Denetarik entzun dezakegu gaur egun aldaketa klimatikoari buruz. Gore jaunaren diskurtsoa nagusiena izanik ere bestelakoak ere entzuten dira. Blog honetan jada aldaketa klimatikoari buruzko iritzi ez ortodoxoak agertu dira. Atzo, Iruñeako planetarioko zuzendaria den Javier Armentiak ere, Diario de Noticias egunkarian IPPC erakundearen txostenetan aldaketa klimatikoaren inguruan emaniko ikuspegia epeltzat hartzen zuen.
Atzo ere Navarra Confidencial web gunetik bidaltzen didaten spam-ean ere aldaketa klimatikoaren gaia zen nagusi. Navarra Confidencial gunean eguneko berri nagusiei mamia ateratzen saiatzen dira, del Burgoren ildo politikoa, Telecinco-ko El Buscador saioaren kazetaritza kalitatea eta Zaplanaren arropuzkeria gidatzat dituela.
Esan bezala, aldaketa klimatikoa zen gai. Izenburuan galdera luzatzen zuten "Es real el calentamiento global en Navarra?". Nafarroako klimatologia webguneko datuak hartuta (Noainekoak soilik eta 1997-tik 2005-era) hiru grafiko aurkeztu zituzten, urteetan zehar izan diren batezbesteko tenperatura, prezipitazioak eta izozketak erakutsiz (behean ikus daitezkeenak hain zuzen). Ondoriorik ez dute ateratzen, haien esanetan irakurleak atera ditzala nahi dutelako.
Tenperaturak:
Prezipitazioak:Izozteak:
Kazetaria ez naizen aldetik, kazetaritza arloko akatsak ezin ditut eman, baina akats zientifikoak izugarriak dira:
1) Beroketa globala globala da, hots Lurra planeta osoari dagokiona, eta ez tokian tokikoa. Nafarroan ezin da beroketa globalik eman, nahiz eta horren ondorioak soma litezkeen.
2) Erabilitako datuak Noainen hartutakoak dira, beraz, zaila da sinestea Nafarroa osoa ordezkatzen dutenik. Ondorioz, haiek botatako galderari ezin diote erantzunik eman.
3) Lehenengo datuak 1997-koak dira. Beroketa globala erakusten duten tenperaturaren datuak gutxienez 1970. hamarkadan hasten dira, nahiz eta XX. Gizaldian edo eta iraultza industrialean ere izan daitezkeen (ikus wikipedia). 8 urte denbora laburregia da inongo joerarik demostratzeko.
4) Erakusten dituzten grafikek, bitxia da, beherantzko inklinazioa daukate, edozein igoera ikusteko zailagoa delarik. Holako grafikek, nahiz eta erakargarriagoak izan, ez dute inondik ere balio joerarik erakusteko.
Ondorioz, datu oso eskaxak era oso ezegokian aurkeztuak, zentzurik ez duen galdera erantzuteko. Gai oso konplexua, era oso sinplean aurkeztua. Irakurleek inolaz ere ezin izango lukete egoera honetan ondorio onik atera. Nahita hala nahi gabe, desinformazio hutsa.
No comments:
Post a Comment