Egia esanda ez nuen aldaketa klimatikoari buruz hitzegiteko asmorik. Nire eritzia oinarri eskaxa duela onartzen dut (batez ere Michael Crichtonen State of Fear liburuak izan zuen eragina), eta ondorioz ez zitzaidan zilegi iruditzen oinarri zientifikorik gabeko eritzia agertzea (hainbat alditan jokaera hori bera kritikatu eta gero). Baina gaur zenbait blogek (Genciencia, Barrapunto) gai honen inguruan National Geographic-eko webgunean agerturiko berria zabaltzen zuten.
2005ean NASAko Mars Global Surveyor eta Odyssey misioek igorritako datuen harabera, Marteko poloetako karbono dioxidozko izotz geruzak txikiagotzen ari dira. Hau da, Marte, Lurra bezala, berotzen ari da. St. Petersburgoko Pulkovo astronomi behatokiko nagusia den Habibullo Abdussamatov-en arabera Marteko beroketa eta gure planetako beroketa kausa bera edukiko lukete, hots eguzkiak igorritako erradiazioaren igoera. Habibullo Abdussamatov-en arabera eguzkia izango litzateke gure aldaketa klimatikoaren arrazoi nagusia, eta ez giza eragina.
Oraindik ez da inolaz ere demostratu hau egia denik, eta izan ere interpretazio honek aurkari asko omen ditu zientzilarien artean. Hain zuzen ere otsailan plazaratutako IPPC txostenaren ondoriorik nagusienaren arabera, zeinean 620 adituk hartu zuten parte, gizakia aldaketa klimatikoaren errudun nagusia da (ikus laburpen hau).
Eztabaida honek jarraitzen duen bitartean etengabe jasan beharko dugu hainbat hedabideetan inongo eztabaidarik gabeko sentsazionalismo klimatikoa. Gizakiak eragindako aldaketa klimatikoa ez bait da eztabaida zientifikoa, baizik eta faktua, egia hutsa, inork kritikatuko ez lukeen ezer, eta igogailuan bizilagunarekin topatzen zarenean atera beharreko solas erosoa.
Oharra: Giza jatorrizko aldaketa klimatikoarekin kritikoa den blog hau gomendatzen dizuet.
No comments:
Post a Comment