Sunday, February 24, 2008

Giza eboluzioaren onarpena/ukapena



Goian ikus dezakezuen grafikak zeharo larritu egin nau. Science aldizkariak 2006. urtean argitaratutako lan baten zati da, zeinean hainbat herritako populazioak eboluzioarengan duen iritzia aztertzen zen. Hain zuzen ere honako adierazpena luzatu zitzaien: "Gizakia, gaur egun ezagutzen dugun bezala, aurreko animalietatik garatu da". Goiko irudia osatzeko hiru erantzun posible aztertzen ziren: "egia", "gezurra" eta "ez dakit". Grafika sinple honetatik hainbat ondorio atera balitezke ere, ni analisi xalora mugatuko naiz. Lanaren analisi sakonerako, berriaren iturrira jo dezakezue (nola ez, lana irakurtzeko ordaindu behar. Gora ezagutza zientifikoaren kapitalizazioa!).

Lehenengo ondorioa, ikusgarria izanagatik, Estatu Batuek (Berria aldizkarian idatziko luketen bezala, AEBk) lortzen duten emaitza. Estatu batuarren %40 giza eboluzioaren aurka dago. Beste ehuneko %40 ados, eta %20k ez daki. Hots, AEBko populazioaren %60k ez du eboluzioa ontzat hartzen! Ikerketan agerturiko herrien artean Turkia dago soilik bere atzetik. AEBk mendebaldeko kulturaren esportatzaile nagusiak direla kontutan hartuz, kezkatzekoa delakoan nago. Eta nola bateratu lan honetako emaitzak munduko zientzia potentziarik haundiena izatearekin? Bizitzaren komeriak...

Bigarren, Espainiako emaitzak. Lehenengo begirada batetan nahiko emaitza onak dirudite, izan ere (lehenengo pertsona erabiliko dut Euskal Herriko emaitzak bertan sartuak daudela suposatzen bait dut) zerrendako lehenengo herenean kokatzen bait gara, Belgika eta Alemania bezalako herri garatuen artean. Baina zenbakietara so eginez, ikus daiteke gutxi gora behera populazioaren %25 ez duela gizakiaren eboluzioa onartzen (aurka daudenak eta ez dakitenak batzen baditugu). Biztanleen laurdena! Zure inguruan dauden lau gizasemeetatik bat! Ez ahal da hori larritzekoa?

Orain gutxi arte ez nuen inolaz ere pentsatuko ondoren esango dudana azaldu behar zenik ere. Baina badirudi oraindik ere beharrezkoa dela argitzea eboluzioaren teoria dauden teorien artean sendoenetarikoa dela. Edo sendoena agian. Erlatibitatearen teoria baino sendoagoa dela ere esango nuke (irakurleen artean fisikaririk balego, bere eritzia jakitea gustatuko litzaidake, baina baita beste edonorena ere, noski). Etengabe aberastuz doana, etengabe komunitate zientifikoak eztabaidatua, etengabe berrikusia. Baina beti baliogarria. Orain arte behintzat. Baliogarria ez dela ikusten denean/baldin bada orduan jarriko dira zientzialariak lanean teoria osoago baten bila. Horrelakoa da zientzia.


Iturria: Microsiervos.

2 comments:

Anonymous said...

Ez nau batere harritzen, unibertsitatean, lehenengo mailan, "Historia Universal Contemporanea" izeneko ikasgaia geneukan eta apaiz zahar batek ematen zuen eskola. Ba, ikasgaiaren programa, horrela hasten zen: 1. La Creación, 2. El Pecado Original...

XXI. mendean "eliteko" unibertsitate batean halako ikasgaiak ematen badira ulertzekoa da munduan dagoen ezjakintasun zabala. Aio !

Iker

makilakixki said...

Barkatu, baina "Historia Universal Contemporanea" esan duzu? Real Academia Españolak honela dio "contemporanea" hitzari buruz:

1. adj. Existente en el mismo tiempo que otra persona o cosa. U. t. c. s.

2. adj. Perteneciente o relativo al tiempo o época en que se vive.

3. adj. Perteneciente o relativo a la Edad Contemporánea.

Eta "Edad Contemporánea"-ri buruz honakoa:

1. f. edad histórica más reciente, que suele entenderse como el tiempo transcurrido desde fines del siglo XVIII o principios del XIX.

Beraz, apaiz zahar horrek zer esan nahi zuen:

a) Hain zaharra dela, berarentzako sorkuntza atzoko gauza dela?

b) Sorkuntza XVIII. mendean izan zela?

c) Bera izaki transdimentsionala dela eta aldi berean XX. mendean eta sorkuntzako garaian bizi dela?

Nik uste tipo hura iraultzailea zela oso.