Saturday, August 04, 2007

Ezgaituak eta ezjakinak

Berriz ere ezjakintasunari buruzko gogoetarekin nator (kasualidadea ote?). Gaurko honetan aspaldi argitaratutako ikerketa bada ere, nire bizitzako hainbat pasarte “ezeroso” azaldu ditzazkeelako agian iruditu zait interesgarria.

Laburpenaren laburpena honakoa litzateke: Pertsona ezgaituek (lan edo ataza jakin batean trebeziarik ez dutenak), gaitasun eskaxak izan ezezik heuren gaitasun ezaz ohartzeko ahalmenik ere ez dute, ez omen dira euren ezgaitasunaren kontziente (hizkera teknikoan gaitasun metakognitibo eza). Gainera, gaitasuna gainontzeko pertsonetan ikusteko gai ere ez dira. Honek dakarrena zera da, jende ezgaiak heuren burua gainontzekoen gainetik baloratuko dute, eta nahiz eta pertsona trebeagoen gaitasun haundiagoaren lekuko izan, oraindik ere heuren burua gainetik ikusiko dute (Dunning-Kruger efektua).

1999-an Journal of Personality and Social Psychology aldizkari espezializatuan argitaratutako ikerketaren helburua jendeak bere burua eta abileziak baloratzeko ezgaitasuna azaltzea zen. Joera bitxi honen adibidea “batazbestekoaren gaineko efektua” litzateke, hots, jende orok bere burua batazbestekoaren gainetik baloratzeko joera. Aski soberan dago esatea honek estatistikarekin bat ez datorrela (ezinezkoa da jende guztia batazbestekoaren gainetik egotea, definizioz).

Ikerlan honetan trebetasun ezberdinak aztertu zituzten, hots, umorea, gramatika eta arrazoiketa logikoa. Kasu guztietan, ezberdintasun xumeak gorabehera, efektu bera ikusi zuten; geroz eta gaitasun gutxiago, orduan eta akats haundiagoa norberaren gaitasuna baloratzeko. Horretaz gain, gaitasun eskaxa zutenak (ez ordea trebeenak) ez ziren heuren akatsa zuzentzeko gai nahiz eta gainontzekoen emaitzak ikusi (gehienak hobeak, noski). Baina badago gaitasun metakognitiboa hobetzeko modua, gaitasunaren exekuzioan hobetzearen bidez. Gaitasun gutxikoei ataza ongi egiten irakasten zitzaienean (ataza jakin horretan gaitasun haundiagoa izateko) gaitasun metakognitiboa ere lortzen zuten. Halegia, ataza zehatz bat egiteko eta gaitasun hori baloratzeko erabiltzen diren garunaren atalak berdinak omen direla.

Ondorioa, latza. Imajina ezazue ardura haundiko postu batean gaitasun eskaxeko pertsona dagoela (ez zaigu baina zaila egingo imaginatzea). Egingo dituen erabaki txarrez aparte, bere kabu hobetzeko inongo aukerarik ez dago, horretarako erreferentziarik ez bait du. Hare okerrago, bere esku pertsona gehiagoren etorkizuna badago, ez da inolaz ere gaitasun haundiko pertsonez inguratuko (txiripa hutsez ez bada behintzat). Geure buruari ere aplika diezaiokegu. Geure burua baloratzeko ahalmenik ez izateaz gain, balorazio hori egiteko pertsona topatzeko gai ez bagara, nola jakin genezake gauza zehatz bat ongi hala gaizki egiten ari ote garen?

Artikulu honen azalpen trebeagoa Fogonazos blogan eta zehatzagoa wikipedian. Eta hementxe artikulua, irakurri nahi duenarentzat.

5 comments:

Unknown said...

Mila esker artikulu interesgarri honengatik. Egia esan orain ulertzen ditut gauzatxo pare bat :-D. Harrigarria bada ere, artikulu hau irakurri ondoren pertsona ezgaitu pare bat ezagutzen ditudala konturatu naiz, eta hare harrigarriagoa dena (zeozer esateagatik) euren ardurapean ikasleak zituzten; zer demontre ikasiko zuten gaixo hauek!!! Ezer ikasteaz aparte, gainera tratu txar psikologikoak jasan behar izan zituzten ideia interesgarriak izateagatik (nagusiarenak baino hobeak, noski). Bitxia benetan, gauza hauek oinarri zientifikoak izatea. Berriro ere, MILA ESKER!! eta jarraitu idazten, oso interesgarria baita zure blog-a.

makilakixki said...

Mila esker zuri, Lorena. Zuk diozunagatik hautatu nuen berri hau blogerako. Izugarri poztu ninduen hainbestetan pentsatutakoa oinarri zientifikorik edukitzea. Zoritxarrez ikerketa honek dioena bigarren aurpegi bat dauka (doble filo esaten dena). Nola demontre jakin ezgaia norbera ez ote den? Hau da, nor da ezgaia, nire nagusia hala ni? Asko pentsatu dut honetan, eta irtenbide bakarra gaitasuna neurtzeko era objetiboa da. Zure kasuan argi dago, titulo batek argi esaten dio munduari zure gaitasuna nolakoa den. Baina holako froga independiente/objetiborik gabe nola jakin?

Anonymous said...

jeje bueno, uda osoan blog hau kontsultatu gabe utzi dut, a ze akatsa !!! artikulu oso oso interesgarria, baina beldurgarria ere !! nire G.Bush etorri zait gogora, ez dakit zergatik...

Anonymous said...

Bide batez, Euskaltegiko irakasle batek esaten dit "EUREN" hatxerik ez duela...

makilakixki said...

Mila esker Iker zuzenketagatik. Gehienetan artikuluak kalean, autobusean eta holako egoeratan idazten ditut (ahal dudanean hain zuzen). Ondoren etxean zuzendu, txukundu eta argitaratu egiten ditut, baina "heuren" horrek ihes egin dit. Harritzekoa litzateke hori akats bakarra izatea!