Sunday, December 09, 2007

Igel emeek beste espezieko arrak dituzte nahiago


Espezie ezberdinen arteko ugalketa (hibridazioa) ebolutiboki zigortuta izan ohi da. Igel espezie batek, berriz, beste espezie batekin ugaltzen da garai txarrak gainditzeko.

Bi espezieren arteko ugalketa ez da oso arrunta naturan. Bien arteko diferentzia genetikoek gehienetan ezinezkoa egiten dute ernalketa, eta bidezkoa denean ere ondorengoen ugalkortasuna gutxitu edo hutsean geratzen da (denon ezaguna da mandoen kasua). Arrazoi honengatik, espezie ezberdinen arteko ugalketa ekiditua izan ohi da. Baina ez beti.

Spea generoko bi espezie (Spea bombifrons eta Spea multiplicata) ekarrekin bizi dira ipar amerikako putzuetan. Putzu hauek, azalekoak izanagatik, lehortu ohi dira. Bizirauteko, zapaburuek putzua idortu baino lehen igel bilakatu behar dute. Normalean astia badaukate ere, zenbaitetan, arrazoi klimatologikoak direla medio, putzuak lenenago lehortzen dira.
Garai idor hauetan S. bombifrons espezieko zapaburuek desabantaila daukate, motelago hazten bait dira eta ondorioz biziraupen tasa asko murrizten bait zaie. Baina ez pentsa...

S. bombifrons emeek garai lehorretan ugalketa ohiturak aldatzen dituzte, beste espezieko arrekin ugaltzeari ekinez. Honela, sortutako zapaburu hibridoak arraren espeziekoak bezain azkar haziko dira. Zoritxarrez, sortutako igel hibridoak ugalkortasun murriztua daukate (arrak antzuak eta emek arraultzen erdia jartzen dute), baina hala eta gutiz ere pena merezi omen die.

Ez omen da espezie ezberdinen arteko ugalketa kasu bakarra (hemen adibide batzu). Bitxia da baina, orokorrean kaltegarria den gauza, eta ondorioz ekiditua izan ohi dena, S. bombifrons igelen kasuan egoera jakin batean abantila izateagatik erabilia izatea.

Berria eta artikulu zientifikoa irakurri ondoren hainbat galdera geratu zait erantzun gabe. Adibidez, nolakoak dira hibridoen ugalketa ohiturak? S. bombifrons espeziekoak hala S. multiplicata espeziekoak? Kasu bietan, bestelako indar ebolutiboak kontutan hartu gabe, bi espezieak pixkanaka bateratu litezkeela pentsa genezake. Posible ahal da hau? Nahiko ezagunak dira espeziaziorako (espezie berriak sortzeko) mekanismoak, baina zenbateraino da arrunta espezie ezberdinak bat egitea?


No comments: