Thursday, March 15, 2007

Ados egoteko hitzegin beharra, zientzilariek diote


Giza jokaeraren modelizazioari esker zientzilariek ados jartzeko komunikatu beharra deskubritu dute. Halajaina, hori neuk ere banekien!, esango duzue. Ba bai, ustea geneukan, baina ustea askotan erdi ustel.
Emaitza hauek inongo demostrazioa denik oraindik ikustear dago, baieztatu daitezkeen aurreikuspenak egiteko gai izan beharko bait luke. New Scientist-eko berriak dioenez gizakion arteko harremanak hobe ulertzeko lagundu lezake, ideia politikoen polarizazioa edota hizkuntzen bereizketari azalpena emanez, adibidez.
Modelo honetan ikertzaileek populazioa bi taldetan banatu zuten. Ondoren talde hoietako pertsona bakoitzari iritzi boolearra eman zioten, hau da bai ala ez, eskuin ala ezker, demokrata ala errepublikarra, bakoitzari era aleatorioan. Behin modeloa martxan jarrita populazioko pertsona bakoitzaren eritzia bere harremanen araberakoa da. Bere harremanen gehiengoak baiezko eritzia badauka, berak ere baietz, "eguzkia nora zapiak hara" klasikoa.
Modelizazioak aurrera joan ahala zera ikusi zuten, talde bakoitzeko pertsona guztiak ados jartzen zirela laster. Talde biak ados edo aurka egotea erabat zorizkoa zen, baina hori bai, behin taldeak eritzi bat hartuta hala jarraitzen zuen betiko. Zientzilariek orduan bi taldeen arteko komunikazio bideak gehitzen hasi ziren. Hasieran ezer gerttu ez bazen ere behin komunikazioak maila jakin batera iristean bi taldeak berehala jartzen ziren ados.
Hau da, komunikaziorik gabe bi taldeak ez dira ados jartzen. Komunikazioa egonik ere maila jakin bat lortzen ez bada adostasuna ez da sortuko, baina maila kritiko horretara iristean adostasuna bapatekoa da.
Interesgarria iruditu zait, beste arrazoi batzuren artean, orain dela hilabete batzuk idatzitako sarrera honetan giza jokaeraren kuantifikazioaz hitzegiten nuelako. Eritzi politiko jakina, janzkera jakin batekin, hizkuntza jakin batekin eta maila ekonomiko jakin batekin lotua doalako askotan. Modelo matematiko honek azaldu lezake zergatik, talde horien elkarren arteko komunikazioa eskasa delako. Eta hala dela uste dut, bai, baina jakina, usteak erdi ustel...

2 comments:

Anonymous said...

Beno, orain, gure politikoek irakurri dezatela artikulua ea behingoz enteratzen diren... dena den, beraien ingeles mailarekin ez dira ezertaz enteratuko jejeje.

makilakixki said...

Egia, hala izan beharko luke. Baina egia esanda ez dut uste politikoek inongo intenztiorik dutenik komunikazioa sustatzeko. Heuren ikuspuntutik komunikazioa eta informazioa arriskutsua izan daiteke, pentsamendua sustatu bait dezake. Baina modelo honen ikuspuntutik ere ez da oso komenigarria. Komunikazioa badago jende gehiago zeureganatzeko aukerak dituzu besteari kenduz, baina zeure botu emaleak ere gal ditzazkezu. Arriskutsuegia. Hobe bakoitzak bere merkatua gorde eta eritzirik ez dutenen bila joan. Horrela jokatzen dute politikoek, nahiz eta artikulu hau ulertzeko gai ez izan. Instintoa ote?