Friday, September 19, 2008

Eguzkiaren antzeko izarraren inguruan biraka dabilen planetan guri begira inor balego...

Ikusi duzue eskuinean dagoen irudia? Eguneko Astronomia Irudia da. Ingeleraz Astronomy Picture of the Day deitzen dena (edo APOD, anglesa hiztunek hain gogoko duten akronioak erabiliz). Tira, eguneko astronomia irudia NASAk egunero plazaratzen duen astronomiarekin zerikusia duen irudi edo argazkia da ( izenak berak dioen gauza bera baino apur bat luzatuta, azalpen itxura izan dezan). Argazki interesgarriak orokorrean, zientziaren gertaera berrienekin zerikusia dutenak gehienetan, eta oso ondo azalduta guztietan.


Gaurkoan (2008ko Irailaren 19-an) gurea bezalako izar baten inguruan biraka dabilen planeta baten lehenengo argazki zuzena (orain arte zeharkako arrastoak erabili izan dira) erakusten dute. Txundigarria. Gure begiradaren aurrean hortxe dago planeta. Hain urruti (500 argi urte besterik ez!) eta hain antzekoa. Eta aldi berean hain desberdina izan daitekeena. Badirudi, imaginazioaren begiarekin fito fito so egiten badiogu, planeta horretan, txundituta ere, guri begira dagoen hizaki bizidun bat dagoela, bere buruari gu nolakoak garen galdezka. Berehala ordenagailutik (edo dena delakotik) altxa eta bere betiko zeregin estralurtarrekin, arrotzekin jarraitzeko. Izugarria.

Zoritxarrez estralurtar horren planetaren inguruan biraka dabilen izarra (eta ondorioz planeta bera ere) gazteegia da (milioi urte gutxi batzu besterik, gure eguzkiaren 5000 milioi urteen ondoan) bizitza eta are gutxiago adimena edukitzeko (planeta ere handiegia da, gure Jupiterren 8 aldiz halakoa). Ze pena. Baina hor egongo balitz...

Hemendi aurrera, zuen blogik kuttunenean, Eguneko Astronomia Irudia izango duzue egunero ikusgai. Ez ezazue Eguneko Astronomia Irudia Tartaloren Ikusmiran egunero bisitatzeko aukerarik galdu gero!

No comments: