Sunday, September 30, 2007

Intsektu-bakeria hibridoak


Dibulgaziozko hedabideetan genoma, ia beti, instrukzio sorta estatiko bezala azaldu izan da. Zenbaitetan, adibidez, entziklopedia erabili izan da genomaren simil bezala (hortik dator agian transgenikoek sortzen duten ikara). Baina ikuspegi hau intuitibo bezain okerra da.

Genoma (baita gu H. sapiens-ona ere) dinamikoa da oso, etengabeko aldaketa eta berregituraketa jasaten duena. Intsektu batzuk marka hautsi dute baina, bere genoman bakteria baten genoma oso osorik bereganatzean.

Wolbachia pipientis bakeria parasitoa da, intsektuen artean arrakasta izugarria duena. Izan ere, bakteria honek intsekuen % 20a infektazen du. Parasito hau emeen ugal zeluletan dago, eta ondorioz, amaren bitartez pasatzen da hurrengo belaunaldira. Parasitoaren ADN-ak emearen ugal zelula baten genomarekin bat egin omen zuen behin (gutxienez), eta hortik aurrera belaunaldiz belaunaldi intsekuen genomaren parte bihurtu da.

Ez da animali baten genoman bakteria geneak topatzen diren lehenengo aldia, baina orain arte kontaminaziotzat hartuak izan dira. Kontaminazioa baztertzeko, ikerlariek intsektuen larba desinfektatuak erabili zituzten. Honela, ozpinaren euliaren hainbat barietadetan Wolbachia bakteriaren genoma osoa dagoela baieztatu ahal izan zuten.

Baina geneak hor egoteak ez du esan nahi funtzioa edukitzeko beharrezkoa den ADN->ARN->proteina bidea osatzen dutenik. Lehenengo ikerketek erakusten dutenez, intsektuen genoman topatutuko Wolbachiaren geneen %2-a behintzat ARN bezala transkribatzen da. Intsektuareu fisiologian funtziorik betetzen ote duten ikustear dago.

Genoma transferentzia hau intsektuetara mugatzen da? Oraindik ez dakigu. Badakiguna zera da, giza genoma sekuentziatu zenean kontaminaziotzat hartutako hainbat bakteria sekuentzia agertu zirela. Birusen sekuentziak aspalditik dira ezagunak giza genoman (HERV, Human Endogenous RetroVirus deitutakoak), baina birus askok bizi zikloaren puntu batean gure genoman integratu behar dute nahitanahiez (ezpainetako herpes virusak adibidez gure bizi osorako sartzen zaigu gure genoman).

Jakina da HERV batzuen proteinek funtzio garruntzitsuak dituztela gizakion fisiologian (embrioiaren inplantazioan, adibidez). Ez litzateke hain harrigarria ere gure eboluzioan bakteria baten genoma geureganatzea eta denborarekin gene hoiek funtzio ezberdinetarako erabili izana. Izan ere aspaldi, oso aspaldi, orain gure mitokondriak direnak bakteria askeak ziren. Eta orain, aspaldi bakteria hoien geneak zirenak, gaur egun gure genoman daude. Azken finean gu guztiok transgenikoak gara.

Oharra: Berria lehendabiziko aldiz Science aldizkarian izan zen argitaratua, nik Natur-en irakurri nuen arren. Bai Science, baita Natur aldizkariek ere ordaintzera behartzen dute berria irakurri ahal izateko. Zientziaren eta orohar informazioaren mugimendu askearen aldeko naizenez, ez dut bi aldizkari hauen estekarik jarriko. Bai ordea New Scientist-ena, berria debalde eskeintzen duena, hementxe.

No comments: