa, ebolutiboki modernoagoa, eraginkorragoa litzateke. Animali ez bertebratuek ez lukete sistema garatu honen beharrik izango, sinpleagoak direlako, kume asko dituztelako eta bizi laburragoak dituztelako. Baina McFall-Ngai doktoreak dioenez hau ez da guztiz egia, luze bizi diren eta aldi bakoitzeko kume bakarra duten animali ez bertebratuak bait daude. Gainera, bertebratu zein ez bertebratu, mikroorganismoen eraso berak jasan behar dituzte. Bestalde azken esperimentuek bertebratu eta ez bertebratuen arteko desberdiutasun bat erakutsi dute. Jakina da guk mikroorganismo kolonia haundiak bezain garrantzitsuak ditugula azalean zein hesteetan (usain txarra ezezik elikagaiak sortzen dituzte guretzako), adibidez. Ba kolonia hauek askoz sinpleagoak omen dira animali ez bertebratuetan. Hauek argumentuak, ondoren ondorioa.

Bertebratuok, mikroorganismo kolonia hauen onuren truke (liseriketa eraginkorra, babesa...) sistema inmunitario izugarri konplexua garatu behar izan genuen, gaitzez babesteko baina mikroorganismo onuragarriak eraso gabe. Ideia iraultzailea, zeinarean arabera garunaren konplexutasunarekin alderatua izan den sistema inmunitarioa, ez gu babesteko, baizik eta gugan bizi diren mikroorganismoak babesteko garatu dena. Zoragarria.

Oharra: Artikulurako estekan klik egin baduzue ohartuko zineten irakurketa debekatua dagoela ordaindu ezean. Holakoak dira zientzia kapitalista modernoak dakarren ideien pribatizazioaren onurak. Beste sarrera batetarako gaia.


Thursday, January 18, 2007

Denok gara John Anderton

Tira, ni ere ez nekien John Anderton nor zen wikipedian informazio hori topatu dudan arte. Eta informazio horren bila nenbilen hain zuzen ere behekaldean daukazuen bideoa ikusi ondoren (esker mila Liherri). 2002. urtean Minority Report estreinatu zenean Tom Cruise zientziologo peto petoak John Andertonen paperean holako pantaila erabiltzen zuenean harrigarria zen. Etorkizunaren irudi bera (nola ba ez zen etorkizunean egongo holako pantaila hipermodernoa erabilita?).





Bost urteren ondoren bertan daukagu, Windows Vista zoragarriaren aero bera baino "fashionagoa". Zientzia fikzioa errealitatea bihurtuta, eta gure "Numero5", HAL 9000 eta besteak oraindik eskaileretan behera humemokoa baino traketsago. Tira... Irudiok ikusita zera etortzen zait burura; zelako tarjeta grafikoa beharko da hau mugitzeko? Eta gainera Windows Vista badarama??? Zer gertatuko litzateke nire portatileko 14.1 pulgada tristeetan hatza punta lodiak garriz gauzak aukeratu nahi banitu? 32 pulgadatako portatilak beharko ditugu? Eta Windows Vista gainera????? Buff, hau buruko mina!

Friday, January 05, 2007

ADN hiltzailea


Irakurri dut New Scientist-en bertsio elektronikoan berri deigarria. Greg Hampikianek gidatzen duen taldea, Idahoko Boise State University-n, edozein organismorako hilgarriak diren ADN zein proteina sekuentziarik laburrenak bilatzen ari dira. Hau da, sekuentzia hauen edukitze hutsak heriotza ekarriko lukete. Ondorioz sekuentzia hauek ez lirateke inongo genomatan esistituko, eta hori bera da sekuentziok topatzeko darabilten estrategia, sekuentzien datu base erraldoiak erabiliz. Jadanik 11 nukleotido luze diren 86 sekuentzia topatu dituzte giza genoman agertzen ez direnak (nullomers deitutakoak espezie batean agertzen ez badira baina bai aldiz besteetan). 15 nukleotido luzerako 65000 sekuentzia topatu dituzte inon agertzen ez direnak (primers deitzen dituztenak). Hurrengo pausoa sekuentzia hauek benetan hilkorrak diren probatzea litzateke bai bakteria zein giza zelula kultiboetan sartuz.

Proiektu bitxia izatez, gaur egungo zientzia proiektuen bidea jarraitzen du honek; hipotesirik sinpleenetik abiatuz (inongo hipotesirik badago) lorpen handien bila indar hutsa erabiliz (datu base erraldoietan bilaketak egitea). Dudik ez interesgarria izango dela sekuentziok topatuko balira, baina nire kezka da hemendik zer edo zer ikasiko ote dugun (zientzia deskriptiboaren aroan dagoen arazoa). Izan ere litekeena da sekuentzia hilgarri hoiek ezpezie espezifikoak izatea, baina baita organo edota ehun espezifikoak. Baita egoera fisiologiko berezi batekiko espezifikoa. Bestalde behin sekuentzia topatuta bere funtzioa nola betetzen duen topatu beharko litzateke, eta hori da gaur egun zientziak duen arazorik larrienetakoa, hots, proteina baten funtzioa topatzea. Moda modako proiektua.