Showing posts with label gogoeta. Show all posts
Showing posts with label gogoeta. Show all posts

Thursday, January 24, 2008

Hizkuntza gutxituak eta fisika kuantikoa

Eguzkia eta izarrak Micmac tribuaren petroglifoan

Hainbestetan entzun dugu eta entzun beharko dugu euskaldunok holako edo antzeko hitzak "aprender eusquera para que?" erdaldunen ahotik. Nahi nukeen erantzun objetibo eta atzera-bota-ezina ez dut inoiz izan, nire ezinegonerako (nirea bezalako garun zientifiko erradikalarentzako subjetibotasuna ez da erantzun erosoa). Hizkuntza gutxituen balioa defendatzea zaila da artea eta kulturaren inguruko balioari buruzko kontsentsurik ez dagoen garai hauetan.

Eboluzioaren ikuspuntu batetik, barietate genetiko eza desagerketaren bezpera da. Horren arabera, gizarte homogeneo bat, hizkuntza, artea kultura eta ideien ikuspegitik, bizirauteko aukera eskaxak izango lituzke. Baina biologian demostratua izan dena, gizartean espekulazio hutsa litzateke eta espekulazioa argumentu pobrea da oso.

Nire zorionerako urtarrileko New Scientist aldizkarian hizkuntza gutxituak eta fisika teorikoa lotzen dituen artikulua topatu nuen. Niels Bohr fisikari apartak honela laburtu zuen aspaldi: "Fisikaren betebeharra natura ikastea dela okerra da. Fisikak aztertzen duena naturari buruz esan dezakeguna da".

Pasadizo baten bitartez ulertu daiteke hobe ideiaren gakoa. Heisenberg fisikari bikainak 1925. urtean mekanika kuantikoaren ateak irekiko lituzketen oinarrizko ekuazioak garatu zituenean, berehalako ondorioetariko bat ziurgabetasun printzipioa izan zen. Honen arabera ezin dugu elektroi baten abiadura eta posizioa batera zehaztasunez jakin. Heisenberg-ek emandako analogia intuitiboa ondokoa litzateke; Imaginatu elektroi bakarra ikus dezakeen mikroskopioa, fotoi bakarra erabiliz. Elektroiaren kokapena ikusteko fotoi bakarra erabiltzen da. Ondoren beste fotoi baten bidez abiada neurtzen du. Baina fotoi honen bultzadaren ondorioz, elektroiaren posizioa aldatu egiten da. Azkenean, bata hala bestea, abiadura hala posizioa jakin dezakegu, baina ez biak batera. Heisenbergek bere maisua zen Bohr fisikari apartari azalpena ematean, azken honek ez zuen oso begi onez ikusi, izan ere Heisenbergen interpretazioaren atzean elektroiak billar bolen antzekoak zirelaren ideia bait zegoen. Bohr-en arabera ideia klasiko hauek ez dute zertan mekanika kuantikoaren mundua isladatu behar. Elektroiek ez dute zertan posiziorik ez eta abiadurarik izan behar. Aldiz, guk ulertu ditzazkegun kontzeptuak erabiltzen ditugu, errealitatearekin zerikusirik zan ez ditzazketenak. Fisikaren oinarrian hizkuntza eta pentsatzeko moduarekin lotuak dauden asumitzeak bait daude.

1992. urtean David Bohm, David Peat eta gaur egungo beste zenbait punta puntako fisikari batzu "oinbeltz", Micmac eta Ojibwa tribuetako jakitunekin elkartu ziren, algonkiar familiako hizkuntzen berezitasunak ikasteko. Zientzialari hauen harridurarako, indiar hauen hizkuntzek, eta hizkuntza hauen muineko kontzeptuek, askoz hobe isladatzen zuten mekanika kuantikoaren mundua ingelera eta oro har edozein europar hizkuntzak baino.

Artikulua honako esaldiarekin bukatzen da: "Beste motatako hizkuntzen ikasketak munduaren bestelako ikuspegietara irekitzen gaitu, kosmosari buruz hitz egiteko era osagarrietara irekitzen gaitu. Honela irekitzeak aurrera jarraitzeko inspirazioa eman liezaioke fisikari".

Ezer gutxi daukat esateko, aurreko esaldiak nire ideiak ongi baino hobeto laburtzen bait ditu. Hizkuntz ezberdinetan, ideia ezberdinetan, kultura ezberdinetan, ikuspegi ezberdinetan, arazoei konponbide ezberdin eta hobeak emateko gakoa egon daiteke.

Iturria: New Scientist.

Gehigarria: Gaur bertan jakin izan dut Eyak hizkuntza hitz egiten zuen azkenengo gizasemea zendu dela. Teoria bateratua lortzeko aukera galduta? Minbizia sendatzekoarena agian?

Thursday, January 17, 2008

2007 urterrik beroena, hotzena ala aurkakoa?

Sarrera laburra gaurkoan. Nekeak jota jarioak gainetik ikuskatzen ari naiz eta horra non berri bitxia topatzen dudan. Barrapuntoren arabera, 2007 urterik hotzena izan da azken aldian. Expansion aldizkari digitaletik ateratako berria da. Bitxia da hilabete bat lehentzeago El Paisko bertsio digitalean (askoz zailagoa da bertsioa analogikoa ikustea) 2007-a urterik berena izan omen da aspaldiko partez.

Biak oker egotea sinestea kosta egiten zait (aldizkari ezagunak dira biak), baina egia da ere berri biak bateratzea zaila dela, azalean behintzat. Baina ezaugarri beretsuak dituzte bi berriek: BAT, ematen dituzten datuen iturriak ez dira inon ageri. Harrigarria da nola komunikabide klasikoek era digitalera eta sarera jauzia eman badute ere, era guztiz klasiko eta "analogikoan" idazten duten oraindik. Inongo estekarik ez, inongo iturririk ez. Berrietan sakontzeko aukerarik ez eta berriak egiaztatzeko ere (eta kritikatzeko ezta ere, noski). BI, datu ziztrin batetik ondorio haundiak atera nahi. Zer esaten digu 2007ko batazbesteko tenperaturak aldaketa klimatikoari buruz? Ezertxo ere ez. Klima espaziodenbora eskala haundietan ematen da. Urte bakar batetik ezer gutxi ikas daiteke, batez ere inongo analisi estatistikorik gabe.

Guzti honek zera pentsarazi dit (aldaketa klimatikoaren afera alde batera utzita), komunikabide klasikoak zeinen eskasak diren baliozko informazioaren iturburu bezala zientzia arloan. Zientzia arloan diot oso hurbil dudan arloa delako, baina eta gainontzeko arloetan?

Gehigarria: Komunikabide klasikoen gabeziak ikusita are gehiago larritzen nau Italian ematen den blogen zentsura kontrola.